“Asko ikasteko aukera izan dut, aberasgarria izan da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:19

Josu Amilibia Alsua   
EH Biilduko hautagaia Adunan.

37 urte. Donostiarra, Adunan bizi da. Enpresa zientzietan diplomatua, enpresa logistika eta kudeaketa ekonomikoan aritzen da.

Amaitzear den legealdia oso modu berezian hasi zen Adunan. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Egun bereziak izan ziren. Herritar askok ezin genuen hauteskundeetarako zerrendatan parte hartu, eta hori zela eta, ez genuen EH Bilduren zerrendarik osatzerik lortu. PP alderdiak zerrenda aurkeztu zuenean etorri zen ezustekoa, hura baitzen hautagaitza bakarra. Botu zuriaren aldeko lanketa berezia egin zuten herritarrek eta PP-k ez zuen lortu beharrezko zuen botuen %5a. Etorkizunari begira bi aukera nagusi zeuden; aurreko Udal taldeari jarraipena ematea, edota gestora bat izendatzea. Talde berdinak jarraitzea erabaki genuen azkenean. Hauteskudeetatik bederatzi bat hilabetera, alkate aldaketa egin genuen: Arantza Aburuza alkate ordetzara pasa zen, eta neroni alkatetzara.  

Legealdiaren zein irakurketa egiten duzu?
Ekimen ezberdinak aurrera ateratzea lortu dugu. Hondakinen gaiaren inguruan, esaterako, lanketa handia egin dugu, eta oso emaitza onak ari gara jasotzen. Hirigitzari dagokionez, ermita aldeko errepidearen berrikuntza egiteko moduan izan gara, Foru Aldundiarekin elkarlanean. Jende askok erabiltzen du espaloia, Adunarako joan-etorriak oinez egiteko eta, ibilgailuentzat ere seguruagoa da. Herrirako oso positiboa izan dela esango nuke. Miravalles mehatzeetako betelanek ere lan handia eman ziguten legealdi hasieran. AHTren eraginez Goiburun egitekoak ziren betelanak saihestu eta Miravalles mehatzeetara bideratu ziren; bi arazori konponbidea ematea lortu genuen, erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker. Kirol arloari dagokionez, aspaldidanik Plan Orokorrean sartuta zegoen kirol pista garatzea lortu dugu. Aisialdirako falta zen azpiegitura garrantzitsuena zen hori, eta egina geratu da. Kirol eta aisialdirako diru-laguntzak igo ditugu gainera, eta adinduentzako ekintzak ere sustatu ditugu. Horrez gain, haur eta gazteen lokalak martxan jartzea lortu genuen eta datorren legealdiari begira gazteekin lanketa berezia egin nahi genuke.

Berria zinen alkate lanetan. Zer nolako bidea izan da zuretzat?
Gai ezberdinen inguruan asko ikasteko aukera eman dit alkatetzak; oso bide aberasgarria izan da. Eskualde mailan ere oso talde polita osatu dugu eta gustura aritu gara lanean. Bestalde, ardura handia ere bada, eta urduritasun puntua ere eman izan dit, baina irakurketa orokorra oso positiboa da.

Nolako taldea osatu duzue datozen hauteskundeei begira?
Ikuspuntu ezkertiar eta abertzalea dugun jendea elkartu gara. Talde anitza izatea nahi genuen. Parekidetasuna zaindu nahi genuen, baita adin ezberdinetako jendea batzea ere. Zerrenda ikusita, lortu dugula iruditzen zait.
Ni naiz hautagaitzan errepikatzen duen bakarra. Udalean aurpegi berriak ikustea herriarentzat onuragarria izango dela uste dut. Lehen hilabeteetan niri egokituko zait gainerakoei azalpenak ematen joatea eta ikasketa prozesu horrek lan pixka bat emango digu, baina erronka polita izango da.

Zeintzuk izango dira datorren legealdirako egitasmo nagusiak?
Erriberako industrigunea izango da garrantzitsuena. Industrigune handia izango da, eta urteak beharko dira urbanizazio lanak amaitzeko. Arlo ekonomikoari dagokionez, oso proiektu garrantzitsua izango da bailara osoarentzat. Horrekin lotuta, bestalde, Benta aldeko errepidearen zabaltze lanak egingo ditu Foru Aldundiak; herriko puntu arriskutsuenetakoa baita hori. Ekonomiari lotuta jarraituz, herriko turismo baliabideak sustatzen jarraituko dugu, mendi bideekin eta naturarekin lotuz.
Mugikortasunari dagokionez, espaloia luzatuko dugu hilerriraino eta Hidronor aldean, berriz, oinezkoei errepidea gurutzatzeko lagunduko dien sistema adostuko dugu Foru Aldundiarekin. Erribera aldeko bidegorria ere landuko dugu Aldundiko kideekin batera.
Bestalde, etxebizitzen eskaera sortzen hasia da eta Kamioko etxebizitzen egitasmoari irtenbidea ematen saiatuko gara. Horrez gain, zonalde berdea sortuko dugu Uztartza atzeko belazean; aisialdirako egokia izango den gunetxoa izango da, mahai eta aulkiz hornitua.
Herritarren parte hartzea sustatzea ere garrantzitsua da guretzat, eta horretan ere saiatuko gara. Gizarte politikari dagokionez, herrian behar handiena dutenei bideratutako diru-laguntza sortu nahi dugu eta, orain arte bezala, larrialdi laguntzak bermatzen jarraituko dugu. Hezkuntza, giza eskubide eta oroimena, solidaritatea, kultura, euskara, nazio ikuspegia..., arlo horiei dagokienez, aurreko bideari eusteko asmoa dugu.

Hauteskudeen atarian, zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Urte hauetan egindako lanarekin gustura egotea espero dut, nahiz eta badakidan zaila dela denekin asmatzea. Herritarrei begira lan egiten saiatzen gara, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere. Haien proposamen, kexa eta iradokizunak entzuteko prest gaude, denen artean herri hobea egiteko.

Gertutik
  • Zaletasuna: Futbola.
  • Liburua: Ehun metro.
  • Musika taldea: Su ta gar erreferentzia izan da nire bizitzan.
  • Pertsonaia: Ez daukat jendea idealizatzeko ohiturik. Aukeratzekotan, etxean badauzkat hiru pertsonaia nahikoa garrantzitsu.
  • Herrialdea: Euskal Herria eta Holanda.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!