Inude eta Artzainen konpartsa abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 6a, 11:35

Oinkari dantza taldea, aurtengo Villabonako Santio jaietarako Inude eta Artzainen konpartsa antolatze lanetan murgilduta dabil. Entseguak hasi berriak dira.

1992 urtean kaleratu zuen Oinkari dantza taldeak Villabonako Santioetako lehen konpartsa herrikoia, oihartzun handiaz gain, herritarren artean erantzun bikaina izan zuena. Lehen txanda haren ondotik, beste hainbat gairekin lotutako konpartsak plazaratu eta gero, 2008 urtean, bigarrenez inude eta artzainek hartu zituzten Villabonako kaleak. Bada, zazpi urte geroago, hirugarren txanda izango da aurtengoa, uztailaren 26an, igandearekin, berriz ere haurtxo baten lehen egunak irudikatzen dituen konpartsa ibiliko baita kalez kale herrian zehar. Lehen Inude eta Artzainen konpartsa hura oraindik ere kuttunenen artean gordetzen da herritarren oroitzapenetan, herritarren artean ilusio handia sortzeaz gain, ehundaka herritar erakarri baitzuen. Aurtengoa, lehen txanda hura errepikatzeko gogo eta indar berarekin sortu da. Oinkari dantza taldearen 40. urterren urtearekin egokituz, gainera, dantza taldean belaunaldiz belaunaldi parte hartu duten dantzariei eta herritar guztiei egin zaie bertan parte hartzeko gonbidapena.

Entseguak abian
Joan zen apirilaren 29an ekin zitzaien dantzarien entseguei Txermingo Zubimusu ikastolako ganbaran. Hainbat dantzarik izena emanda zuten dagoeneko eta beste askok lehen entsegua baliatu zuten horretarako. Giro ona nagusitu zen lehen saioan, dantzariak koreografien lehen pausoak dantzatzen hasi zirelarik.
Inude eta Artzainen konpartsan parte hartzeko hiru aukera dituzte herritarrek: 1.- Dantzari gisa, 2.- Danbor-jole gisa 3.- Antzinako pertsonaiak irudikatuz.
Abian diren dantzarien entseguetarako bi aukera luzatu dituzte antolatzaileek: asteazkenetan 20:30etatik 21:30etara edota astegunez ezin dutenek, larunbatetan 12:00etatik 13:00etara Txermingo ikastolako ganbaran. Maiatzaren 20an izango dute, bestalde, danbor-joleek lehen entsegua 20:30etatik 21:30etara, Txermingo jubilatuen egoitza zaharrean. Aurrerago bilduko dira ekimeneko antolatzaileak pertsonaiekin, baina hori bai, sail bakoitzak izena emateko data zehatza du. Maiatzaren 9an amaituko da dantzariena, maiatzaren 27an danbor-joleena eta ekainaren 10ean pertsonaiena. Adinari lotuta, 1999 urtean edo lehenago jaiotakoak izan beharko dute dantzari nahiz danbor-joleek. Pertsonaia modura ateratzeko ez dago adin mugarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!