Gai-jartzaile Eskolaren bertso saiorako bi sarrera bikoitz Aiurriko harpidedunentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 5a, 15:53

Datorren larunbatean, maiatzak 9, gaueko 22:30etatik aurrera, Gai-jartzaile Eskolako ikasleek gaiak jarrita, Villabonako Gurea aretoan kantuan izango dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza bertsozaleak. Bertsozale Elkarteak hiru sarrera bikoitz oparitu dizkio Aiurri aldizkariari, harpidedunen artean zozketatzeko. Zozketan parte hartzeko, Whatsapp bidez 619 163 537 telefono zenbakira mezua bidali behar da ‘Bertso saioa’ eta harpidedunaren izen-abizenak idatzita. Maiatzaren 8an, ostirala, goizeko 11:00tan amaituko da parte hartzeko epea:

Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabona aukeratu du urteko proiektu bati amaiera emateko. Bederatzi hilabeteko ikastaroan landutakoa praktikan jartzeko Gai-jartzaile Eskolako ikasleek jarriko dizkie gaiak bertsolari seikoteari. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza arituko dira kantuan maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Gurea aretoan, 22:30ean.

Sarrerak 5 eurotan jarri ditu salgai  Bertsozale Elkarteak. Amasa-Villabonan Subijana etxean (Bertsozale Elkartearen egoitzan), RK tabernan eta Amasa kafetegian eskura daitezke sarrerak. Anoetan Itzuli tabernan eta Tolosan Orbela tabernan. Sarrerarik geldituko balitz egunean bertan saioa baino ordubete lehenago zabalduko da aretoko leihatila.    

Gai-jartzaile Eskolaz bi hitz

Pasa den urrian jarri zuen martxan Bertsozale Elkarteak Gai-jartzaile Eskola. Helburua bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremana indartu eta gai-jartzaile lanaz gogoeta egitea izan da. Bertso saioan parte hartu duten bertsolari ia guztiak hizlari izan dira urritik maiatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!