Agiri mordoarekin agertu zen Rosa Ayerbe historialaria, eta eskerrak eman zizkion Mikel Pagola alkateak, "udal ondarea aberastera datorrelako eta batez ere geure historia ezagutzen lagunduko diguten agiriak direlako. Herritarren eskura jarri ahal izango dira, gure artxibozainaren eskuetatik pasa eta gero". Ayerbe bera ere eskertua agertu zen Udalarekin: "bere konpromisorik gabe, ezin ahal izango zen bilketa lan guzti hau burutu, 1998an ekin niona".
Ayerbek ziurtatu zuenez, zaila da herria ez den komunitate baten historia egitea, baina ez ezinezkoa. Horretarako, gertuko zein urruneko artxiboetara jo behar dela esan zuen. Horrenbestez, lau artxibategi arakatu ditu goitik behera Ayerbek, nagusiki: protokoloen artxibategia (Oñati), elizbarrutikoa (Iruñea), eta Chancilleria eta Simancasekoak (Valladolid).
Urnieta herri ez zen garaietan, Hernaniren menpe bizi zen batez ere. Bada, Hernaniri dagozkion agiriak arakatu ditu Ayerbek. Protokolo notarialak, helegiteak, herri baten kudeaketarako hainbat jarduera publiko... Bitxikeria modura Valladoliden hainbat helegite aurkitu dituela adierazi zuen. Urnieta garai hartan komunitate bizia zen datu adierazgarria.
Urnieta, eredu beste herrientzat
Herri bilakatu zireneko urteurrena ospatzen ari diren herri txikientzat Urnieta eredugarria izan litekeela azpimarratu nahi izan zuen Ayerbek. "Jakin bezate, diru publikoarekin erdi aroko agiritegia osatu dezaketela. Beren memoria historikoa berreskuratu edo aberastu dezakete, historialariak prest baitaude nik Urnietarekin egin dudan lan bertsua egiteko. Eta ez dezatela ahaztu, burujabe egin zireneko gertakizuna, euren herriaren historiaren unerik garrantzitsuena dela".
Liburuaren aurkezpena
Astelehenean Udal artxiboaren esku utzitako agirietan agertzen den historia du oinarri liburuak, maiatzaren 6an aurkeztuko dena. Eta batez ere, Urnieta bilakatu zeneko prozesu historikoa kontatzen duten agiriak biltzen dira. 1615a, berezia izan zen inondik ere Gipuzkoako herrialdearentzat, orduan lortu baitzuten independentzia makina bat herriek. Hain zuzen, 29 herriek ofizialki 1615eko urtarrilaren 26an lortu zuten herri titulua. Urnietak, ordea, uztailaren 12ra arte itxaron behar izan zuen. Kasu bakarra izan zen Gipuzkoa osoan. Horren zergatia eta beste hainbat kontu hitzaldian azalduko dituela adierazi zuen Ayerbek.
Gaztelaniaz idatzi ziren orduko agiriak, eta Rosa Ayerbek ere gaztelaniaz idatzi du liburua.
Ekitaldiak etorkizunean
Liburuaren aurkezpenaz gain, hainbat ekitaldi burutuko dira etorkizunean Urnietan, bere burujabetzaren 400. urteurrena ospatzeko. Gertuena, uztailaren 12ko ospakizun handia, herri titulua lortu zuenekoa, izango da. Alkateak zehaztu zuenez, "Egun handi horretatik aurrera, datozen hilabete eta urteei begira, prozesu bat irekiko da herritarrekin, elkarteekin, ikastetxeekin... eta beste hainbat herri eragileekin batera, Urnietaren izaera eta bertako herritarren sentimenduen inguruko ekimenak aurrera eramateko asmoz".