EAJko Buruntzaldeako ordezkariak Urnietan izan ziren atzo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 30a, 13:49

Eskualdeko hautagaiak maiatzaren 24ari begira jarri ziren atzo. Joseba Egibarren babesean, Gipuzkoa zabal eta modernoa proposatu zuten. Ekitaldian izan ziren Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Amonarraiz (Hernani), Estitxu Alkorta (Lasarte-Oria), Mari Jose Izagirre (Andoain), Jesus Mari Santos (Astigarraga) eta Josune Urkola (Usurbil).

Mikel Pagola Urnietako alkategaiak politikarako kultura berri bat eginez, gizarteari eta herritarrei protagonismoa emango zietela azaldu zuen. Parte hartze aktiboa sustatzeko, “herritarei galdetu nahi diegu zertan inbertitu nahi dituzten 4 milioi euro, lehentasunak ezarri ditzatzen”. Kudeaketa gardena egingo dutenaren konpromisoa hartu zuen, herritarrei erantzun egokia ematen jarraituko dutela argudiatuz.

Alderdi “serioa” direla eta herritarrenganako dedikazioa ezin zaiela ukatu esan zuen: “Herria hazi arazi egingo dugu. Zuek denok zaituztegu bide honetan eta aurrerantzean gurekin etorri nahi duzuen guztioi besoak zabalik jasoko zaituztegu”.

Hurrengo asteetan borroka “latza” dutela azpimarratu zuen, Urnietan bi alderdiren artean egongo baita alkatetza. Duela lau urte bozka gutxi batzuk izan ziren erabakigarri EH Bildu eta EAJ-PNVren arteko lehian. Honela, EH Bildu inposaketaren eredua dela adierazi zuen alkategaiak: “Inposaketaren eredua, atez atekoaren eredua, bronkaren eredua… Hori nahi dute Urnietarrek?”, galdegin zuen. Eredu horren alde ez dauden guztiei EAJri bozka emateko deia luzatu zuen.

Amaitzeko, Florentino Ugalde eta Josu Garmendiari aipamena egin zien. Ugalderi osatzen jarraitzeko esateaz gain, familiartekoei babesa eskaini zien. Bestetik, duela gutxi zendu zen Josu Garmendia gogoan hartu zuen, “hauteskunde eguna disfrutatzen zuen, beste askok ez bezala”.

Egibar EH Bildu gogor kritikatuz

Mikel Pagolaren hitzen ostean, Egibarrek hartu zuen txanda eta Bilduren kudeaketa irmoki salatu zuen. Horren aurrean, EAJ-PNVk Gipuzkoa zabala defendatuko duela eta herritarren nahiekin lotutako proiektuak babestuko dituztela azpimarratu zuen.

Horrez gain, hazkunde ekonomikoa, lanpostuen sorrera eta gizarte justiziaren aldeko apustua berretsiko dutela aurreratu zuen. “Ezker abertzalearen inposiziorako joeraren aurrean, guk errespetua eta integrazioa defendatuko ditugu”, erantsi zuen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!