Hautagaitza eta hautagai berriak hautes-zerrendetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 29a, 15:00

Apirilaren 22an hautes-zerrenda ofizialak argitaratu ziren, hautagaitza eta hautagai berriak ezagutzeko baliagarri izan zena. Ezustekoak izan dira Urnietan. Esaterako, “Urnietako Herri Plataforma” ez da azkenean aurkeztu. Eta, aldiz, Gipuzkoan soilik Urnietan aurkeztuko da “Aulki zuriak” izeneko alderdia. Mikel Izagirre alkate ohia EH Bilduko hautes-zerrendan topatzea izan da beste ezusteetakoa.

Hauteskundeetan boto zuria aukera bat da. Boto horiek zenbatu egiten dira, baina ordezkaritza banatzeko garaian zuriaren aldekoak ekuaziotik kanpo geratzen dira. Horri aurre egiteko, duela urte batzuk estatu mailan “Escaños en blanco - Aulki zuriak” alderdi politikoa sortu zen. Europar Batasuneko 2014ko hauteskundeetan, esaterako, 115.000 boto eskuratu zituen Espainia osoan. Boto zuriaren aldekoei gaur egun dutena baino protagonismo handiagoa eman nahi diote, egungo sistema politikoa aldatu behar dela aldarrikatzearekin batera. Maiatzaren 24ko Udal hauteskundeei begira Gipuzkoa osoan hautes-zerrenda bakarra osatu dute, non eta Urnietan. Zerrendan hirugarren postuan doana Daniel Lizarralde urnietarra da. Galdera agerikoa da, zer dela eta Urnietan Aulki zuriak hautes-zerrenda? Aiurriri egindako adierazpenetan, Lizarraldek honakoa aitortzen du: “erantzuna neu naiz. Bertakoa naiz eta ni neu sustatzaile lanetan aritu naiz. Alderdiaren ideiak aztertu eta gogoko nuela ikusi nuen. Laguntza emateko ardurak hartu nituen, eta non egin nezakeen lan? Bada, nire herrian bertan. Jende arrunta gara, eta elkar lagunduz Gipuzkoan bakarra izango den zerrenda osatzea lortu dugu”. Gogotsu ekin dio ardurari. Larunbat honetan, maiatzak 2, Idiazabal kalean informazioa zabaltzen arituko dira. Jose Luis de Zubikaray hautagaia bera izango da ekitaldian. Maiatzaren 16an, bestalde, Lekaion ekitaldi nagusia antolatuko dute.
Aulki zurien aldekoa Urnietan azken bospasei hilabeteetan hautes zerrenda osatzeko lanetan aritu den “Urnietako herri plataforma”rekin inolako zerikusirik ez duen mugimendua da.

Alderdi klasikoen artean, izen berriak nabarmentzen dira. Urnietan Ivan Haro korrikalaria sozialisten zerrendan bigarren doa, zinegotzi izateko aukera askorekin: “Urnietan bizi naizela sei urte dira. Gizarte mugimenduetan, langileen defentsan eta kirol jardueretan murgilduta ibili naiz beti. Frutosen eskaintza onartu nuen, Urnietak aldaketarako egitasmo bat behar duela uste dudalako. Urnietarrok kirol instalakuntza hobeak eta gizarte nahiz kultur mailako jarduera gehiago eta ezberdinak behar ditugu. Baita herria irisgarriagoa izatea ere”.

Zinegotzi izateko aukera asko ditu Jorge Segurado arkitektoak ere, jeltzaleen zerrendan hirugarren doana: “Egia esan politikan parte hartuko dudanik ez nuen sekula pentsatu. Orain bi hilabete galdetuz, niretzat ez dela erantzungo nuke. Mikel Pagolak egin zidan eskaintza, eta azaldu zidana erakargarria egin zitzaidan. Bere egitasmoa gogokoa egin zitzaidan eta emaztearekin ondo aztertu eta gero, pausu bat aurrera ematea erabaki nuen. Maila profesionalean eta kirol jardueretan dudan esperientziarekin ekarpenak egin ditzakedala uste dut. Nire aletxoa jartzea nahiko nuke”.

EH Bilduko zinegotzi izango dena Mikel Izagirre alkate ohia izango da. Ezusteetakoa izan da, LKI eta Ezker Batuaren inguruan ibili delako urte luzez. 2007-2011 agintaldian UDA herri plataformarekin alkate izan zen.
EH Bilduko ordezkari aurkeztuko dela eta, lehendik datorren erabakia dela adierazi dio Aiurriri, “agintaldi osoan aritu naiz EH Bilduri laguntzen, laguntza puntuala eskainiz”. Besteak beste, hirigintza alorrean.
Udalgintzan berriro aritzeko gogotsu dagoela aitortzen du. Bigarren izanik ziurra da bere parte hartzea udal jardueran, datozen lau urteetan. Eta zertan jardungo duen galdetuta, “irabaziz gero hirigintza, ingurumena, landa gunea eta zerbitzuak lansailak neronek eramango ditut”.
“Hari gara” prozesuan parte hartu du azken hilabeteetan.

Mikel Pagola hautagaiaren aurkezpen ekitaldia
Asteazken honetan, apirilak 29, Urnietako jeltzaleen hautagai Mikel Pagolak datozen lau urteetarako bere egitasmoa aurkeztuko du. Alboan izango du, hizlari arituko da gainera, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria. Ekitaldia 19:30ean hasiko da Jakutegi plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!