Hiribildu baten eraketa liburuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 29a, 13:00

Atzo iluntzean Zizurkilgo historia biltzen duen 'Hiribildu baten eraketa' liburua aurkeztu zuen Teodoro Hernandorena kultur elkarteko kide Joxin Azkuek Atxulondo kultur etxean. Liburuan bildutako datuen laburpena ikusgai izango da datozen egunotan, atzo bertan zabaldu zen Atxulondo kultur etxeko erakusketan.

Argazkiak / Bideoa (epe laburrean)

Liburuaren aurkezpenaren berri:

Lehenik eta behin, Zizurkil toponimoaren esanahiaz mintzatu zen eta azterketa ezberdinak kontuan hartuta, Zizurkilek 'altuera txikia' esan nahi duela argitu zuen.

Zizurkil herriaren inguruko hainbat datu ere eman zuen, administratiboki Tolosaldea eskualdean kokatuta dagoela nahiz Donostia-Beterri eta Urola-Kostarekin muga egiten duela eta  15.61 km2-ko azalera duela zehaztuz.

Demografiari lotuta, hiru garai bereizi zituen. 1900-1970 / 1970-1980 / 1980-2015.  Lehen bi aldi horietan, bigarrenean bereziki, biztanle kopuruak gora egin zuela nabarmen Elbarrenan eta, Ugare auzoan bereziki, herriarengan aldaketa handiak sortuz.

Zizurkilen lehen aipamen historikoa, berriz, 1190 urtekoa dela azaldu zuen. Iruñeako katedraleko artxibategian gordetzen da Gipuzkoa eta Nafarroako leku batzuk administratzeko eskubidea eskatuz, Pedro Artaxona gotzainak Baionakoari igorritako idatzia, zeinetan beste hainbat herriren aipamenarekin batera, Zichurchil agertzen den lehen aldiz.

Zizurkil nola Tolosarekin auzotu zen 1391 urtean, 1450an Donostiarekin bat egin zuen eta 1475 urtean berriz Tolosarekin elkartu zen ere sakon eta garbi adierazi zuen, 1615ean hiribildu bihurtu zen arte. Tolosagandik independentzia judiziala lortzeko, ordea, bizilagun bakoitzak 25 dukat ordaindu behar izan zizkion Felipe III. erregeari.

Aipatu guztiaz gain, beste hainbat gai ere jorratu dute liburuan: XVII. mendeko elkartzeak, Garaiko emakumeen egoera, 1756ko Udal Ordenantzak edota 1768: Hiribilduaren armarria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!