Hiazinto Fernandorenaren ibilbidea hizpide duen liburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 20:04

Jendez lepo bete zen Martin Ugalde parkeko areto nagusia, Hiazinto Fernandorenaren biografia liburuaren aurkezpenean. “Iaz omenaldia egin zitzaionean bezala, jende andana etorri da gaurkoan ere. Ikusten da Hiazintok egindako lan izugarria ez dela ahazten, oso maitatua dela”. Apirilaren 21ean Koro Etxeberriak hitz horiekin hasi zuen liburuaren aurkezpen ekitaldia.

Euskalgintzan eragile izan diren eta izaten jarraitzen duten makina bat pertsonen musuak, besarkadak eta zorionak jaso zituen ekitaldian zehar Hiazinto Fernandorenak. Emozioari ezin eutsi izan zion urnietarrak maiz.
Koro Etxeberriak liburua argitaratu izanaren arrazoia azaldu zuen, Hiazinto berari zuzenduta: “Hiazinto, pertsona eredugarria zara euskararen aldeko ahaleginean; isilik jardun duzu gehienetan, eta iruditu zaigu zure ibiliak eta lorpenak jaso beharra zeudela. Euskal Herriaren historiaren zati bat zara, eta gure hurrengo belaunaldiek jakin behar dute hori dena”.
Euskadi Irratian kirol emanaldietan ahots ezaguna den eta liburuaren idazketan parte hartu duen Iñaki Elortzak hartu zuen hitza segidan. Pasadizo pertsonal baten bidez Hiazintoren nortasunaren alderdia azpimarratu zuen, euskarara pertsonak erakartzeko eduki duen gaitasun berezia, alegia: “Iribar atezain handiak, bere omenaldian lortutako hamaika milioi pezetak komunikabideetan kiroletan euskararen erabilpena bultzatzeko utzi zituen, lehen hiztegia egiteko. Orduan, zenbaitzuk talde batean bildu ginen euskarazko terminologia osatu eta hiztegia argitaratzeko. Artean ni ez nintzen kazetaria, baina bilera horietako batean, Hiazintok magnetofoi zahar bat hartu eta Atotxako zelaira joatera animatu ninduen; nire ahotsarekin, erretransmisioak euskaraz grabatzen nituen igandero. Astelehenean, elkarrekin entzuten genituen grabazioak. Halako batean, Herri Irratian sei orduko euskarazko programazioa ezarri nahi zuen Oterminek hots egin zidan, grabazio bat eskatuz. Harrezkero, irratiko esataria naiz. Mila esker, Hiazinto”.  
Azkenik, Pello Aranburu idazleak liburuaren edukia deskribatu zuen. Azpimarratu nahi zuenez, Hiazintok berak idatzitako atalak dauzka liburuak, bere haurtzaroa eta gaztaroa agertzen dutenak bereziki. Hortik aurrera, hogei pertsonen eskua ageri da: batzuk atalak idatziz, besteak testigantza emanez.

Felix Etxeberria:
“1962an ezagutu nuen, Elgoibarren bertako ikastola sortzeko asmotan hasi ginenean. Herriz herri asmo horrekin genbiltzanak, euskaltzaleak bai, baina langile hutsak ginen, formazio gabeak. Aldiz, Hiazinto pertsona jantzia zen. Bera izan genuen gidari, berak ireki zizkigun ateak, Euskal Herriko lehen ikastolak irekitzen joan gintezen. Esaldi batekin nola definituko nukeen Hiazinto? Hara: bera izan zen frankismoko urte zail haietan, gu bezalako euskaltzale ezjakinei euskararen aldeko egarria asetzen jakin zuen pertsona”.

Mila eta Karmele Mujika:
“30 urte dira joan ginela gure jaioterritik, Urnietatik. Baina betidanik ezagutu dugu Hiazinto, eta nahiz eta elkarrengandik urrun bizi, beti mantendu izan dugu harremana. Oraindik ere, tarteka, etortzen gara  berari bisita egitera. Guretzat zuzendari izpiritualaren parekoa izan da. Bere nortasuna egin zaigu azpimarragarria betidanik. Iraganean, euskararen alde lanean ari zela bagenekien zer edo zer, baina azken urteetan ari gara jakiten  euskara goratzeko zenbat egitasmo eraman dituen aurrera”.

Juanito Dorronsoro:
“Saturrarango seminarioan elkar ezagutu genuen, eta elkarrekin jardun apaiz egin ginen arte. Nahiko bide bertsuan ibili ginen harrezkero ere, hura Lazkaora eta ni Gaintzara destinatu gintuzten arren: Goierri aldean Gaztedi elkartean, fundizioan lanean, ikastolen mugimenduan…  Hiazintok mereziak dauzka omenaldiak, liburuak eta gainerakoak. Berak ilustratzen du ederki asko, Euskal Herrian azpitik, isilik eta umil, egin izan den lana. Inongo ohorerik gabe eta korronte ofizialen kontra”

Nekane Auzmendi:
“60ko hamarkadaren hasieran, magisteritza ikasketak bukatu, oposaketak gainditu eta uda hartan bertan izan nuen Hiazintorenberri. Hirugarren pertsona baten bitartez, titulua lortu genuen batzuk, oharra jaso genuen: gurekin hitz egin nahi omen zuen. Egin uko funtzionari izateari, eta zatozte ikastolara. Andereñoak behar ditu euskarazko irakaskuntzak, adierazi zigun garbi. Eta kasu egin genion. Geroxeago ere harremana mantendu genuen, berak antolatzen zituen udalekuen eta pedagogia ikastaroen bitartez”.

Malores Etxeberria:
“Lazkaomendiko ermitan sermoia emanez ikusi nuen lehen aldiz. Gordailun lankide izan nuen hurrena. Gerora, Hernaniko udaletxean sartu nintzenean, hantxe ari zen bera itzultzaile lanetan. Bera bezalakoek martxan jarritako ekimenei segida ematea tokatu zaigu beste batzuei”.

Pello Zubiria:
"Euskararen aldeko katean, gure aurreko belaunaldia ordezkatzen du Hiazintok. Oso garai konplikatua egokitu zitzaien aurreko horiei”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!