Santakrutzak 2015: Herri lasterketaren aurretik, patinen gaineko lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 20:02

Irristaka taldeak Zumeatarra elkartearekin eta jai batzordearekin batera lehen irristaketa edo patinaia lasterketa antolatu du. Korrikalariek dagoeneko jakin badakite maiatzaren lehenean lasterketa izaten dela. Bada, beharbada aurrerantzean tradizio bilakatuko da aurten lehen aldiz egingo duten patinen gainekoa. Goizeko 09:30etan hasita, korrikalarien ibilbide berean arituko dira irristaketan.

Irristaka.org webgunean argiro ikus daiteke aurtengo deialdiaren nondik norakoa. Bertan eman behar da izena, gainera, parte hartu ahal izateko. Herrikoia izango da, lagun girokoa. Lasterketaren antolakuntza bi herrikide ari dira burubelarri, biak ere patinatzaileak. Igor Otaegi lasartear-andoaindarra eta Aitzol Zubiarrain andoaindarra. Parte hartzeko gonbitea luzatzearekin batera, lasterketaren hainbat xehetasun eskaini dizkiote Aiurri astekariari.

Nolako ibilbidea da patinatzaileentzat?
Igor Otaegi: Ibilbide berari sei itzuli eman beharko dizkiote, alde horretatik eskarmentua duen patinatzailearentzat ez da oso erakargarria, leku berean bueltaka arituko baitira. Baina aurtengoa horrela antolatu da, ibilgailuen trafikoa ez oztopatzearren. Andoain herriak alde aldetik ez du aukera handirik ematen.

Aitzol Zubiarrain: Lehenengo edizioa denez, hasiberrientzat ibilbide erraza egokitu dugu. Helburua lorgarria izatea lehenetsi dugu. Jaien egitaraua ere ekitaldi beterik dator, beraz, lasterketa goizean goiz hasiko da. Aurten horrela egingo dugu proba.

Sufritzeko ez baizik eta gozatzeko moduko Ibilbidea izango da orduan, ezta?
A.Z. Bai, aldapa apur bat badu, baina oso laua da. 180 graduko bi bihurgune ditu: Bata, Kaleberrian Lankide Aurrezki Kutxan parean eta bestea Karrikako semaforoan.
I.O. Zumea plaza ingurutik ikuspegia ikusgarria izango da, lasterkariek abiadura hor hartuko dute eta. Badu bere arriskua ere. Ikusleek, beraz, argi ibili beharko dute. Oinezkoak errepidera gehiegi hurbilduz gero, arrisku egoerak sor daitezke. Erne ibiltzea komeni da.
Herritarrentzat proba erakargarria dela iruditzen al zaizue?
I.O. Horrela izateko saiakera egiten ari gara. Doakoa da parte hartzea, gainerako proba gehienetan ez bezala. Amaieran, gainera, parte hartzaileen artean zozketa bat egingo da. Lasterkarientzat ibilbidea errepikakorra izan daiteke, baina aldi berean herritarrak inguruan animatzen izango dituzte. Proba erraza da, patinatzen dakien edonork parte hartzeko modukoa.
A.Z. Ikusleen tokitik ikusgarria izango da. Andoaindarrei, oro har, lasterketa ikustera irteteko gomendatuko nieke.

Lasterketak izaera herrikoia izango duzuela argi utzi nahi duzue.
A.Z.  Lasterketan ez da denborarik neurtuko, eta beraz ez da sailkapenik egongo. Nork irabazi, hori ez da garrantzitsuena izango.
I.O. Bai, eta lehenengo doanak  azken doana harrapatzen badu ere, ez dugu lasterketatik kanpo utziko.
Herrikoia izatea nahiko genuke, baina bestalde ikusleek goza dezaten estatu mailan punta-puntan dabiltzan patinatzaileak bertan izango dira.  

Ibilbidea laua dela ikusita, hasiberriei bereziki parte hartzeko gonbidea luzatu nahiko zeniekete?
A.Z. Bai, horixe da asmoa. Patinen gainean moldatzen eta frenatzen dakiena agertu daitezela, kaskoarekin babestuta. Jakintza maila gutxirekin nahikoa izan daiteke, ez da beharrezkoa inongo prestaketa berezirik egitea.
I.O. Bidegorrian patinetan dakien edonork parte har dezake. Ez du arazorik izango. Probak ez baitu izugarrizko fisikoa izatea eskatzen. Ibilbidea laua izanda, ez dute prestaketa bereziren beharrik izango.

Beroketak egiteko aukera izango dute?
I.O. Udalari eskatu zaio Ubitarteko atletismoko pista uzteko, trafikoa azkenengo momentura arte ezingo delako itxi. Partaideek bertan berotzeko aukera izango dute, eta baita ondoren dutxatzeko aukera ere.

Zenbat parte hartzaile daude orain arte?
A.Z. 50 pertsonetik gora eman dute izena. 100 lagunera iristean izen ematea itxitzat emango dugu. Ibilbidearen ezaugarriak kontutan hartuta hartu dugu erabaki hori.
I.O. Eguraldiak proba asko baldintzatu dezake, eta jendeak horren arabera parte hartu edo ez erabakiko du. Lasterketen denboraldia berriki hasi da, eta jendeak Santakrutzetako proba prestaketa saio modura har dezake.

Herriko merkatariek laguntza eskaini dizuetela jakin dugu.
I.O.  Bai, opariak eman dizkigute zozketa egin ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiegu, eta haiek egindako ekarpena lerrootan nabarmendu nahiko genuke.
Segurtasunaz nor arduratuko da?
A.Z.  Hasiera batean, Irristaka taldea arduratuko da.
I.O. Zebrabide eta bidegurutzetan jendea jarriko dugu; guztira, hogeita hamar lagun inguru.

Irristaka noiztik dago martxan?
I.O.  Duela hiruzpalau urte sortu zen. Euskal Herrian zehar talde asko daude orain: Donostian, Iruñan, Bilbon, Bergaran, Gasteizen... Izaera herrikoia duten taldeak sortzen hasi dira; horietatik asko ikastaroetatik sortutakoak.

Patinajean hasi nahi duen bati zein aholku emango zenieke?
I.O. Bakarrik ez hastea. Eskiatzen ibili den jendeak sentsazio beretsua du patinen gainean. Erortzea erraza da, eta zailena ez da azkar ibiltzea, mantso ibiltzea baizik. Oso azkar joan gabe ere, bidean oztoporen bat edukiz gero, gelditzen jakin beharra dago. Modu naturalean erreakzionatzen jakin behar da. Teknika eta konfidantza beharrezkoak dira, eta horretarako ikastaroak laguntza handikoak dira.

Non patinatzen duzue Andoainen?
A.Z. Leku finko eta lasairik ez dugu ibiltzeko. Kiroldegian talde bezala entrenatzeko eskaera egin dugu, baina ez dugu onarpenik jaso.
I.O. Entrenatzeko zaila dago. Industriguneetara enpresak itxita daudenean joan behar da, errepidera trafiko gutxi dagoenean… Arriskuak hartu behar izaten ditugu beti. Esaterako, Tolosatik Ikaztegietara errepidetik joaten gara, bidegorrian oinezko asko izaten delako. Istripuak gertatu izan dira. Gaur gaurko legedirik ez dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!