Santakrutzak 2015: Kamioi Baby Band jaialdi berezia Basteron, ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 20:01

Taldearen hamargarrenaren urteurrenean, egundoko musika jaialdia antolatu dute Basteron. Maiatzaren batean izango da, eguerdian, herriko eragile askoren parte hartzearekin.

Zer dela eta animatu zarete jaialdi erraldoi hori antolatzera?
Asier Guerrero:
Hamar urte betetzera gindoazela eta, geldiunea egiteko gogoa sortu zitzaigun. Bidean mugarria jartzerakoan, ikuskizun berri bat, Andoaingo kultur eragile ezberdinei irekitakoa antolatzea aproposa izan zitekeela pentsatu genuen. Iazko irailean hasi ginenean prestaketa lanetan, argi eduki genuen Andoainen biltzen diren musika eta dantza talde guztiei luzatu behar geniela gonbidapena. Susmatzen ez genuena zera zen: hainbatek baiezkoa ematea!
Bakoitzaren musika eta dantza estiloak ezberdinak izanik, denak bateragarriak dira eta denek gure herriaren izaera osatzen dute, garenaren isla dira, azken batean. Filosofia horri eutsi nahi izan genion hasieratik, eta hori lortu dela uste dut. Emanaldiko kartela zeinen beteta datorren ikusi besterik ez dago!

Ez zen erraza izango hainbeste jende dinamizatzea...
A.G.:
Uste baino nekezagoa gertatu zaigu dena koordinatzea. Iazko oporren ondoren lan ardurak banatu genituenean ez genuen uste hainbesteko lana eskatuko zigunik. Nolanahi ere, eskerrak eman behar zaizkie herriko kultur eragileei; proiektua proposatu ahala lanean jarri dira, munduko borondaterik handienarekin.

Taldearen abeslari izan zen Xabier Garmendia ere gogoratuko da emanaldian zehar...
A.G.:
Ezin dugu ahaztu gure abeslaria eta kamiolaria izan zena. Emanaldian zehar tartetxo bat prestatu dugu omenalditxo bat eskaintzeko, bere izena eta izana gogoan hartzeko.

Umorea, musika bezain garrantzitsua izan da beti zuentzat. Basteroko jaialdian zenbateko protagonismoa hartuko du?
A.G.:
Jakina, askoren artean osatuko da emanaldia; talde bakoitzak berea egingo du, eta ez daukagu zertan ibili beharrik izaera hori ezartzen inori. Nolanahi ere, filosofia horren ukitu batzuk antzemango dira emanaldian zehar; adibidez, errepertorioan ezusteko gag bat aurreikusita dago. Taldeko kide den Eugenio Delgadok ere prestatuta dauka show bereziren bat. Bestalde, bi aurkezleek, Marta Elvira eta Alex Tellok aurkezpenetan komedia pixka bat tartekatzeko asmoa daukate.

Santa Kruzetan, askorentzat ezinbestekotzat bilakatu zarete...
A.G.:
Egia esan, taldearen sortzea eta aurrera egitea urtez urte, nahiko bat-bateko kontua izan da. Zumea inguruko komertzioak sustatzeko asmoa zuen merkatari talde baten eskaerari erantzunez, herriko zenbait musikarik -tartean udal musika eskolako zenbait- taldea osatu genuen, dixie talde bat hain zuzen. Emanaldi bakarra eskaini genuen larunbat batez, baina ekimen harekin gustura geratu, eta aurrera egin genuen, Kamoi Baby Band sortuz, batez ere Santakrutzetan parte hartzekotan.
Hasieratik, gure asmo nagusiak, bi izan dira: geuk musikarekin gozatzea eta dibertitzea, eta horrekin batera, entzuleei irribarretxoa eragitea eta herriko kaleak eta jaiak alaitzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!