Santakrutzak 2015: Jaiei hasiera dendari ohien eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 19:59

Auzoan urte luzez dendari izan direnak aurtengo pregoia irakurtzeaz arduratuko dira. Mila Garralda eta Pedro Mari Sarasola betiko merkatari haien belaunaldi bereko bi kide dira.

Komertzio txikien garrantziaz jabetuta, dendariek merezimendu osoko pregoilariak izan behar dutela erabaki du jai batzordeak. "Oso gertuko (ia etxekotzat hartu gaituzte askotan) zerbitzua eskaini digute", irakur daiteke jai programan.
Izendapenak ilusioa eta poza eragin die Mila Garralda eta Pedro Mari Sarasola gogoan hartuko dituzten merkatarietako biri. Azken honek aitortu duenez, "ohoretzat hartu behar dugu, gurekin gogoratzea eta ekitaldi berezi horretan protagonista bihurtzea". Hain zuzen, berari egokituko zaio hitz batzuk luzatzea Zubiaurreko etxe aurrean bilduko diren festazaleei. "Laburra izango da esan beharrekoa: izendapenagatik eskerrak eman, hil direlako edo urrun daudelako gure artean ez daudenak gogoan hartu, bertaratuei festekin gozatzen saiatzeko eskatu...". 
Pittin bat lotsatuta sentitzen dira biak ere. Ugari dira dendari aritu direnak Santa Krutz auzoan, eta ez lukete nabarmendu nahi besteen gainetik, are gutxiago, inoren ordezkari bihurtu nahi. Protagonismoa auzoan dendari izan diren guztien artean banatu behar dela uste dute, eta horrexegatik, dendari ohien izen-abizenen zerrenda egiten ari dira egun hauetan. Horietako batzurekin jada jarri dira harremanetan, hurrengo egunetan egingo dute beste zenbaitekin.
Oroitzapenen kutxa piztu die pregoia egiteko izendapenak. Sarasolak ardotegiarekin 45 urte egin zituen Zumea Kalean; Mila Garraldak 23 urte jantzi dendarekin Kale Nagusian. Urte horietan dendari ugari ezagutzeko parada izan dute. Izenak, barra-barra irteten zaizkie, pentsatzen jarri orduko. Gure artean direnak bezainbat kasik hilak direnak, Andoaindik urrundu direnak... Mila Garraldak, egoera politiko zaila zela eta, jasandako presioengatik denda itxi behar izan zuen dendariaren kasu berezia ere gogoan hartu nahi izan du. 
Oraingoen aldean, garai bateko komertzioak, behin irekita, luzerako izaten zirela aitortu du Pedro Marik: "Dendariak, gainera, auzokoak bertakoak izaten ginen. Egia esanda, bizitza guztia auzoan bertan egiten zen. Bertan jaio, bertan hazi, bertan jolastu, bertan lan egin, bertan jardun lagun giroan...".

Auzoko bizikidetzari, ekarpena
Santa Krutz auzoari oso lotuta dagoen bizimodua egin dute biek ere, horrenbestez. Pedro Marik, aitarengandik jaso zuen ardotegia: "Gazte nintzela, aita gaixotu egin zen eta aukera parean izan nuen: lantegira joan ala negozioari jarraipena eman. Autonomo izateari eusteko aholkatu zidaten, eta hari heldu nion; inoiz ez naiz damutu. Lagunek oraindik jolasten jarraitzen zuten bitartean neuk erantzukizun handiko abenturari ekin behar izan nion, baina esan dezaket nire bizitzan aberasgarria izan zela erabaki hura hartzea". 
Milak ere bizitza erabat aldatuko zion erabakia hartu zuen orain dela ia 30 urte. "Amaia, alaba, ezindua zen, eta tailer okupazional batean hastea beste biderik ez zeukan. Egoera horren aurrean, Kale Nagusian denda koskor bat ireki genuen. Poztekoa izan zen erabaki hura, izan ere Amaiaren bizi kalitatearen mesederako izan baitzen, hil zen arte. Berari eta bioi, dendak, herriko jende askorekin harremana edukitzeko eta Andoaingo gizarte bizitzako parte izateko aukera eskaini zigun".
Aberasgarri, bi aldetatik gertatu izan da eta jarraitzen du izaten, dena esatera. Izan ere, dendari izanak asko eman die maila pertsonalean Mila Garraldari eta Pedro Mari Sarasolari. Haien antzera beste hainbati, baina aldi berean, euren negozioek izugarri eskaini diote auzoari eta Andoaingo herriari. Kale bizitzan eta herritarren arteko bizikidetzan, batez ere.
Atzoko eta gaurko merkataritzari begiratua emateko garaian, Mila bat dator  Pedro Marik egin duen gogoetarekin: "nik uste, zorioneko behar dugula egon, belaunaldi jakin bateko kide garelako. 36ko Gerra ez genuen zuzenean pairatu, ezta frankismoaren hasierako urterik gogorrenak ere; pobrezia bai, baina lanari dagokionez guztiontzat egon den garaia ezagutu dugu, nahiz eta hori egoera kaskarrekoa izan; eta geroztik, osasuna lagun, erretiro duin batekin geratu gara. Konparaziorik ez oraingo belaunaldiekin! Zaila daukate benetan gure aldean, zer esanik ez komertzio bat ireki edo mantendu nahi izanez gero".

AUZOKO JAIAK, SANTAKRUTZAK
Santakrutzak Andoaingo jairik kuttunenak dira Mila eta Pedro Marirentzat. Lehenak hiruzpalau ekitaldi aipatu ditu gogokoenen artean: "Zoragarria da Santa Krutz egunean, bandera jaitsiera, eskopeteroak, ezpata dantza eta mezarekin osatzen duten ekitaldi hori. Eliza inguruan, gainera, oraindik ederragoa bihurtzen da ospakizuna. Leitzarango erreka jaitsiera ikustea gogoko dut. Baita Koadrilen eguna ere. Faltan, berriz, geure gazte garaitan danborraden atzetik antolatzen genuen jai giro alai hori faltan botatzen dut. Saltoka eta eufaka joaten ginen musikaren atzetik".
Pedro Marik ere aitortu du iraganean musika nahikoa izaten zela festa antolatzeko. "Musika izaten zen Santakrutzetako festen oinarri; ahaztu gabe bateletan sortzen zen giroa. Jai egitarauak alderatzen hasiko bagina, argi dago askoz ere ekitaldi gutxiago antolatzen zirela lehen. Nolanahi ere, maiz, musikariak kalean sentitzea besterik ez genuen behar alai-alai ibiltzeko. Gainera, gazteentzat dantzaldiak izaten ziren bikoteekin harremanak edukitzeko aukera, ia aukera bakarra".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!