Urnietako udalekuetarako izen-ematea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 13:43

Urnietako Udalak udalekuetarako deialdia luzatu du herriko gazteentzat. Bi programa eskainiko ditu; Eguzkitan Blai, batetik, eta Kirol Udalekuak, bestetik. Izena emateko epea maiatzaren 8an amaituko da.

Eguzkitan Blai udalekuak 2003 eta 2011 urte artean jaiotako haurrei zuzenduta daude, eta uztailaren 1etik 30era bitartean antolatuko dira, astelehenetik ostiralera. Kirol Udalekuak, berriz, 2003 eta 2006 urte artean jaiotakoentzat dira eta kasu honetan, bi ziklo egingo dituzte. Lehenengoa, ekainaren 29tik uztailaren 10era eta bigarrena, uztailaren 13tik 24ra. Udaleku hauetan hainbat kirol praktikatzeko aukera izango dute: herri kirolak, igeriketa, badmintona, munduko jolasak, snorkel, beisbola, tenisa...

Bi udalekuen ordutegia goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara izango da. Dena den, zaintza bereziak eskatu ahalko dira goizeko 08:30etik eguerdiko 13:30ak arte. Plaza mugatuak direnez, Urnietako neska-mutilek lehentasuna izango dute; eta Eguzkitan Blai Udalekuetan, auzokideek izango dute lehentasuna. Bi udalekuak euskaraz izango dira.

Izen-ematea 

Izena emateko bi aukera daude: Bertan bulegoan, astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:30era edo Lekaio kultur etxean, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Inskripzio orria eta ordainagiriaren kopia haurraren izen abizenekin aurkeztu beharko dira, maiatzaren 8a baino lehen.

Matrikularen dirua itzultzeko ezinbestekoa izango da eskaria idatziz aurkeztea eta honako kasuetan bakarrik egingo da: gaixotasun edo istripu larria izanez gero medikuaren ziurtagiriarekin edota udalekuetara etortzea eragozten duten ustekabeak edo beharrizan larriak justifikatuz gero.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!