Gai-jartzaile Eskola bertso saioarekin amaituko da Amasa-Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 28a, 11:58

Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabona aukeratu du Gai-jartzaile Eskola urteko proiektuari amaiera emateko. Bederatzi hilabeteko ikastaroan landutakoa praktikan jartzeko Gai-jartzaile Eskolako ikasleek jarriko dizkie gaiak bertsolari seikoteari. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza arituko dira kantuan maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Gurea aretoan, 22:30ean.

Sarrerak 5 eurotan jarri ditu salgai  Bertsozale Elkarteak. Amasa-Villabonan Subijana etxean (Bertsozale Elkartearen egoitzan), RK tabernan eta Amasa kafetegian eskura daitezke sarrerak. Anoetan Itzuli tabernan eta Tolosan Orbela tabernan. Sarrerarik geldituko balitz egunean bertan saioa baino ordubete lehenago zabalduko da aretoko leihatila.

    

Gai-jartzaile eskolaz bi hitz

Pasa den urrian jarri zuen martxan Bertsozale Elkarteak Gai-jartzaile Eskola. Helburua bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremana indartu eta gai-jartzaile lanaz gogoeta egitea izan da. Bertso saioan parte hartu duten bertsolari ia guztiak hizlari izan dira urritik maiatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!