Zizurkilgo Udalaren kudeaketaren inguruko agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 24a, 18:29

Joxe Mari Luengo alkateak eta Nerea Lizarraga alkate ordeak legealdi honetako kudeaketa ekonomikoaren inguruko balantzea eskaini dute gaur. Aurrez, EAJ alderdiko Marian Lazkano alkategaiak egin ditu adierazpenak.

Nerea Lizarragak egin du balantze ekonomikoaren errepaso nagusia: "2011n, gobernura iritsi ginenean, auditoria eskatu genuen, kontu errealen berri izateko. Datuak hotzikara emateko moduak izan ziren: Ia 3 milioi euroko zorra zuen Udalak, banketxeekin, eta beste 460.000koa Foru Aldundiarekin. Gipuzkoako herririk zorpetuenetakoa zen Zizurkil eta horrez gain, faktura asko zegoen oraindik ere ordaintzeko. Zorra kezkagarria zen, baina oraindik ere kezkagarriagoa zen 2003tik 2010a bitarte, urtero urtero maileguak eskatu zirela ikustea. Ahalmen ekonomikoaren gainetik ibiltzeko ohitura zegoen Udalean".

Neurri ezberdinak hartuta, zorra erdira ekartzea lortu duela azpimarratu nahi izan du Nerea Lizarragak: "Zinegotzien dietak kendu genituen, hornidura gastuak ere jaitsi egin genituen eta baita azpikontratatutako zerbitzuak ere, lau urtetan egingo genituen inbertsio guztiak modu esanguratsuan diru-laguntza bidez finatziatzeko modukoak izateko erabakia ere hartu genuen eta erabaki mingarriago bat ere hartu behar izan genuen; batzorde guztiei, euren aurrekontuetan %10eko jaitsiera egitea eskatu genien". 

Egun, Zizurkilgo Udalaren zorra erdira jaitsi dela azpimarratu du Nerea Lizarragak: "Mailegurik ez dugu eskatu lau urteotan eta pixkanaka, aurrez pilatutako zorrak ordaintzen joan gara". 

Joxe Mari Luengo eta Nerea Lizarragaren agerpenaren aurretik, Marian Lazkano, Zizurkilen EAJk aurkezten duen alkategaiak legealdiaren balorazioa egin du "oso pobrea" izan dela esanez, "bai kudeaketa mailan eta baita ekimenetan ere". Aurreko legealdian EAJk "diseinatu, adostu eta tramitatu zituen proiektuak eraman ditu Bilduk aurrera eta aurreko taldearen herentziaren errentetatik bizitzea izan da egin duen bakarra".

Nerea Lizarragak hitz hauei erantzun nahi izan die: "Egoera ekonomiko larrian utzi zuen Udala, eta ez du autokritika txikienarik ere egin. Hausnartzeko zerbait baduela esango nuke. Egia da bere  legealdian gauza onak egin zituela, baina ez dut udte zorpetzeaz eta kudeaketaz hitz egiterik daukanik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!