Biolin errezitaldia Urdangarinen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 24a, 11:15

Mikel Urdangarin Castro andoaindarra ikasketen azken txanpan dabil. Gradu amaierako kontzertua aurkeztuko du ostiral honetan Basteron, iluntzeko 20:00etan hasita. Doan izango da errezitaldia, baina bertaratu nahi duenak gonbidapenak eskuratu beharko ditu Basteron bertan.

Elkarrizketa

Zer dela eta joko duzu Andoainen?
M.U.C. Bost urteren ondoren, aurten amaituko ditut Goi Mailako musika ikasketak. Gradua amaitzeko, azkenengo pausoa kontzertu bat eskaintzea da. Ordubeteko iraupeneko errezitaldi bat izan ohi da eta, egia esan, graduan garrantzi gehien duen kontzertua horixe da. Beraz, aurretik prestaketa handia eskatzen du eta kurtso guztia errezitaldi hori prestatzera bideratuta dago. Ahalik eta hobekien egiteko, garrantzitsua da obra horiek jendaurrean jotzea. Kontuan hartuta kontzertu horretarako hilabete inguru geratzen dela, apirila amaieran Andoainen jotzea erabaki nuen kontzertua aurkezteko.

Gradu amaierako kontzertuaren entsegu moduko bat izango al da?
M.U.C. Bai, ahalik eta gehien jotzea komeni zait eta jendaurrean bada, askoz hobe. Jendaurrean jotzera ohitzeko, eszenatoki gainean pasatzen diren urduritasun eta tentsio horiei aurre egiteko….

Zer suposatzen dizu Andoainen jotzeak?
M.U.C. Ilusio handia egiten dit herrian bertan jotzeak, nire familia, lagun eta ezagunen aurrean jotzea esan nahi duelako. Gainera, musika eskolan hasi nintzen txikitan; beraz, bertara itzultzea bezala izango da. Kontzertu bakoitza erronka bat da, baina ezagunen aurrean jotzeak bultzada eta babes antzeko bat ematen dit.

Bakarrik arituko zara ala laguntzailerik izango duzu?
M.U.C. Guztira bost obra izango dira; horietatik bi bakarrik joko ditut eta beste hiruretan Maruxa Llorente izango dut laguntzaile. Donostiko Profesional Kontserbatorioko piano irakaslea da eta duela hilabete hasi nintzen berarekin entseatzen. Oso profesional ona da eta berarekin jotzea oso erraza da.

Errezitaldia nori dago zuzenduta?
M.U.C. Musika klasikoan gazteak erakartzea zailagoa da, baina adin eta publiko guztiari dago zuzenduta; familia, lagun, ezagun eta andoaindar guztiei.

Zer moduz ikusten duzu zure burua?
M.U.C. Nahiko ondo. Urte osoa prestatzen aritu naiz eta, egia esan, Andoaingo errezitaldia neurgailu modukoaa izango da, non nagoen eta nola nagoen ikusteko. Gaurkoz, ondo ikusten dut nire burua.

Gazte Orkrestan jarraitzen al duzu?
M.U.C. Bai, ikasketez gain, oraindik Gazte Orkestran jarraitzen dut. Dagoeneko seigarren urtea izango da eta oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Gainera, udarako topaketetan Euskadiko Orkestra profesionalean bekadun bezala aritzeko aukera ematen dute. Aurten proba horiek egin nahi ditut.

Zure musika ibilbideko zein puntutan aurkitzen zara?
M.U.C. Bizitzan bezala, musika munduan etengabeko formakuntza ezinbestekoa da. Gradua amaitu ostean, ikasten jarraitu nahi dut. Ziurrenik interpretazio munduarekin lotutako master bat egingo dut. Hortik aurrera, musika eskola edo kontserbatorio batean irakasle bezala, edota orkestra bateko kide bezala ikusten dut nire burua. Bi gauza horiek asko gustatzen zaizkit.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!