Santakrutzak 2015: Erraldoi eta buruhandien konpartsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 24a, 11:11

Erraldoi eta buruhandien konpartsak herritarrei deialdia luzatu diete. Taldea kide aldetik justu samar dabil eta gauzak errazte aldera, herritarrak taldera batzera animatu nahi dituzte.

Konpartsa duela zortzi urte inguru sortu zen, eta garai hartako taldekide berberek jarraitzen dute orain ere. Honenbestez, kide berriei konpartsara gerturatzeko deia egin diete. “Hasieran, pare bat lagun mugitu ziren eta ingurukoei esanez, talde koxkorra elkartu ginen. Urteetan zehar, oso gutxi sartu dira eta banaka banaka jendea uzten joan da”, azaldu du Gari Asensiok. Ondorioz, kide gehiagoren beharrean daude. Izan ere, bizpahiru lagunek huts eginez gero, taldea hankamotz geratzen baita. “Jende gehiago behar dugu gauzak errazago egiteko. Oso justu gabiltza”.
Orain arte bezala jarraituta, etorkizunean taldea arriskuan egon daitekeela uste dute. Taldekideak konpartsa utzi eta utzi joan dira, taldea hankamotz geratzeraino. Horrela jarraituz gero, hil ala bizikoa izango da partaide berrien beharra. “Andoainen jendea ohituta dago erraldoiak ikustera; baina egunen batean falta direla ohartuko dira eta pena hartuko dute. Hutsunea nabarituko dute”, adierazi du Iker Egañak.  

Konpartsa batek jendea eskatzen du. Erraldoien barruan doazenei laguntza emateko, txandaka dantzatzeko, maskuriak edo motxilak eramateko… Lanak txandaka egiten dituzte eta horretarako beharrezkoa da taldekideak egotea. Finean, jende kopuruak taldea baldintzatzen duela aitortu dute.
Jaietan parte hartzeaz gain, urte osoan zehar entseguetara joateko eta taldearen dinamikan sartzeko prest dagoen jendearen bila dabiltza. Konpartsaren parte izatea eta barruko dinamika ezagutzea gustatuko litzaieke. Hala, jende gehiagorekin, ekintza gehiago egin ditzaketela gaineratu dute.

Gogoa izatea, baldintza nagusia
Nahi duena batu daiteke konpartsara, gazte ala heldu. Erraldoiekin ibiltzeko beldur dena ere proba egitera gonbidatu dute. Azaldu dutenez, erraldoiekin pixkanaka ibiltzen ikasten da: “Hasiberri batek hasieran dantzak ez ditu egingo, baina kalejiran ibiltzeko gai izango da. 45 kilo inguruko pisua dute, baina hori baino gehiago, neurria da kontrolatzen zailena. Ondo ibiltzeko orduak eskaini behar zaizkio”.
Adin kontua ere bada, gorputz pixka bat behar delako erraldoiekin ibiltzeko. 16 urtetik gora edukitzea egoki ikusten dute buruhandiez gain, erraldoiak mugitzen hasteko. “Etorri eta hasten badira, oinarri bat hartu dezakete eta urteak pasa ahala, ikasiko dute”. Bestalde, kontuan hartu behar da entseguak iluntzean izaten direla, 21:00etan. Hilean behin entseatzen dute, eta festen aurretik pare bat aste lehenago hasten dira.
Gogoa da taldera batzeko baldintza bakarra. 15 urtekoak ere batu daitezke ikasten hasteko, eta 30 urte ingurukoak animatzen badira, ongi etorriak izango dira, “denei irekita” baitaude.

Lanak, bere ordaina
Emankizun batek lan handia eskatzen du: kamioia kargatzea, jantziak hartzea, hasiera gunera joatea, janztea, emankizunaren ostean berriro buruhandiak eta erraldoiak kamioian gordetzea… “Hori dena egin ostean, afariak egiten ditugu. Edo emankizuna goizez bada, gosaria egiten dugu”.  
Otorduak sari moduko bat dira eta azaldu dutenez, jende askok arrazoi horrengatik hartu izan du parte. Horregatik, konpartsa afariak baino zerbait gehiago direla jakinarazi nahi izan du Juanma Gonzalezek: “gure helburua  konpartsan behar adina jende izatea da, horrelako egunetan kanpoko inori etortzeko esan beharrik ez izateko”.

Harremanetan jartzeko:
andoaingokonpartsa@gmail.com.
636 425 197.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!