Santakrutzak 2015: Koadrilen eguneko antolatzaileei elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 16:21

“Urteroko koadrila eguna izango da, astebete aurreratuta. betiko giroa sortuko da”, antolatzaileak ziur daude aurtengo deialdiak erantzun ona izango duela.

Egitaraua eta elkarrizketa:

Jai batzordea azken uneko antolaketa lanetan buru-belarri dabil. Inoiz ez bezala, betiko jai egitarautik atera eta astebete aurreratu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, txartelen salmenta erritmo onean joan da. Lehengo asterako 400 txartel inguru salduta zituzten eta azken aste honetan saldutakoekin, guztira, 500 lagun inguru elkartuko direla jakinarazi dute. Beraz, urtero ohikoa den bezala, bazkari jendetsua izango da aurtengoa ere.

Koadrilen egunak aldaketa nabarmena izan du aurten. Santa Krutz jaietako egitarauaren parte izaten jarraitzen du, baina maiatzaren hasieran egin ordez, astebete aurreratu dute: “Santakrutzek lau egun soilik irauten dute eta egitaraua oso betea zegoen. Koadrilen egunak beti indar asko izan du, ondorioz, beste ekintzei tokia uzteko asmoz, beste egun batean egitea pentsatu genuen. Horrela, jende gehiagok hartuko du parte koadrila egunean ere”, argudiatu dute. Eneko San Joseren ustez, goizean zehar jendearen parte hartzea ere handiagoa izango da, ez dutelako bezperako parrandaren aitzakiarik izango.
Bada erabaki honen alde ez dagoenik ere. Izan ere, hainbat herritarren aldetik kexak entzun dituzte. “Gazteenen artean nabaritu dugu ez zaiela aldaketa gustatu; diotenez, festetatik kanpo egotea ez omen da berdina izango. Guk ahaleginak egin ditugu beste egunik ez zegoela adierazten eta larunbat honetan izan beharra zuela azaltzen”, dio Leire Oterminek.

Lehen eta orain, antolatzaileak jendearen iritzia jasotzeko irekita daude. Bilera guztiak irekiak izaten dira, beraz, herrikideek edozein iritzi bertan emateko abagunea dute. Jaietako aldaketak adosteko bilera egin zuten otsaila inguruan eta bertan, jai batzordeak eramandako proposamenarekin, hau da, eguna aldatzearekin aurrera egitea erabaki zen. Horregatik, herritarrei bileretara azaltzeko eta bertan beraien iritzia emateko gonbita luzatu diete.
“Nahiz eta Santakrutzak ez izan, bluxak jantzita atera daitezela kalera, herriari kolorea eman diezaioten. Urteroko koadrila eguna izango da, astebete aurreratuta. Betiko giroa sortuko da”, ziurtatu dute antolatzaileek.

KOADRILEN EGUNA LARUNBAT HONETAN

  • 11:00 Bekoplazan hasita herri kirolak, Incansables txarangak alaituta.  
  • 12:00 Gure Esku Dagoren ekimena: “Herritarron borondatea ehuntzen” Zumea plazan.
  • 14:30 Koadrilen bazkaria. Mahaiak jaso ondoren ezustekoa Zumea plazan.
  • 17:30 Koadrilen kalejiraren hasiera.
  • 20:00 Karaokea txosnatan.
  • 22:30 DJ Nemux txosnatan.


Oihal zatiak josiz,
GURE ESKU DAGO EKIMENAREN ESKUTIK

Bestalde, Gure Esku Dago ekimenaren baitan, ekintza berritzaile bat egingo dute eguerdiko 12:00etan Zumea plazan. “Hogei pertsonako koadrilak osatuta, oihal zatiak apainduko dituzte: bakoitzak nahi duena idatziz, marraztuz… Guztiz irekia da. Hori egin ostean, koadrila guztien oihal zatiak elkartu eta josi egingo dira”, azaldu du Antton Arrutik. Herri mailako ekintza hori ekainaren 21ean Anoeta estadioko ekitaldi erraldoira eramango dute. Bertan hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte, herriz herri bildutako oihal-zatiak josiz.
Koadrilen egunaren egitarauan egonik ere, hitzordua herritar guztiei zuzenduta dago. Borondatea duen edonork har dezake parte. Koadrilak txaranga doinuekin plazara hurbilduko dira eta hala nahi duten koadrilek Gure Esku Dago ekimenaren deialdian parte hartu ahal izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!