“Gero eta motozale gehiago dago Andoainen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 14:37

Motozaleak indartsu dabiltza Andoainen eta talde bat sortzeko bidean dira.
Iban Korrotxano eta Iurgi Vitoria herritarrek euren asmoen berri azaldu dute.

Motozaleak bilduko dituen elkartea antolatu nahi duzue Andoainen. Kontaiguzue…
Iban:
Herrian gero eta motozale gehiago gaudela ikusita, ekintza ezberdinak antolatu eta zaletasun bera dugun herritarren bilgune izango den elkartea osatzeko pausoak ematen ari gara. 20tik 50 urtera bitarteko 30 bat lagun gara guztira. Oraindik ez dugu bilgunerik, tabernan edo kideren baten lokalean elkartzen gara.
Iurgi: Gurea ez da Andoaingo lehen motozale elkartea izango; aurrez sortuta, Harley Davidson motozaleen Galduak elkartea ere bai baitago herrian. Ibarrako Langostino moto festaren antolatzaileetako batzuk izan ziren. Gure elkarteak denetariko motoak bilduko ditu eta motozale guztiak andoaindarrak izango gara.

Iaz dagoeneko, eskualdeko motozaleen topaketa antolatu zenuten. Aurtengorako ere baduzue asmorik… Zein?
Ib.:
Iazko azaroan 60 lagunetik gora bildu zuen motozaleen topaketa antolatu genuen. Moto ibilaldia egin genuen lehenengo eta arratsaldean itzuli ginen herrira. Motoarekin hainbat pista jolas egiteaz gain, kontzertua ere izan zen iluntzean.
Iu.: Aurtengo topaketak hainbat aldaketa izango ditu. Batetik, data zertxobait aurreratu eta urrira ekarri nahi dugu, eguraldia seguruagoa izaten baita. Bestetik, iaz herritik kanpo igaro genuen ia egun guztia eta, aurten, moto ibilaldi laburragoa egin ondoren, bazkaltzerako itzuli nahiko genuke Andoainera, pista jokoekin nahiz iluntzeko kontzertuarekin herri giroa sortuz. Aurten 100 motozaletik gora biltzea aurreikusten dugu eta kokalekua erabakitzen ari gara.

Zer nolako harrera izaten dute motozaleen topaketek? Batetik bestera ibiltzeko ohiturarik ba al duzue?
Ib.
: Garai batean izugarrizko oihartzuna izaten zuten topaketek. Gerora zertxobait behera egin zuten, zaratak zirela-eta, antolatzeko trabak sortzen zirelako. Gure ustez, topaketa horiek giro ona sortzen dute eta mugimendua nahiz dirua ekartzen dute herrira.
Iu.: Guk herrian bertan antolatu nahiko genuke festa eguna, motoekiko zaletasun handia egoteaz gain, ekimen ezberdinak kalean erakustea aberasgarria iruditzen zaigulako.
Ib.-Iu.: Topaketa ezberdinetara joan izan gara. Bat aipatzekotan, Valladolid inguruko herrietan antolatzen den Pinguinos topaketa aipatuko genuke. Europa mailako handienetakoa da. Gainerakoan, uda partean bereziki, herri askotan antolatzen dira motozaleentzako festak. Zaletasun bera duten pertsonekin elkartu eta haiekin partekatzeko oso hitzordu egokiak izaten dira.

Noiz piztu zitzaizuen motoekiko barruko harra?
Ib.:
Aita motozale amorratua izan da beti eta etxean ikusitakoa jaso nuen nik ere. 3 urterekin hasi nintzen moto gainean ibiltzen.
Iu.: Betidanik erakarri naute motoek, txoko ezberdinak ezagutzeko askatsuna ematen dutelako. 13 urte nituela hasi nintzen zertxobait eta 15 urterekin, anaiaren moto zaharra herentzian hartu ondoren jarraitu nuen serioago.

Zein oztoporekin egiten du topo motozaleak errepidean?
Iu.:
Errepide asko egoera txarrean daude eta ez dute konpontzen apenas dirurik gastatzen. Europa aldeko beste herrialde batzuetan errepideak ondo mantentzen saiatzen dira, baina hemen ez da halakorik gertatzen. Errepidea egoera txarrean egoteagatik gertatzen dira istripuak askotan, esaterako, lurrean olioa dagoelako. Saihesteko moduko arrazoiak istripu sortzaile izaten dira maiz.
Ib.: Egunetik egunera trafikoa handitzen ari da errepideetan, baina, oro har, motozaleak ez dira errespetatzen. Argi dago hainbat errepidetan ezin dela motoz ibili. Motoan taldean ibiltzea seguruagoa da, auto gidariek gehiago errespetatzen baikaituzte. Motozaleekin bezala, gauza bera gertatzen da txirrindulariekin ere; bata zein bestea babesik gabe ibiltzen gara errepidera bakarrik ateratakoan.
Motozaleak, oro har, gaizki ikusiak gara errepidean, baina hiri handietan bereziki, trafikoa arintzen laguntzen dugu.
Iu.: Fama txarra hartu dute motozaleek. Askotan, beltzez jantzita eta moto handietan ikusteagatik. Baina, oro har, oso jende on eta jatorra da. Beti laguntzeko prest dagoena.


MOTZEAN

Gustuko motorra:
Iu.:
Denak gustatzen zaizkit. Motor deportibo zahar bat oparitu zidaten eta pixkanaka hura berritzen ari naiz.
Ib.: Deportiboa eta mendikoa ditut nik. Neguan errepideak bustita egoten direnez, mendi aldera jotzen dugu lokatzetan ibiltzera.

Gogoan gordetzen duzuen moto bidaia?
Iu.:
Andorrarako bidea bereziki polita iruditu zitzaidan eta gogoan dut koadrilako lagun batekin batera, Segovia-Salamanca-Madrilera eginiko irteera. Norabaitera motoz abiatutakoan, bide zaharretatik joaten ahalegintzen gara; ahalik eta autobide gutxien hartzen. Ikuspegiak askoz hobeak izaten dira eta trafikoa arinagoa, mendi bideak hartuta.
Ib.: Duela bi urte, Santandertik pasa, Picos de Europatik barrena, Galiziako kosta guztia zeharkatu genuen. Oso bidaia polita izan zen.

Egiteke daukazuen bidaia?
Iu.:
Udan Portugalera joateko asmoa dugu eta bidaia luzeago bat egitea ere gustatuko litzaidake Norbegia aldera. Horretarako, ordea, denbora eta bereziki dirua behar dira. Motorrean ibiltzea zaletasun garestia da.
Ib.: Udan Portugalera joateko asmotan naiz ni ere, aurrez Huelva aldera jaitsita.

Biderako, paperezko mapa edo GPS-a?
Ib.:
Paperezko mapak izugarri gogoko ditut. Autoan GPS-a erabiltzen dut tarteka, baina moto ibilbideetan paperezko maparekin ibiltzea gustatzen zait, presarik gabe joaten naizelako.
Iu.: Nik ere GPS manuala erabiltzen dut. Askotan motoz egin behar dugun ibilbidearen mapa zatiak inprimatzen ditut. Autoarekin helmugara iritsi nahi izaten da berehala, baina motoak inprobisatzeko aukera gehiago eskaintzen du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!