“Emakumea bere senaz baliatuta, beti izan da erditzeko gai”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 14:28

Alazne Apalantza errezildarra da jaiotzaz, baina Villabonan bizi da azken urteotan. Fisioterapeuta da lanbidez, haurdunekin egiten du lan batik bat, baita ama berriekin ere.

Fisioterapeuta lanen baitan, haurdunen nahiz ama berrien osasungintza lantzen duzu azken aldian. Kontaiguzu…
2007an amaitu nituen Fisioterapia ikasketak eta lan bat bestearekin konbinatuz ibili ondoren, egun Ibarrako kontsulta batean aritzen naiz. Betiko fisioterapia traumatologikoa lantzeaz gain, haurdunaldi eta erditzeko espezializazioak ere ikasi nituenez, gai horietan ari naiz bereziki gaur egun. Azkoitia eta Zarauzko bi zentrotan ere aritzen naiz erditze aurreko eta ondorengo nahiz zoru pelbikoaren inguruko saioak eskaintzen. Gai horiek lantzeko beharra handia da oraindik ere, fisikoari lotutako ezagutza falta handia baita. Kasu askotan, haurdunaldian zehar nahiz erditu ondorenean ez da jakiten zer den normala eta zer ez; episotomia kasuetan, zein diren haren eraginak; harreman sexualekiko ere gauza bera. Belaunaldi berriek askatasun sexualari begira aurrerapausoa eman duten arren, pelbisak, zoru pelbikoak edo genitalek gure gorputzeko atal ezezagunak izaten jarraitzen dute. Amatasunaren alorrean zalantza eta mito berdinak errepikatzen zirela ohartu nintzenean ekin nion gai horiek lantzeari, jakin-mina piztu baitzitzaidan. Guk Villabona eta eskualde mailan zorte handia dugula esan behar dut, Carmen Ferro baita bertako emagina eta erreferentzia handia baita bai emozionalki nahiz fisikoki haurdunaldiak aurrera eramaten laguntzen.

Zer lantzen duzu erditze-aurretiko eskoletan?
Batetik, gorputz kontzientzia; gorputza bera ezagutaraziz. Oso garrantzitsua da pelbisa edo zoru pelbikoa ezagutu eta nola mugitzen den sentitzea, mugimendu hori ezagutu ezean erabilpen eskasa emango baitzaio gero erditze gelan. Ama eta haurrarentzako mugimendu eta postura egokiak ere erakusten ditut, erditzeko mina eramangarriago egin eta segurtasuna emanez. Izan ere, emakumeari ez zaio erditzen erakutsi behar; bere senaz baliatuta, beti izan baita horretarako gai. Modernizazio edo medikalizazio garai honetan, ordea, mugatuta dago sen hori eta gure gorputza horretarako gai dela ulertarazten saiatzen naiz. Batzuek saioetara bikotean etortzeko hautua egiten dute, haurdunaldian zehar ez baita erraza izaten bikotearen papera. Garrantzitsua da haiei ere prozesua ezagutarazi eta parte har dezaten erremintak ematea. Egun, sozialki, haurdunaldiaz hizketan hastean, erditzeaz hitz egiten da gehien, baina prozesu osoa hartu beharko litzateke kontuan, bizipen ezberdinen kontzientzia hartuz. Sarritan, emakume asko erditze eguna iritsi arte ez da konturatzen datorkionaz eta, iritsitakoan, ez da egoera ondo kudeatzeko gai izaten. Betiere fisioterapeutaren alorrean aritzen gara lanean, gure eskumenetara mugatuta; emagina baita haurdunaldian zehar emakumearen osasunaren arduraduna. Gurea lan osagarria da. Guk ematen dugun zerbitzuak inoiz ez du emaginaren lana ordezkatuko, behar-beharrezkoa baita. Fisikoki prestakuntza gehigarria da gurea.

Zer hartu behar da kontuan erditu ondorenean?
Gehienetan ez gara ohartzen erditu ondorenean zein garrantzitsua den lehen asteetako deskantsua, umetokia edo gorputzeko egiturak bere tokira itzuli eta berriz ere funtzionamendu egokia izan dezaten, edota zoru pelbikoaren zaintza. Gehienetan bularra ematea erabakitzen duten emakumeentzat behintzat, edoskitzea da kezka nagusia eta baita kalean gehien entzuten dena ere. Puntuak ere kezka iturri  izaten dira, baina badirudi puntuak erori edo kendutakoan ahaztu egiten direla, zona pelbikoan izan dezaketen eraginaz ohartu ere egin gabe. Informazio falta handia da. Emaginek erditu ondorenean odol jarioak normalak noiz diren jakinarazten duten bezala, guk pixari eusteko gaitasunaren inguruan edo harreman sexualetan sarketa mingarri izatea noiz den normala adierazten dugu, erditze aurreko saioetan hasita. Erditu ondorengo emagin eta ginekologoaren errebisioak eta gero, zoru pelbikoaren azterketa egitea gomendatzen dugu eta zonalde hori lantzea. Izan ere, zifrak izugarriak dira: Erditu ondoren bost urtera, hirutik emakume batek gernu inkontinentzia izaten du. Ama gazte aktiboak izan edota aparteko arazorik gabeko erditzea izan arren, hortxe dago gero eta gehiago errepikatzen den faktore hori. Haurra jaiotakoan loa, bularra, ordutegiak edo lanaren itzulerari begira egoten da gehiengoa, baina ez zaio nahikoa garrantziarik ematen gure osasun intimoari.

Behar-beharrezkoa da, ordea...
Dudarik gabe, egunerokotasunean zoru pelbikoa kaltetu dezaketen arrazoiak aztertu eta zuzentzea oso garrantzitsua da etorkizunari begira. Sarritan arazoa aurreratuta dagoenean etortzen zaizkigu emakumeak eta kasu batzuetan berandu izaten da. Erditu ondorenean profesionalen batek tonu muskularra aztertzea oso garrantzitsua da. Onena, noski, haurdun geratu baino sei hilabete lehenago kabia prestatzen hastea da eta haurra izan ondoren zortzi bat hilabetez lantzen jarraitzea.
Hala ere, gernu jarioa ez dago amatasunari soilik lotuta: inpaktuzko kirolek, dantzak, haizezko instrumentuak jotzeko esfortzuak, asko hitz egin beharrak edota postura txarrek ere sor dezakete.

Datuak, zenbakitan
  • Lehen umea erditu eta 5 urtera, emakumeen 3tik 1ek gernu inkontinentzia izaten du.
  • %19k gernu galerak, haurdunaldian galerarik ez izanda ere.
  • %42ak gernu galerak, haurdunaldian eta lehen hiruhilabetean galerak izanda.
  • %92ak gernu galerak, haurdunaldia eta lehen hiruhilabete ostean ere galerak izanda.
  • Sabelalde eta zoru pelbikoko muskulaturaren ahultzea gernu inkontinentziaren kausa garrantzitsuenetakoak dira, pelbiko organoen erorketarekin batera. Lan, jarrera eta postura hiperpresiboak, inpaktu kirolak edota idorreria pisuzko faktore dira.
  • Erditu eta 3 hilabetera, emakumeen %10ak zoru pelbikoa ahula du, eta handik 3 hilabetera zifra hori %80ra handitzen da.

Rallyetako podiumeko kopilotu
Azken urteotan utzi samarturik badauka ere, zaletasun bitxia du Alaznek: Rally kopilotua da.
Auto, moto eta abiadura zalea izan da Alazne umetatik eta 2006 urtean, aitarekin batera hartu zuen parte lehenengoz rally lasterketa batean. “Lehen karrera hura gaizki atera zitzaigun eta beste batean parte hartzea erabaki genuen hura konpentsatzeko”. Pixkanaka lasterketa gehiagotan parte hartzen hasi eta 2010 urtean ama izan arte jarraitu zuen lehiatzen. 2011n berriz eutsi zion, Angela Vilariñorekin batera rallyetako lehen neska taldea osatuta. Geroztik, 2012an karrera solteren batzuetan hartu zuen parte eta bigarrenez ama izandakoan alboratu egin zuen. 2006tik 2012ra Euskal Herriko txapelketetan lehiatu zen beti, sari ugari eskuratuz. Automobilismoak oso lagun onak eman dizkiola dio eta lehen urteetan lasterketak irabaztea helburu bazuen, azken urteetan lehiari baino gozatzeari eman ziola garrantzia gehiago. “Zortea izan dut kotxe onetan eta aurrean ibiltzeko aukera izan dudalako eta asko gozatu dut”.

Kopilotua, pilotuari oharrak azalduz
Motorra ez da seguruenik emakume gehienen elkargunea, baina azken urteotan zaletasunak gora egin duela aipatu du Alaznek. “Ni hasi nintzenean baziren Aintzane Goñi edo Sara Fernandez bezalako ereduak eta orduan hasi ginen irabazteko postuetan ibiltzen ziren kotxeetan gizonezko pilotuekin kopilotu lanetan; pilotu batzuek emakumeak zuzenagoak, zorrotzagoak, txukunagoak edota arinagoak ginela baitzioten. 2011 urtera arte, gizonezkoekin batera aritu izan nintzen beti eta garai hartan kopilotuen artean podiumerako borrokan genbiltzanak neskak ginen”. Kopilotu gisa aritu izan da beti Alazne eta euren  betebehar nagusia pilotuari bere oharrak azaltzea dela argitu du, “entrenamenduetan lasterketako zatiren bat ikustera joandakoan, pilotuak bidean ikusten dituen ezaugarrien erreferenteak hartzen ditu. Karrera egunean, pilotuaren notak azaldu behar ditu kopilotuak. Hori da gure ardura nagusia, denbora neurtzearekin edota material nahiz paperak gainbegiratzearekin batera”.

Eroso, lau gurpilen gainean
Berdintasuna aldarrikatzen duen momentutik, ez du sekula meritu gehiagorik sentitu emakume izanda egin duen bideagatik, “gustatu egiten zait eta zortedun naiz zaletasuna lantzeko aukera izan dudalako. Ez dut sekula neska naizela azpimarratu, naizena naiz eta gustatzen zaidana egin dut. Garai batean zaletasun arrarotzat jotzen zen, baina egun zabalduta dago; pilotu nahiz kopilotu bezala gero eta neska gehiago aritzen da. Gustuko duena proba egitera animatuko nuke, gauzak txukun eginda afizio polita baita”. Rallyek oraindik ere tira egiten diote Alazneri, barruko harra piztuta daukala dio, ingurukoek beti aurrera egitera animatu dutelako. “Alabak jaio zirenetik, ordea, zerbait aldatu da nigan eta errespeto gehiago ematen dit. Horrez gain, denbora falta ere badut. Oso zorrotza naiz nire buruarekin eta berriz hastekotan, nire pilotuarentzat gogoz nahiz atentzioz %100ean egon behar dudala uste dut. Eta oraindik behintzat ez dut aukera hori ikusten”. Rallyak ez badira ere, bakardadean autoa bere erara gidatzea gustatzen zaio. Eroso sentitzen da lau gurpilen gainean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!