Amazon sareko eleberrien lehen postuetako egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 14:26

Macarena Sanchez zizurkildarrak eleberri erromantikoak idazten ditu  eta bere lanek sekulako arrakasta eskuratu dute Amazon sarean.

Nolatan ekin zenion eleberri erromantikoak idazteari?
Asko irakurtzen nuen eta nik ere egin nezakeela pentsatuta hasi nintzen idazten. Betidanik idatzi dut, baina niretzat. Ez zen sekretua baina, ez lagunek, ez etxekoek…, nire lanak ez zituen inork irakurtzen. Nire zaletasuna zen, besterik gabe. Orain bi urte pasatxo, ordea, nire liburuetako bat Amazon sarean jartzera animatu nintzen eta bat-batean, Estatu Batuetako dendan –hegoamerikar gehienek liburuak erosten dituzten gunea- lehen postuan jarri zen, ni ohartu ere egin gabe. Hilabeteak eta hilabeteak egon zen lehen postuan eta pixkanaka, lan zaharrak argitaratzen nahiz berriak idazten hasi nintzen. Facebook bidez, herrialde ezberdinetako irakurleekin dut harremana.

Saretik paperera ere igaro zara!
Argitaletxeak zain-zain egoten dira eta nire liburuek irakurleen aldetik harrera ona zutela ikusita, fitxatu egin ninduten. Paperean hiru errelato argitaratu ditut: Ediciones B eta Arlequin argitaletxeekin.
Niri, oraindik ere, kosta egiten zait idazle naizela esatea. Berez etorri zait argitaratzeko aukera, pentsatzen jarri izan banintz, ez dakit egingo ote nukeen. Zortzi bat lan ditut Amazon sarean jarrita eta bi paperean argitaratuta (beste bi bidean).

Zaletasunetik abiatuta, mundu berri bat ireki zaizula esango al zenuke?
Zizurkilen bizi naiz eta hemen inork gutxik daki liburuak idatzi eta argitaratzen ditudanik. Lanbidez, X izpien teknikoa naiz eta idaztea nire ‘beste bizia’ da. Batak ez dauka bestearekin zerikusirik. Bi kongresutan izan naiz eta idazleen artean zein ezberdintasun dauden konturatu naiz: Batzuk, ni bezala, idazteaz gain beste lan batzuetan aritzen dira. Besteak ez. Ni oso kontziente naiz oraintxe oso modan dagoen kontua dela hau eta bihar seguruenik ahaztu egingo nautela. Dibertigarria da, baina era berean, oso egoera arraroa. Gogoan dut parte hartu nuen lehen kongresuan, ileagatik, atzetik ere ezagutu egin ninduela jendeak. Nire interneteko Arwen Grey pertsonaiaren eta nire bizimodua oso ezberdinak dira, ez dute zerikusirik eta nahiago ditut bereizita mantendu.

Nola definituko zenuke nobela erromantikoa?
Lehen fama txarra zeukan nobela erromantikoak, etxekoandreek irakurtzen zuten nobela mota zen, ezkutuan edukitzen zena. Orain, berriz, modan dago eta jendea ez da horretaz lotsatzen; trenean bertan irakutzen da.
Garai batean amerikar edo ingeles emakumeen lanak soilik argitaratzen ziren eta bat-batean, espainiar bat hasi zen idazten. Aurreiritzi asko zegoen hasieran; gaztelaniaz idatzita egoteagatik txarra zela uste baitzen. Orain modan dago gaztelaniz eta estatuko idazleek idatzitako eleberriak irakurtzea. Modu batean argitaletxeek bideratu dute hori hala izatea, ekonomikoki beraiei askoz ere hobeto baitatorkie.
Garai guztietan kokatuta idazten da eleberri erromantikoa; egun, Ingalaterran XIX. mendean kokatutakoa da kutunena. Izugarrizko arrakasta du. Eleberri paranormalak ere bai, fantasia kutsua duenak. Eleberri erotikoa ere bogan dago. Nik garaikidea eta historikoa lantzen ditut gehien, nahiko klasikoa naiz. Erotikoa egun lantzen den moduan ez zait batere gustatzen; oso matxista iruditzen zait eta ez batere modernoa.

Hitzaldia
Atxulondo maiatzak 12. 19:00

Sormena, sortzeko modu berriak  saioan, liburu bat idazteko ideia burura etortzen denetik argitaratu arteko pausoak azalduko ditu, prozesu osoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!