Udal ordezkariek Oporrak bakean programan parte hartzeko dei egiten diete eskualdeko familiei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 13:10

Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak Oporrak Bakean egitasmoa antolatu du, eta eskualdeako zenbait Udalek nahiz Tolosaldea Sahararekin Elkarteak aurten ere bat egin dute egitasmoarekin. Atzo arratsaldean Tolosan agerraldia egin zuten ekimenaren helburuak azaldu eta herritarrei haur sahararrak etxean hartzeko gonbitea luzatuz:

Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak Oporrak Bakean egitasmoa antolatu du, eta eskualdeako zenbait Udalek nahiz Tolosaldea Sahararekin Elkarteak aurten ere bat egiten dute egitasmoarekin. Ekimen honen bidez, Saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren 7 eta 12 urte bitarteko haurrak bi hilabetez gure artera ekartzen dira. Hala, beste behin ere, beraien irri eta barreak gurera ekarri nahi dira Mendebaldeko Saharako errefuxiatu kanpalekuetako berotik babestuz. Izan ere, desertuan, udan 60º inguru egiten ditu, eta Tolosaldean egiten duten egonaldiaren ostean indarrak hartzen dituzte, eta bitamina nahikoa hartu, negu hotzari aurre egiteko.  

Jakina da, duintasunez beteriko herri hori garai gogorrak bizitzen ari dela eta garrantzitsua da azken boladan sentitu izan duten bakardadearen horma botatzea eta horretarako Oporrak Bakean egitasmoak garrantzia handia du. Beraz, programa hau aukera ezin hobea da gure eskualdeko familientzat esperientzia berri bat bizitzeko, beren etxeak ume hauei ireki eta beraiekin batera ikasteko. “Guk beraiengandik, beraien ohituretatik eta beraiek gugandik”.

Udal ordezkarien hitzetan, “Elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri, haurrek saharar errefuxiatu kanpamentuetatik oso ezberdinak diren gauzak ikasten dituztelako, eta guretzat herri xume honek dituen baloreak, kultura, egoera ezagutzeko”

Urtero bezala, neska mutil hauek ekaina amaieran edo uztail hasieran etorriko dira eta iraila bitarte izango dira eskualdean. Baina horretarako Tolosaldeko familia desberdinak behar dira, beraien etxeetan gazte hauek egon daitezen. Eman beharreko bakarra lotarako toki bat da eta jasotzen dena berriz asko.

Programa honen bidez, jada asko izan dira gure eskualdetik pasatako gazte sahararrak eta honen bidez, osasunez bete, lagun berriak egin eta indarberrituta joaten dira beren lurraldeetara bueltan. Epe honetan, mediku frogak eta kontrolak pasatzeko aprobetxatzen da, beraien kanpalekuetan egin ezin dituzten frogak egiteko hain zuzen. Hala ere, irribarre batekin ahoan itzultzen dira bueltan eta esperientzia ahaztezina da beraientzat.

Tolosaldeko Udalek, beraz, familiei dei egiten die eta animatzeko esan, beraien artean haur hauetako bat jasotzeko. Horretarako, interesatuek, eskualdeko Udaletako gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan, gero, dena bide beretik koordinatu ahal izateko. Horrenbestez, programa honetan nahi duen orok parte hartu dezake, soilik  gogoa da izan beharrekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!