Bizitza osoa, arkatz eta brotxari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 10:29

Apirilaren 23tik maiatzaren 15era Seve Iglesias margolari billabonatarraren lanak ikusgai izango dira Gureako erakusgelan.

Paisaiak, erretratuak eta lan abstraktuak bilduko ditu Severen erakusketak, dotorea, gertukoa eta erakargarria izango dela aurreikus daitekeenak. Paisaien artean, baserria hartu du oinarrian, Amasako baserriak gehienbat. Baina baserriaren ohiko ikuspegian baino, baserrien alderdi gordeagoetara jo du. Paisaien artean izango dira, halaber, Villabonako arkitekturan, berritu ondorenean, erakargarritzat jotzen dituen eraikuntzetan oinarritutako margolanak ere. Bere ibilbide osoa azalduko du erakusketan eta erakusgai guztien artean, erretratuak nabarmendu nahi ditu bereziki, “guztiz utzita neukan alor hori eta erakusketari begira, berriz eutsi diot erretratuak egiteari. Argazkietan oinarrituta margotzen ditut, txuri-beltz edo koloretan, arkatzez edo brotxaz”, azaldu du. Erakusketaren atalik erakargarriena izango da seguruenik, aurkeztuko dituen erretratu guztiak herritarrenak baitira. Margolanak dira, askok argazkiak badirudite ere. Neurri apalagoan, lan abstraktuak ere ekarriko ditu Gureara, tarteka marrazki ez figuratiboa lantzea ere gogoko baitu. Nahikoa material badaukanez, aurrez erakutsi gabeko lanak izango dira guztiak.

Lanak erakutsi
Herrian erakusketak antolatzea oso aberasgarria da Severentzat eta, bere ustez, zerbait egiten dakien jendeak erakutsi egin beharko lituzke bere lanak, “batzuei lotsa ematen die egiten dakiena erakusteak, baina guztiontzat aberatsa dela uste dut. Herrian jende asko dago eskulanen bat lantzen duena eta sorpresa politak hartu ditut erakusketei esker”. Herrian bertan Gureako erakusgela hain eskura edukitzea aprobetxatzeko moduko aukera dela gaineratu du, “izan ere sekulako zortea baita inolako alokairurik ordaindu gabe erakusgela herritarron eskura izatea. Esaterako, Donostian, Orion edo beste hainbat lekutan ere jarri izan ditut nire lanak ikusgai, baina hainbat eskaera bete behar da, herrian ez bezala”. Erakusketak irauten duen hiru asteean zehar erakusgelan bertan egongo da Seve, erakusketara gerturatzen diren ikusleekin hitz egin eta iritziak elkartrukatzea izugarri atsegin baitu, oso onak eta osasungarriak iruditzen zaizkio ikusle eta egilearen artean sortzen diren elkarrizketak, “herri txikietan ez dira hilabetero antolatzen halako aukerak eta aprobetxatu egin behar dira”. Hortxe gonbidapena, beraz.

Artista polifazetikoa
Arkatzarekin nahiz brotxarekin margotzen du Sevek. Brotxaren kasuan, aldaketa nagusi bat egin du azken urteotan oleotik akrilikora pasaz, “oleoz margotzen genuen margolari gehienak akrilikora egin dugu jauzi, akrilikoak azkar lehortzearen abantaila baitauka eta lehortu arte zain egon beharrean, lanean jarraitzeko aukera eskaintzen baitu”, adierazi du. Pinturarekin batera, eskultura ere landu izan du Sevek, baina azken boladan utzita dauka, “dena ezin baita”. Era berean, pirograbatuaren artea ere lantzen du eta bere hainbat lan ikusgai dago, Villabonako Xiker tabernako aulkietan, esaterako. “Pinturaren baitako oso arte polita da pirograbatua, aukera zabala eskaintzen duena”, azaldu du. Bestalde, logotipoak sortzen ere artista da eta herriko hainbat talderentzako irudiak sortu ditu, Oinkari dantza taldearentzat edo egun lehendakari den Irrintzi elkartearen Garagardo Azokarako, “pinturatik at, mezua oinarrian hartuta, kamisetetarako edota iragarkietarako logotipo eta irudiak sortzea gustatzen zait gehien”. Berak diseinatu eta margotzen ditu janzten dituen kamisetak.
Eskola garaitik margotzen du Sevek, baino pena du ez duelako sekula arte irakaslerik izan. Autodidakta da guztiz. Margotzea bere zaletasun nagusia da, ez du sekula ogibide bihurtu. Hainbat lan saltzen badu ere, oparitu egiten ditu beste asko. Egun lantegiko bere lanetik jubilatuta dago eta margotzeko denbora gehiago izanagatik, zailago egiten zaio antolatzea: “Lehen lanetik atera eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera, egunero hartzen nuen margotzeko tartea. Orain, egun guztia edukita, zailagoa egiten zait ordutegiak antolatzea”, aitortu du.


Motz-motzean

  • Margolaria: Van Gogh eta Joaquin Sorolla.
  • Margolana: Ez daukat zehatzik.
  • Kolorea: Beltzetik txurirako gama. Matiz asko ditu.
  • Estiloa: Figuratiboa.
  • Materiala: Akrilikoa.
  • Zure lanik gogokoena: Arratzaindik Erniora bitarteko paisaia ageri den segalariaren koadroa. Erakusketako kartelerako irudi hori erabili dugu eta azken lan guztien artean gogokoena dut.
  • Egiteke daukazuna: Erakusketa amaitu ostean, itsasoarekin lotuta margoak lantzen hasteko gogoa dut.




Erakusketa
Paisaia, erretratu eta margolan abstraktuak.
Apirilak 23-Maiatzak 15.
Astegunetan 18:00-20:30.
Larunbatetan 10:30-13:00.
Gureako erakusgelan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!