Zizurkilgo historia taula gainera, herritarren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 10:27

Zizurkil Tolosagandik banatu eta herri gisa sortu zela 400 urte beteko dira aurten. Urteurrenaren harira, herri antzerkia prestatzen ari dira. Iraitz Lizarraga da zuzendaria.

Zizurkilen 400. urteurrena izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren gai nagusia. Prestatutako ekitaldi sorta zabalaren artean, indar berezia izango du herri antzerkiak. Zizurkilen historia kontatzen du maiatzaren 16an taularatuko duten antzezlanak eta Iraitz Lizarraga zizurkildarra ari da zuzendari lanetan. “Herri antzerkia prestatzen hasi ginenean, oso garbi genuen bi muin nagusi izan behar zituela; batetik, herriaren historia kontatu nahi genuen, eta bestetik, herritarren parte hartzea bultzatu nahi genuen. Zizurkilen badira musikariak, dantzariak, antzerkian dabilen jendea..., indar hori guztia bildu nahi izan dugu”.
Azaroa inguruan hasi ziren lehendabiziko bilerak egiten. “Antzezlanaren lehendabiziko zirriborroa prestatu genuen. Herriaren historia kronologikoki jarraituz, gidoiari forma ematen hasi ginen. Igotz Alkortak idatzi zuen testua, eta neronek egin nizkion moldaketak, baina jende asko ibili da zirriborroa prestatzen”.
Herritarrak, taula gainean
Gidoia prestatuta, jendea biltzeko lehendabiziko deialdia egin zuten. “Musikan edota dantzan zebiltzan norbanakoek pozik erantzun zuten eta, antzezle lanetarako, deialdi orokorra zabaldu genuen herrian barrena. Oso pozik hartu zuten denek proposamena, horrelako ekimen batean parte hartzeko gogo handia erakutsiz”. Denera jende kopuru handia biltzen da entseguetan, eta ez da erraza izan saioak bideratzea. Pixkanaka, ordea, antzezlana forma hartzen joan da eta lanak aurreratzen ari dira.
Berrogeita hamar bat pertsona igoko da taula gainera maiatzaren 16an, guztiak herritarrak. Iraitz gustura dago egiten ari diren lanarekin: “Asko eta asko sekula antzerkian ibili gabekoak dira, baina oso ondo egiten dute. Eszenatokira igoko direnez gain, beste herritar asko ere ari da parte hartzen; eszenografia sortzen, argazki zaharrak biltzen, arropak josten, musika piezak sortzen, koordinaketa lanak egiten, etab. Lan handia egin dute, esaterako, Teodoro Hernandorena taldeko kideek, herriaren historia bildu eta antzezlanean islatzen”.
Musika, dantza eta antzerkia uztartuko ditu herri antzerkiak. Hala azaldu du Iraitzek: “Ez da erraza hiru elementu horiek ondo uztartzea. Logika bati jarraituz txertatzen ez badira, emaitza oso behartua gera daiteke. Buruari buelta batzuk eman behar zaizkio eszenen arteko trantsizio egokiak moldatu ahal izateko. Lehen entsegu orokorrak eginda, emaitza polita izango dela iruditzen zait”.

Zuzendari lanak
Taula gaineko lanetan ohitua dago Iraitz, baina oraingoan, zuzendari lanetan aritzea egokitu zaio. “Horretan ere badut esperientziarik. Lan txiki batzuetako zuzendari izan naiz Txalo konpainian eta zuzendariaren laguntzaile gisa, berriz, esperientzia zabala dut. Asko ikasteko aukera eman dit laguntzaile lan horietan aritzeak, izan ere, detaile guztiak ondo zaintzea egokitzen baitzaio zuzendari laguntzaileari. Interpretazioaren arloa zuzentzea da niri gehien gustatzen zaidana, baina beste hainbat gauza hartu behar da kontuan antzezlan bat taularatzeko garaian; arlo teknikoak, eszenografia, etab”.
Zizurkildarrak arituko dira antzezle lanetan, maiatzaren 16an,“gehienak, inoiz antzerkian aritu ez direnak. Aholku batzuk eman dizkiet, baina helburua ez da antzezle profesionalak sortzea. Lotsa galtzea da gehien kosta zaiena; antzezle direla sinestea. Gure burua etengabe epaitzeko joera izaten dugu interpretazio lanetan hasten garenean eta horixe da gertatzen zaiena. Pixkanaka, lotsa hori galdu eta paperean sartzen joan dira. Jendaurrean aritzeko eguna iristen denean, erreakzio ezberdinak izan daitezke; pertsona batzuk hazi egiten dira eszenatokian, eta beste batzuk urduritasunak jota geratzen dira; hori ezin dugu aurreikusi”.

Aberasgarria
Herri antzerkia prestatzea oso prozesu aberasgarria izan da Iraitzen ustez: “Adin eta izaera ezberdineko jende asko elkartu gara. Elkar ezagutu eta lanean aritzeko aitzakia polita izan da, eta oso giro polita sortu da. Zizurkil goi eta behekoak, gazteak, helduak, haurrak..., denetarik dago taldean eta horiekin tratu zuzena izatea oso polita izaten ari da; asetuta sentitzen naiz. Zuzendari gisa, bestalde, asko ikasteko aukera eman dit herri antzerkiak”. Zuzendaria den aldetik, antzezlanaren alde teknikoa zaintzea ere bere ardura da, “eta, alde horretatik, nahiko obra konplikatua da. Musikari askok hartzen du parte, eta mikrofono asko beharko dugu. Horrez gain, argiteriak ere bere lanak eman dizkigu. Giro bereziak sortu nahi ditugu argien bidez. Baliabide eszenografikoak oso sinpleak izango direnez, garrantzia berezia hartuko du argiak. Teknikariekin elkarlanean ari gara argiteriaren diseinurik egokiena bilatu nahian”.
Apirilaren 12an egin zuten lehendabiziko entsegu orokorra. “Ordura arte, taldekako entseguak eginak genituen. Antzezlan osoaren ikuspegia izateko, ordea, behar-beharrezkoa da guztiak elkartu eta entsegu orokorrak egitea. Lehendabizikoa eginda, gustura geratu nintzen. Moldatu beharreko gauzak ere ikusi genituen, eta oraindik badaukagu horretarako tarterik”, azaldu du Iraitzek.
Ordu eta laurden pasatxo iraungo du maiatzaren 16an taularatuko den herri antzerkiak. Lehen entsegu orokorra eginda, “luzetxo geratu zaigula uste dut, eta orain, mozketak egiteko momentua iritsi da. Oso lan zaila da hori, izan ere, mimo osoz prestatu dugu eszena bakoitza eta orain zerbait kendu beharra mingarria da”, azpimarratu du zizurkildarrak.  

Hunkigarria
Herri antzerkia ikustera joateko deialdia zabaldu nahi die Iraitzek herritarrei: “Harrituta geldituko dira euren herrikideek eskainiko duten lanarekin. Zizurkilen ez da inoiz horrelakorik egin, eta mereziko du”. Euskara hutsean eskainiko dute antzezlana, baina hori ez da inorentzat oztopo izango, “testu gutxi dauka, eta jarraitzeko erraza. Oso lan bisuala da”.
Zizurkilen 400 urtetako historiari errepasoa eginez, momentu ezberdin asko bilduko dute herri antzerkian. Bi nabarmendu nahi izan ditu Iraitzek: “Pello Mari Otañoren eszenak, adibidez, indar ikaragarria izango du. Beste momentu hunkigarri bat ere izango da: 1950 hamarkada inguruan estatutik etorritako etorkinen iritsiera biltzen duena. Gaztelaniazko poema bat irakurriko dute, besteak beste. Oso eszena sinplea izango da, baina polita eta hunkigarria”.

Iraitz Lizarraga
Txalo konpanian ari da egun Iraitz Lizarraga zizurkildarra. “Molli Malonen istorio sinestezina” taularatzen ari dira azken asteotan Euskal Herriko hainbat antzokitan barrena. “Horrez gain, ‘Datorren urtea hobea izango da’ helduentzako obra ere prestatzen ari gara eta laster hasiko gara entseguak egiten”.
Soka eta trapezioekin ere emanaldi sorta eskaintzen ari da Iraitz: “Oso gustuko dut gorputz adierazpena, eta horretan ari naiz. Gainerantzean, ipuin kontaketak ere eskaintzen ditut batean eta bestean”.
Herri antzerkiko zuzendaritza lanetan murgilduta dabil egun. “Asko ikasten ari naiz, eta gustura nabil lan horretan ere, baina aukeran jarriz gero, nahiago dut antzezle lanetan aritzea”.

Herri antzerkia
Maiatzak 16, larunbata. 22:30
Joxe Arregi plaza

Musikari, dantzari eta antzezle, berrogeita hamar herritar baino gehiago taula gainean.
Eguraldi txarrarekin, Zizurkil goiko Intxaur pilotalekuan eskainiko dute antzezlana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!