Oihalak josiz, erabakitzeko eskubidea sendotuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 10:17

Datorren ekainaren 21eko Ehuntze eguna girotze aldera, apirilaren 25ean herriz herrikako Joste egunak antolatu ditu Gure Esku Dago ekimenak.

2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen150.000 pertsonako giza-katea eta urte bereko azaroaren 8an Zurriolako hondartzan mosaiko erraldoia burutu ondoren, ekainaren 21ean, igandea, euskaldunon erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko beste deialdi zabal bat luzatu du Gure Esku Dago ekimenak, bost hiriburu handietako estadioetan (Donostia, Bilbo, Gasteiz, Baiona eta Iruñea) Ehuntze eguna antolatuz eta aurrez herritarren artean apaindu eta jositako oihal zatiekin erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko duten hautetsontzi erraldoiak irudikatuz. Aurretik, ordea, ekimen nagusi hori girotzeko, herriz herri hamaika ekimen antolatu da. Tartean, ekainaren 25ean Joste egunak egingo dira herrietan, baita Beterri-Aiztondo eskualde mailan ere. Joste egun horietan, hautetsontziak osatzeko oihal zatiak apaindu eta bata bestearekin lotzen hasiko dira herritarrak. Kolore eta forma ezberdinetako oihalak erabiliko dituzte horretarako, antolatzaileek erabakitze prozesuan aniztasuna beharrezkoa dela uste dutelako. Oihalak metafora besterik ez dira, beraz, denon artean josi eta atondutako hautetsontzia sortzeko.

Ekimen ugari, herriz herri
Herri bakoitzak bere egitaraua prestatu du apirilaren 25eko Joste egunei begira, kirola, desafioa, musika, dantza edota jan-edana uztartuz. Jende andana bildu da dagoeneko ekimenera eta hogei  laguneko taldeetan, etxean nahiz kalean oihalak apaintzen edo nola apaindu erabakitzen hasiak dira. Apirilaren 25ean, herriz herriko plazetatik ekainaren 21eko hiri handietako estadioetara egingo du jauzi ekimenak eta aipatu bost hiriburu handietan giza-kate koloretsua egingo da eguerdian. Arratsaldeko 17:30etan izango da ekimenaren unerik indartsuena, orduantxe osatuko baitira hiriz hiriko hautetsontziak herri eta auzoetako milaka oihal zatirekin. Gure Esku Dago ekimeneko ordezkariek, ekainaren 21a “erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna” izatea nahiko lukete. Ekainaren 21eko estadioetako ekimen nagusirako aurrez izena eman beharko da, ekimen jendetsua izango dela aurreikusten baitute antolatzaileek eta edukiera arazoak saihestu nahiz ekimena finantzatzeko baliatuko dute partaidetza. Herriz herri nahiz Internet bidez zabalduko da izena emateko aukera.

Joste egunak
Apirilak 25, larunbata


Amasa-Villabona, Malkar plaza

18:00 Desafioa amasa eta billabonatarren artean: Asto karrera, jumareatzen, lasto fardo lasterketa, bertsoka, sagardo jaurtiketa, mosaikoa osatu, donuts irristaketa…
19:00 Ainhoa Barandiaranek aurkeztutako ekitaldian, herriko oihalak josiko dira herriko jostunen laguntzaz. Tartean, dantzariak eta kantariak.
Ondoren, Julen Irazusta eta Olaia Toralekin kantaldia. Pintxoak eta edariak.
*Oihalak atondu eta saretzeko aukera, material denda, kirol jarduerak, txosna DJ Gatxet eta josten ikasteko tailerra izango dira

Asteasu, herriko plaza

12:00 Hamaiketakoa trikitilariek alaituta.
Ondoren, herritarren arteko herri kirol eta ginkana saioa.
Oihal joste herrikoia.
Parte hartzaileen giza-katea eginez bukatuko dute saioa.

Andoain, Zumea plaza

11:00 Oihaletan atxikimenduak jasoko dira.
12:00 Txalapartarekin batera, Ehuntze festaren hasiera. Jai giroan josiko dira oihalak.
Bukaeran, Oihaljira Zumea plazan.
*Oihaletan atxikimendua emateko aukera izango da Ernaitza, Keinu eta Li dendetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!