“Ez genuen sekula halako lorpenik eskuratu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 23a, 10:12

Zorioneko dira Billabona Xake Joku elkarteko kideak, Euskal Ligara igoera lortu baitute. Ernesto Fuente, Unai Iraola, Juanjo Villena eta Eustaquio Correderak hartu dute hitza.

Martxoaren amaieran lorpen handia eskuratu zuen Billabona Xake Joku elkarteak, Gipuzkoa eta Iparralde mailako taldekako txapelketan, Eibar, Baiona edota Zarauzko taldeei partidetan aurre hartuta, lehen postua erdietsi eta lehenengo mailara igotzea lortu baitu. Pozarren daude taldekideak, oraindik ezin sinetsi, “Villabonak, talde mailan, orain artean ez baitzuen sekula halako lorpenik bereganatu”. Denborarekin, emaitza oraindik eta gehiago baloratuko dutela uste dute eta forman egon nahiz partidak irabazteaz gain, zortea ere euren aldeko izan zutela adierazi dute, “puntu erdi bategatik soilik irabazi genion Eibar taldeari”. Bereziki distiratsu aritu zirelako, txapelketan zehar bi taldekide nabarmendu zirela azpimarratu dute: Jose Luis Guijarro eta Ernesto Fuente. “Siu Hung Tung txinatarraren aurka lehiatu zen Jose Luis. Maisu handia da txinatarra, baina hobea Jose Luis. Gure Messi dela esaten dugu”, azaldu dute irribarretsu. Eta Jose Luisekin batera, Ernesto Fuente ere oso maila onean aritu zela, gainerako taldekideak baino emaitza hobeak eskuratuz. Hurrengo urtean mailari eustea zaila izango dela aurreikusten dute taldekideek, Gasteiz, Abadiño edo Bilbo bezalako talde handien aurka aritu beharko dutelako. Hala ere, saiatu egingo direla argi dute, “ez gara denbora-pasa joango, lehiatzera joango gara gu”.
Taldekako txapelketan igoera lortzeaz gain, iaz bezala, aurten ere Gipuzkoako txapeldunak dira partida azkarretan ere. “Bi urtez Jose Luis Guijarrok lortu du Gipuzkoako azkarretako txapeldun izatea, baina ez Villabonakoa. Villabonako azkarretako txapelduna Unai Iraola herritarra baita”, adierazi dute.

Ateak guztientzat zabalik
Ostiralero, Villabonako Kultur Etxeko goiko solairuan elkartzen dira elkarteko kideak 19:30etatik 21:00etara. Nahi duen oro gonbidatu nahi dute eurekin partidak jokatzera edota taldekide egitera. “Gure ateak zabalik daude guztientzat, jende berria gertura dadin irrikitan gaude. Umeez gain, helduak ere etor daitezke”. Umeen kasuan, goiko mailarako prestatzea zaila dela azaldu dute, prozesu luze eta mantsoa delako. Euren ustez, 14-18 urte bitartean eboluzionatzen dute batik bat gazteek, “adin horretantxe ematen dute saltoa. Baina zaila izaten da gaztetxoek xakean irautea; hasi arren, utzi egiten baitute denborarekin futbolari edo beste kirolen bati eusteko”. Gazteentzat baino gehiago, pertsona helduentzat bereziki oso kirol egokia dela gaineratu dute, mentalki forman mantentzen laguntzen duelako eta Alzheimer kasuei begira ere oso lagungarria delako. Xake jokoaren onurak aztertuta, Europa mailako hainbat ikastetxetan xakea eskolako hautazko ikasgai bihurtu da dagoeneko eta euren ustez, epe laburrean, xake irakasle asko beharko da. “Itzalpean egon da xakea urte askoan, baina azken urteotan, dituen alderdi onak frogatu direnez, baloratzen hasi dira. Xakea eskola sisteman sartuko balitz, oraindik eta bultzada handiagoa izango luke”.

19 federatu guztira
Gipuzkoa mailan jokatzen duten hiru talde ditu Billabona Xake Joku elkarteak. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako talde bana. Guztira 19 jokalari federatu dituzte egun, baina horiei federatu gabe partidak jokatzera etortzen diren jokalariak gehitu behar zaizkie. Taldekako txapelketa amaituta, bakarkako txapelketei ekin zaie berriki eta, uda partean, herrietako festetako txapelketak iritsiko dira.
Esaterako, Billabona Xake Joku elkarteak jokalari asko erakartzen duten Santiotako txapelketa edota Behar-Zanako Xake torneoa antolatzen ditu. Taldekideak esker-oneko agertu dira Udalaren erantzunarekin, “Villabonako Udalak babes osoa erakutsi digu beti, gobernuan dagoena dagoela. Ez daukagu kexarik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!