Aldundiak deitutako tailer parte hartzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 22a, 20:52

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurrekontuak osatzeko aukera zuzena eskaini die herritarrei. Iaz lau eskualdeetan martxan jarritako esperientzia lurralde osora zabaldu dute aurten. Gauzak horrela, Buruntzaldean bi milioi euro zertan gastatu erabakitzeko aukera izango dute herritarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzako aurrekontuak martxan jarri ditu hamar eskualdeetan, tartean, Beterri edo Buruntzaldean. Eskualde bakoitzean 2.000.000 euro jarriko ditu herritarren esku, parte hartze prozesu baten bitartez epe motzeko eta ertaineko zein proiektutan inbertitu erabaki dezaten. Aurreko astean tailerra antolatu zuten Andoainen eta aste honetan bertan Lekaiora deitu zituzten urnietarrak. Ez zen parte hartze handia izan, baina hurbildu zirenak gizarte, kultur eta politika mailan eskarmentu handikoak dira.
Egitasmoak aurkeztea, horixe da aurrekontu parte hartzaileen lehen fasea. Martxoan abiatu zen eta oraindik ere proposamenak aurkezteko epea dago.
Egitasmoak aztertzea izango da bigarren fasea, datozen asteetan iritsiko dena. Ekainaren 9an eskualdeko batzarra egingo dute, ia ziurrenik Andoainen. Batzar horretan zein proiektu lehenetsi erabakiko dute. Lekaioko bileran aurreratu zutenez hamar egitasmo aukeratuko dituzte, eta ordezko beste hamar gehiago. Proposamen horiek guztiek dagokion bideragarritasun txostena izango dute. Alegia, egitasmo bakoitzak azterketa teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa izango duela. Azterketa lan horiek Aldundiko teknikariek egingo dituzte. Azken fasea udazkenean iritsiko da, eskualde mailan egingo diren proiektu ezberdinen aurkezpenarekin.
Aldundiak parte hartzeko deia luzatu nahi die gipuzkoarrei, zein egitasmo sustatu erabakitzeko haien iritzia kontuan hartuko dutelako.

Urnietarrek eta andoaindarrek
ekarpenak egiteko moduak

Andoaingo eta Urnietako tailerrak igarota, proposamenak helarazteko bi modu daude. Batetik, aurrekontuahobetzen.eus webgunearen bidez. Bestetik, bi herrietan ipini dituzten postontziak erabiliz parte har daiteke.
Andoainen: Udaletxean, Urigainen, Gizarte zerbitzuen egoitzan, Basteron eta Allurralde kiroldegian.
Urnietan: Udaletxean, Lekaion, Saroben, Denda Berri, anbulategian eta kiroldegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!