Santa Krutz elkarteak oroimen historikoari ekarpena egin nahi diola aitortzen du. Peio Barandiaran kidearen ahotan, “gobernu ezberdinek urtetan ezkutatu diguten errealitatea azalerazten lagundu nahi dugu”.
Basteron zabaldu duten erakusketan Iruñerriko Ezkabako presondegiaren lekuko gordina ikus daiteke. Txinparta eta Aranzadi elkarteek bere garaian prestatu zuten erakusketa ikusgai dago Andoainen, maiatzaren 9ra arte. Apirilaren 22az geroztik zabalik dago.
Panel eta irudi horiekin batera, Andoainen frankismoak eragindako kaltearen inguruko ehun argazki inguru ikusgai izango dira. Oroituz elkarteak urtetan bildutakoak dira eta, erakusketa honetan, Santa Krutz elkartearekin bat egin nahi izan du.
Erakusketa martxan dagoela, ekitaldi aretoan ikusmin handia sortu duen hitzaldia antolatu dute hurrengo astelehenerako. Apirilaren 27an, astelehenean, Aranzadiko forentse Pako Etxeberria hizlari arituko da. “Oroimenean lokartutako ahotsa” izenburupean, Etxeberriak bere esperientzia azalduko du.
Ekitaldia hasi aurretik Alberto Agirre abesbatzak emanalditxoa eskainiko du. Oroituz taldeko kide batek ere hitza hartuko du.
Santa Krutz adinekoen elkartekoek herriko gizarte bizitzan eragile izateko borondatea erakutsi dute ekimen hauek antolatzearekin batera. Irteera eta ibilaldiez gain, herrian bertan ekitaldiak antolatzen jarraitu nahiko lukete.