Harri-jasotzaile bakoitza bere lana egitera gerturatu zen Adunara. Bakoitzak bere maila erakutsi zuen eta guztiek jaso zuten ikusleen txalo zaparrada eta antolatzaileek emandako oroigarri zein sagardo kutxa.
Jaialdiari izena ematen dion Gorostidi Harria, 185 kiloko zilidro zaharra, pilotalekuan zegoen. Urtero legez, esku bakarrez altxatzeko erronka zabalik zegoen. Inork ez zion, ordea, erronkari heldu eta, beste urte batez, Iñaki Gorostidi adunarrak berak gordeko du 1982an Tolosako Beotibar pilotalekuan harri horrekin egindako marka ikusgarria.
Muxkil elkarteak antolatu ohi du urtero Gorostidi Harria jaialdia, eta beste urte batez, lan ederra egin dute aurten ere. Herri-kirol zaleen artean huts egin ezinezko zita bihurtu da Adunakoa. Datorren urtean, 185 kiloko zilindro zaharra altxatzeko erronka izango dute berriz ere harri-jasotzaileek, Gorostidi Harriaren X. edizioan.
Emaitzak
1. Aimar Irigoien (119,6kg) 20 altxaldi
2. Jokin Eizmendi (114,4 kg) 15 altxaldi
3. Iban Ugartemendia (121,4 kg) 13 altxaldi
4. Urtzi Telleria (82,2 kg) 11 altxaldi
5. Izeta III (89,6 kg) 11 altxaldi
6. Urpe (113,6 kg) 9 altxaldi
7. Haimar Galarraga (136,4 kg) 9 altxaldi
8. Josetxo Urrutia (75,8 kg) 8 altxaldi
9. Imanol Illarramendi (102,6 kg) 8 altxaldi
10. Jon Ander Maiza (91 kg) 5 altxaldi
11. Sebastian Martikorena (103,6 kg) 5 altxaldi