Pello Joxe Aranburu euskal idazleak hartu du idazketaren ardura, eta berak eman ditu liburuaren inguruko azalpenak. Hiazinto Aiurriko kolaboratzaile izan da urte luzez eta Aranburuk liburu aurkezpen ekitaldira Aiurriko irakurleak gonbidatu nahi ditu bereziki.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Pello Joxe Aranburu: Frankismoan zehar abian jarri zen euskal mugimenduaren aitzindarietako bat dugu Hiazinto Fernandorena. Alde horretatik, berrehundik gora orrialdeetan euskararen eta euskal kulturan zein ikastolen mugimenduan zertan ibili zen kontatzen da, funtsean.
Kontakizun nagusi hori aberastera datozen bi atal ere azpimarratuko nituzke: batetik, berarekin ibilitako pertsonen testigantzak jasotzen dira. Eta bestetik Hiazintok berak Urnietako haurtzaroaren gainean idatzitakoa ere irakur daiteke. Izan ere, oroitzapenetan murgildu eta berarentzat idazten hasita zegoen, gaixotasunak aurrera jarraitzea galarazi egin zion arte.
Liburua irakurgarria izango den itxaropena daukagu. Inprentara bidali aurretik, zenbait pertsonek irakurri ahal izan dute eta denek ere azpimarratu digute gizon jakin baten ibilbidea jorratzearekin batera, 60ko eta 70eko hamarkadetan euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendua, ikastolen sorrera eta garapena, euskal udalekuak... deskribatzen dituela, eta modu bikainean gainera. Gaurko belaunaldientzat primerako ikasgaia izan daitekeela nabarmendu digute. Esaterako, Euskal Herria garaikidean funtsezkoa izan den aro batean euskaltzaleek izandako zailtasunak eta horiei aurre egiteko erakutsi zuten adorea eta irudimena balora dezaten.
Nola definituko zenuke Hiazinto?
P.J.A.: Oso jantzia den gizona da, lehenengo eta behin. Testigantza ugarik bat egiten dute honako ikuspuntuarekin: txirrikitu batetik urrunekoa ikusi izan du beste inork baino lehenago. Hortik aurrera, ekintzailea, bide urratzailea, jende mugi arazlea eta burugogorra izan dela batez ere, esango nuke. Konparazio batera, Lazkaoko lehen andereñoa izan zen Maisabel Aldasorok aipatu izan du maiz, Hiazintok egitasmo baten alde giza taldea lanean jartzeko zuen trebezia. Ez genuke ahaztu behar, Goierri guztian sortu zen lehen ikastola izan zela Lazkaokoa; klandestinitatean sortu ere, euskararen alde ia ezer ez zegoenen. Haurrekin lehen gela sortzearekin batera Hiazintok esaten omen zuen hura izango zela etorkizuneko eskola; gainerakoei kosta egiten zitzaien hala izango zenik sinestea...
Baten batek esan dezake ez ote den handikeria izango Hiazinto ikastolen lemazaintzat jotzea...
P.J.A.: Inondik ere ez. Goierrin, adibidez, Lazkaokoaren ondoren etorri ziren gainerakoak, eta irekitze prozesu guztietan aritu zen lanean.
Herriz herri ikastolak sortzen ari ziren denbora berean, Hiazintok bultzatuta irakasleen formakuntzan eta ikas materialen sormenean lehen pausoak eman ziren. Non beharra, han ekimena. Eskola euskaraz emateko tituludunik ez zegoen garai haietan, berak sortu zuen Donostian irakasleen eskola, Joanes Etxeberri iparraldeko idazlearen izena jarrita. Aparte, lan ikaragarria egin zuen ikas materiala irakasle berri horiei eskura jartzeko. Gordailu argitaletxea sortu, lan taldea bildu eta makina bat liburu kaleratzea lortu zuen; ezinbesteko gertatu ziren ikasgaiak frankismoan euskaraz eman ahal izateko.
Pedagogia modernoa zabaldu zuen lehen irakasleen artean dago, zenbait pedagogo berritzaileen proposamenak bereganatu eta gero.
Bere beste bi alor jorratzen ditu liburuak: euskal idazlea eta markenting arloko sortzailea...
P.J.A.: Material pedagogikoaz gain, luzea da bere ekarpena. Harribitxi bat baino gehiago topa daiteke bere bibliografian; Iparragirre abeslariari buruzko lehen biografia etortzen zait burura. Bestalde, kooperatibismoan parte hartu zuen garaian, Eroski edo Erosle terminoak Hiazintok berak asmatu zituen.
Hori guztia aipatuta, ez ote dago ahaztuegia gaur egun Hiazintoren izana?
P.J.A.: Bai, zalantzarik gabe. Arrazoi ugari egon litezke horretarako. Aspaldiko kontuez ari gara, eta euskaldunok ez gara oso iaioak geure historia estimatzen, eta gutxiago historia horren egileei aitormena egiteko eta ezagutzera emateko.
Bestalde, Hiazintok giza esparru eta ekimen ugariretan hartu izan du parte: Ikastolak, eliza, udalekuak, argitaletxeak..., eta baita horietan guztietan buru-belarri inplikatu ere; trabaz beterikoak eta erabakiak hartu beharrekoak izan ziren horiek, eta bidean, egia esanda, zenbait haustura sortu ziren.
Hiazintoren izaera ere kontuan hartu beharrekoa dugu: inoiz ez da izan bere burua nabarmendu zalea. Beragatik balitz, ez zen antolatuko iaz Andoainen egin genion omenaldia. Liburu honen ideiari buruz ere, zer esango dizut... Zalantza horien gainetik, nolanahi ere, lan taldeak herri honetako kultur eragile baten izena eta izana gogoratzeko behar morala ikusi zuen. Andoaingo omenaldi hark eduki zuen arrakastarekin argi geratu zen Euskal Herrian jende ugari dagoela Hiazinto ezagutu duena. Asko eta asko zordun sentitzen da berarekin.
Andoainen, apirilaren 21erako jarri duzu aurkezpen eguna. Hortaz aparte, non eskuratu ahal izango da liburua?
P.J.A.: Aiurriko irakurleak bertaratzera animatuko nituzke, Martin Ugalde parkean izango da aurkezpen ekitaldia, arratsaldeko 17:30etik aurrera.
Euskal Herriko liburu denda gehienetan banatuko da, Elkar argitaletxea arduratuko baita banaketaz. Urnietan, bere jaioterrian, laster jakinaraziko dugu non egongo den salgai. Salneurri egokia ipini zaio, 12 eurokoa.
Gure hurbileko historia era samur batean jakin nahi duenari gomendatzeko moduko erosketa dela esango nuke.
Aurkezpen ekitaldia:
Apirilak 21, asteartea.
17:30. Martin Ugalde kultur parkea.