Hilabete erabakiorra Euskalduna taldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 17a, 16:37

Euskalduna lehen postuan da Preferente mailan, azken neurketan lidertzan zegoen Orio taldeari 2-0 irabazi eta gero. Bost partida besterik ez dira geratzen, eta urdinek mailaz igotzeko txartela ematen duen lehen postuari eutsiko dioten itxaropena daukate. Horixe adierazi dio Aiurriri Oriokoren aurkako partida garrantzitsuan goleatzailea izan zen Julen Barandiaranek.

Garaipenaren bi golak sartuta, jokalari gisa bizi izan duzun partidarik gogoangarriena dela esan al daiteke?
Julen Barandiaran: Baietz esango nuke. Hala ere, ez zait burutik kentzen iaz Hernanin jokatu genuen partida hura. Irabazi beharra geneukan bigarren postua eskuratu eta promozioa jokatzeko, baina berdindu besterik ezin izan genuen egin. Triste-triste itzuli ginen etxera... Bestelako sentimenduak bizitzea tokatuko al zaigu aurtengoan!

Erraz sartzen al dituzu golak?
J.B.: Ez pentsa, bost besterik ez ditut sartu denboraldi osoan; zenbaki polita izan daiteke erdilari batentzat, baina ez harrotzeko modukoa. Egun hartakoa, egia esanda, txiripa kontua izan zen: une eta toki egokian gertatzea! Bitan baloia hanketara etorri zitzaidan eta sareetara bidaltzea beste lanik ez nuen eduki. Nire kasuan, normalagoa izaten da sareetara ez baizik eta kanpora botatzea baloia.
Esan behar da taldea nahiko orekatua dela golen atalean. 17koa daukan Cristian Guijarro kenduta, gainerakoak 5-6ko kopuruarekin gabiltza.

Nola ikusten duzu bost partidako azken txanpa hori?
J.B.: Indartsu ikusten dut taldea, konfiantza handia dauka bere buruarengan. Bi etxean ditugu (Hernani, Mariño) eta beste hiru kanpoan (Trintxerpe, Hondarribi eta Pasaia). Begiratu batean Oriokok aurkari gogorragoak dauzka, baina hobe izango dugu kalkulu gehiegi egiten ez ibiltzea, sailkapenean atzean dabiltzanek ere mailari gogoz eutsiko diote eta.

Ubitarteko harmailak zaletuz gainezka ikusi ziren Orioko taldearen aurkako neurketan...
J.B.: Asko zegoen jokoan, eta Oriotik bi autobus etorri ziren... Hala ere, aitortu behar da Andoaingo zaletuak oso zintzo jokatzen ari direla. Iazko denboraldian ederki animatu gintuzten, eta aurtengoan ere eskertzekoa da beren jarrera. Andoaingo zaletuak gurekin gozatzen ari direla iruditzen zait, eta geratzen diren bost partidatan haiei hutsik ez egitea espero dut. Bost hitzorduetara gu animatzera etortzera eskatuko nieke. Zelaian ari garenean uste daitekeena baino gehiago eskertzen ditugu haien animozko oihuak.

Herrian sumatzen ari al zara zuen aldeko girorik?
J.B.: Harrigarria da herrian gure inguruan sortu den ikusmina. Zenbaitek kalean geratu egiten naute animoak emateko; buruz dakizkite taldeari buruzko hainbat datu!
Denboraldiaren amaieran, zer dauka garrantzi gehiago, alde fisikoak ala psikologikoak?
J.B.: Biak esango nuke. Fisikoki ondo ikusten dut taldea, nahiko sendo iristen gara partidako azken minutuetara. Psikologikoki, berriz, entrenatzaileak (Iñigo Gurrutxaga eta Asier Lopez) etengabe ari zaizkigu adierazten burua hotz eduki behar dugula, pazientziaz jokatu behar dugula.   
Oso giro jatorra bizi dugu taldean. Herrikoak gara gehienak, gutako asko txiki-txikitatik elkarrekin jokatzen aritu garenak... Sekula ez dut sumatu liskarrik edo keinu itsusirik geure artean. Partida bat jokatu ostean, koadrila baten moduan gustura asko joaten gara parranda txikia egitera. Oriokoren aurkako partidaren ostean, esaterako, Euskaldunako zuzendaritzarekin herriko sagardotegi batera joan ginen, eta zoragarri pasa genuen.
 
Zer moduz bi entrenatzaileekin?
J.B.: Primeran. Aurten sartu dira Euskalduna taldeko egituran eta egia esanda, ezin egokiago moldatu dira. Are gehiago, jokalarien plantila osatu ostean etorri direla jakinda. Guri aguantatzen ere meritu handia dute!

Nola definituko zenuke taldea?
J.B.: Oso gaztea da, bataz beste 23-24 urtekoa. Gaztea, baina sendoa. Teknikoki baten bat nabarmendu daiteke, baina gainerakoek gabezia hori zelaian jartzen dugun gogo eta indarrarekin estaltzen dugu. Altueraz, nahiko txikia gara erditik aurrera; atzelariak, ordea ez; nekez iristen dira gure ateko sareetara goitik datozen baloiak. Aulkia daukagu ona, eta horri esker, nahiz eta aldaketak egin taldea beti antzeko maila emateko gai da.  

Eta zeure burua?
J.B.: Zaila jarri didazu lana... Baloia hanketan, defendatu baino ez naiz egiten. Ezer nabarmentzekotan, zelaian jartzen dudan kemena eta motibazioa aipatuko nituzke. Erasorako mentalitatea daukat defentsarako baino gehiago, eta zenbaitetan, atzelarien partetik errietak jasan behar izaten ditut.  
    
Zure aita oso jokalari ona izan zen bere garaian. Izango da harekin konparatzen zaituenik...
J.B.: Bai, helduek batez ere gogoratzen didate nola jokatu zuen Michelinen goiko mailatan eta zeinen ona zen. Bera da zirikatzaileena, hala ere: ni baino azkarragoa eta teknikoagoa zela esaten dit. Lastima orduan ez egotea bideoz grabatzeko joerarik, orain egiten den bezala!

Noraino iritsi nahiko zenuke futbolean?
J.B.: Txikitan, beti edukitzen dituzu ametsak! Infantiletan-eta gu ikustera ikuskatzaile bat etorri zela esaten zigutenean puztu eta guzti egiten ginen. Baina pasa ziren garai haiek! Gaur egun, 22 urte ditut, lantoki batean lan egiten dut, eta nire aspiraziorik handiena entrenamenduetan eta partidetan gozatzea da, eta horrekin batera, Euskaldunari ahalik eta mailarik gorenena igo dadin laguntzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!