Peruarenak Basteron jasoko du 111 Akademia Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 17a, 16:37

111 Akademiako kideek Mikel Peruarena idazle ereñotzuarraren “Su zelaiak” eleberria izendatu dute iazko obrarik gogokoena eta, beraz, 2014ko saria irabazi du. Maiatzaren 7an ospatuko da 2014ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean.

111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izendatuta, Mikel Peruarenak idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Su zelaiak eleberriak jasoko du 2014ko 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 12an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2014an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 195 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Mikel Peruarenaren Su zelaiak eta Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez izan ziren bi finalistak eta, alde txikiagatik bada ere, Peruarenaren lana suertatu da garaile; idazle ereñotzuarraren eleberriak Zalduaren ipuin-bildumak baino hiru boto gehiago jaso ditu.
Gauzak horrela, orain irabazleari saria ematea baino ez da geratzen. Maiatzaren 7an ospatuko da 2014ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean.
Honakoak dira Peruarenak 2014ko urrian liburua aurkeztu zuenetik jaso ditugun iruzkinetako zenbait pasarte:

  • ‘A priori euskal literaturako liburu erreferente bilakatzeko elementu guztiak ditu, baina uste dut horretan geratuko dela asmoa (Publizitateak, ahoz ahokoak eta sarien zirkuituak ez dio lagunduko)’.
  • ‘Itzel gustatu zait Mikel Peruarenaren bigarren eleberria. Pertsonaia gehiegi agian, baina horrelakoxea izan zen eskualdunen patua Gerra Handian: astirik ere ez gazteak ezagutzeko, berehala hiltzen zirelako su zelaietan’.
  • ‘Su zelaietako kontuak dira nagusi, baina erretaguardiakoak, ospitalekoak, intsumiso egin zirenenak eta abarrak azaltzen dira, han eta hemen, ehunka pertsonaien bidez. Benetako harribitxia eta benetako altxorra’.

Iritzi guztiak www.111akademia.com web gunean irakur daitezke.

 

Sinopsia

Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar Mikel Peruarena Ansaren bigarren nobelak.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!