Josu Garmendia, itzal luzeko urnietarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 17a, 16:33

Josu Garmendia Arrieta urnietarra aurreko astean ezustean zendu zen, familiarekin Italian oporraldian zela. EAJ-PNVko alderdiko buru, UKE elkarteko kide eta herriaren alde lan asko egindako gizona zen. Herrian bere galerak oihartzun handia izan du, eta horren isla astelehenean eskaini zioten azken agurra. Bere inguruko guztiek lanerako eta laguntzeko prestutasuna nabarmendu dute.

EAJ-PNV alderdian urte dezente egina zen, eta bere alderdikideak albistea sinetsi ezinik dabiltzala aitortu du Maribel Vaquerok. 1993 urteaz geroztik, bidelagun izan du udaletxean eta bertako jarduna berarekin ikasi zuela dio: “Udaletxe batean sartzea ez da erraza, eta berak asko lagundu zidan. Esaten da politikan ez direla lagunak izaten, baina ez da horrela; oso lagun izan baitut”.
Maribelek dioenez, Josuk lan asko egin izan du, eta isilean gainera: “Ez zuen inoiz protagonismoa bilatzen. Bigarren ilaran egoten zen pertsona hori zen bera. Xirimiria bezalakoa zen, hor zegoena baina antzematen ez zena. Bere lana nabaria zen eta babes handia ematen zuen”, adierazi du.
Maribelek dohain bat aitortu dio: entzuteko gaitasuna. Beste ikuspuntu bat omen zuen erabakiak hartzerakoan: behar adinako denbora hartzen zuena eta gauzak behin baino gehiagotan pentsatzen zituena. “Une zailetan hor egoten zen. Politikan eta herrigintzan beharrezkoa izaten da pazientzia, eta berak bazuen”.
Gainerako ordezkari politikoek ere saminarekin bat egin dute. Mikel Izagirre alkate ohiarentzat, gizon ona eta prestua zen; Urnietan pertsona garrantzitsua. “Nahiz eta gero adostasunetara ez iritsi, solaskide ona zen. Familiari nire doluminak eman nahiko nizkioke”.  
Doluminarekin bat egin dute ordezkaritza duten beste bi alderdiek ere. EH Bilduk animoak eman nahi dizkie gertukoei: “Ustekabean harrapatu gaitu berri txar honek eta ingurukoei animoak luzatu nahi dizkiegu”. PSE-EEk ere atsekabea erakutsi nahi izan die etxeko, lagun eta EAJ-PNV alderdiko kideei, “une zail hauetan babesa emanez eta zuen minera batuz”.

Herrigintzan aktiboa
Josuren inguruko guztiek herriaren alde lan asko egin duela azpimarratu dute: “Gauzak antolatzeko sena zuen. Herritar bezala lan asko egin du, behar zenean bere laguntza eskaintzeko prest azaltzen zen”, dio Alazne Manero Aurrera Gure Ametsa dantza taldeko kideak.
Dantza taldean ere laguntzaile bezala ibili zen azken bizpahiru urtetan. Alaznek dioenez, oso gertuko gizona zen: “entseguak egiten genituen bitartean bertan izaten zen, denekin egonez”.
Beti zerbait egiteko prest egoten zen horietakoa zen. Horregatik galera handia izan dela dio dantza taldeko kideak: “benetan uste dut pertsona aktibo bat galdu dugula Urnietan; eta hori nabarituko dugu”.
Dena den, aurrera egiteko unea dela eta dolu fase honen ostean, zaila izan arren, martxa hartu beharra dagoela dio. “Ez da erraza izango bere karisma bilatzea, baina aurrera egingo dugu”. Egin duen guztiagatik eta bere izaeragatik, eskerrak adierazi nahi dizkiote Josuri.

urnieta Kirol Elkartearen
sortzaileEtakoa
“Oso triste eta espero gabe” hartu dute albistea Urnietako Kirol elkartean ere. Maite Otañok adierazi duenez, pozik daude “bere momentu on batean eta lasaitasunean” joan delako; baina bestetik, “inpotentzia” sentitzen dute berarekin lotura zuten gauza asko zintzilik geratu zaizkielako.
Josu Garmendia UKEren lehen pausoetatik elkartearen parte izan da. 1983an sortzaileetako bat izan zen eta zuzendaritzako diruzain ibili da orain arte: “Josu Garmendia eta bera bezalako jenderik gabe, UKE ez litzateke existituko”, adierazi du Maitek. Zuzendaritzan aldaketa handiak egon dira, gora-behera asko izan dira, baina bera beti hor egon da.
Gizon lasaia eta langile bezala gogoratzen du, ezkutuan lan handia egin ohi zuena. Aurpegia ematea gustatzen ez zitzaion arren, atzetik denekin hitz egiten zuena, guztiaz arduratzen zena eta beti laguntzeko prest zegoena. Herrian egon diren jarduera askoren lehen urratsetan han izan zen: irteerak antolatzen, dantza taldean, UKE baino lehenagoko pilota txapelketak antolatzen… “Beti herriarengan pentsatzen zuen. Inoiz ez zuen klub onena izatea, edota bertatik izar batzuk irtetea bilatzen; herrian kirola egin nahi zuten gazteei aukera hori ematea nahi zuen, eta horregatik borrokatzen zuen”.
Josuk askotan esan ohi zuen esaldi bat bizitzako esparru ezberdinetan aplikatzeko filosofiatzat hartu du Maitek: “Gauzak ondo dauden bitartean, denak gaude. Gauzak gaizki joaten hasten diren unean, gu geratzen gara eta egin beharra dago”. Filosofia hori baliagarri izan zaio Maiteri lanean, elkartean eta bizitzako beste hainbat esparrutan ere. Orain, bere postua beste norbaitek hartu beharko du. Haren ustean, ordea, bere hutsunea pertsona bakar batek betetzea oso zaila izango da.

JELTZALEEN AGURRA

“Apirilaren 7an, joan zara Josu. Urnietatik urrun. Herria maitatzen zenuen eta herriak maitatzen zintuen.
Azken 25 urte luze hauetan, Josu eta Urnietako Eusko Alderdi Jeltzalea lotuta egon gara. Herrigintzan egindako aportazioa eta zure inplikazioa ezin ukanak ditugu. Zinegotzi lehendabizi, Uri batzarreko kide eta azken urteetan Uri batzarreko Lehendakari izan baitzara.
Lana modu apal batean, ixilik, atzetik egitea gustatu izan zaion horietakoa izan zara. Nabarmendu ordez, egitea nahiago izan duzuna.
Emaztearekin, merezitako opor egun batzuk pasatzen ari zinela etorri da zorigaitza. Orain 40 urte bihotza sendotzeko ezarri zizuten balbulak huts egin eta berarekin eraman zaitu Josu. Bihotza sendoa, burua argia, itxura lasaia, eskuzabala, orekatua...
Agurtzeko aukerarik ez dugu izan. Zaila gertatzen zaigu zu gabeko etorkizun batetan pentsatzea, baina zure lekukoa norbaitek hartu behar du.
Ez da lan samurra izango baina zure ohorez Josu ahaleginak egingo ditugu zuk egindako lanak jarraipena izan dezan, eredu eta ispilu izan baitzara. Zure herriaren, gure herriaren alde lanean.
Josu, fisikoki ez zaude gurekin, baina zauden lekutik gurekin sentituko zaitugu, zure emazte seme alabekin eta familiarekin batera. Azken finean herriarekin.
Agur lagun, agur alderdikide”.
Urnietako EAJ-PNV
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!