Andoaingo Gudua ekimena: “Soldaduak behar dira”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 15a, 19:20

Antolatzaileek dei egiten diete oso bereziki Andoaingo 16 urtetik gorako Gazte eta helduei  izena eman dezaten soldatu edo fusilari gisa ibiltzeko Andoaingo guduaren antzezpenean, dela karlista gisa, dela liberaletako txapelgorri edo atzerriko soldadu gisa.

Antolatzaileek martxoan aurreratu zuten bezala, aurrera darraite lanek irailaren 11 eta 12an Andoaingo guduaren antzezpena eskaini ahal izateko andoaindarrei eta kanpotik bertaratzen diren guztiei. Hala eta guztiz ere, nahi baino motelago ari dira, espero ez zuten arazo batekin egin dutelako topo: oraingoz soldadu edo fusilari gisa jarduteko izena eman dutenak gutxiago dira 2013an baino, lehen aldiz saioa eskaini zutenean.
Izan ere, 2013n parte hartu zuten batzuek ezin izango dute parte hartu aurten, eta behar baino gutxiago dira orain arte izena eman dutenak. Antolatzaileek adierazi dute arazoa konpondu ezean zaila izango dela aurtengoa antolatu eta behar bezala mustu ahal izateko behar adina jende izatea, bi egunetan 1837an izandako gertakari anker hura txukun eta egoki antzezteko lagun dezente behar baita, bai behintzat andoaindar guztiek eta kanpotik bertaratzen direnek ulertuko badute izan zen borrokaren neurria eta garrantzia.
Horregatik, antolatzaileek dei egiten diete oso bereziki Andoaingo 16 urtetik gorako Gazte eta helduei  izena eman dezaten soldatu edo fusilari gisa ibiltzeko Andoaingo guduaren antzezpenean, dela karlista gisa, dela liberaletako txapelgorri edo atzerriko soldadu gisa. Orain izena ematen dutenek ez dute beharrezkoa arma baimena, tirorik egiten ez duten armekin ibiliko baitira.

Izen-ematea
Apirilaren 30a baino lehen eman behar da izena, maiatzean izango baitira trebatzeko lehenengo saioak.
656 782 521
andoaingogudua1837@gmail.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!