"Pagazaren buzoia"ren auziari erantzun dio EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 14a, 15:54

Joseba Pagazaurtunduaren heriotzaren urteurrenean haren senide eta lagunek jarri zuten buzoiaren harira, hedabideetan UPyD edota PSE-EE alderdien iritziak jaso dituzte. Buzoia bere horretan uzteko defendatzen ari dira, bide batez, gobernu taldearen jokabidea kritikatuz. PSE-EEk atzo agertu zuen bere kritika. Hari erantzunez, EH Bilduk oharra kaleratu du:

Postontziaren inguruan sortu den zalapartaren aurrean, EHBilduk honako adierazpena egin nahi du:

"Pasa den otsailaren 12an, inolako jakinarazpen egin edota baimenik eskatu gabe, postontzi bat jarri zen Goiko Plazan. Egun horren ondoren, segur aski akatsaz jabetu zirenean, postontzi hori ezartzeko baimen eskaera erregistratu zuten Andoaingo Udalean. EHBilduk, momentu horretan, ez zuen inolako ebazpenik hartu, besteak beste, jakitun baita zenbaitzuk zalaparta eragiteko besterik ez dituztela erabiltzen horrelako auziak; bi hilabete hauetan, beraz, errespetatu egin da postontziaren ekimena.

Postontziaren ekimen honen iraupena, ordea, behin-betikoa da. Ez du iraupen jakinik, baizik eta betirako uzteko asmoa dute sustatzaileek. Jakin badakite, baina, Udalak ezin duela halakorik onartu, beste gauza asko onartu ezin dituen bezala. Beste modu batean planteatu izan balitz, adostasunetik abiatuta edota epe jakin baterako, ziur aski ez zen inolako arazorik egongo (beste kasu batzuetan gertatu den bezala). Baina gaur gaurkoz, Udalak onartuak dituen araudiak kontuan hartuta, modu horretan ez da posible. Nolanahi ere, EHBildu prest dago araudi horiek berrikusi eta esan bezala, hartu eman eta adostasunetik araudi horiek aldatzeko.

EHBilduk, dena dela, nahigabez bizi du sortu den edo nahi den zalaparta hau. Berriz ere, gai honen inguruan, konfrontazioa eta giroa nahastea bilatu besterik ez dute egin nahi; are gehiago orain, hauteskunde aurreko abagunean aurkitzen garen honetan. Gure helburua, hain zuzen, kalapita ekiditea izan da hasiera-hasieratik; baina horrek ez du esan nahi kolektibo batzuk nahi dutena egin dezaketenik gainontzekoek arau batzuk errespetatu behar dituzten bitartean.

Andoaingo PSE-EE berriz ere betiko terminoetan hitz egiten ikustea tamalgarria deritzogu. Aurpegi eta irudi berria eman nahi dute, baina sakonean diskurtsoa lehengo bera izaten segitzen du. Azken lau urteak biolentziarik gabekoak izan direla ziurtatzeak, gezurra izateaz gain, herritar batzuk sufritu dituzten atxiloketa, tratu txar, sakabanaketa bidegabe eta etab.en aurrean sentsibilitate gutxi erakustea da. Biktima guztiak ez errekonozitzea leporatzen digute, eta akaso hala izango da; baina euren aldean, EHBildu prest dago justiziaren, errekonozimenduaren eta erreparazioaren bidea jorratzeko; zalaparta honetan ikusi den bezala, eurek ez bezala.

Alabaina, benetako normalizazioaz eta bakeaz ari bagara, ezinbestekoa dugu ariketa horri heltzea. Ekin diezaiogun Andoainen, bada, sufrimenduaren mapa osatzeari inolako bazterketarik gabe; errekonozitu dezagun guztiok gertatutako guztia. Lehen urrats interesgarria izango litzateke elkarbizitzan aurrera urratsak eman ahal izateko. Hori da gure borondatea eta hori izango da gure lanerako ildoa".


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!