Herri txikien burujabetza kantagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 10a, 11:20

Beterri-Aiztondoko sei bertsolari parez pare, euren onena ematen saiatuko dira larunbat honetan Andoainen, 21:00etan hasita. Amasatik Oihana eta Beñat Iguaran lehengusuak, Andoaindik Ion Beloki eta Jon Eskudero, Zizurkildik Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi. Hortxe tarte atsegina igarotzeko gonbidapena.



Sorozabalerik Mendiluzera batzordeak bertso lehia antolatu du eskualdeko bertsolariekin.  Batzordekide gisa, nondik nora sortu da ideia?
Ion Beloki:
Iaz Jokin Sorozabal eta Aitor Mendiluzeri omenaldi antzeko bat egitea erabaki genuen herrian eta aurten, nola Andoainek Tolosatik bereizi zela laurehun urte betetzen dituen, gai horren inguruan bertso afaria antolatzea erabaki genuen. Hasiera batean tolosarrei luzatu genien gonbidapena, baina ez ziren animatu eta Tolosagatik independentzia lortu zuten Amasa eta Zizurkilera jotzea erabaki genuen. Harituz bertsozale elkartearen bidez ere badugu Amasa eta Zizurkilgo bertsolariekin harremana eta bi herrien artean beharrean, hiru herrien arteko saioa antolatu dugu.

Aurrez ere elkarrekin aritutakoak zarete. Ondo ezagutzen duzue elkar…
Unai:
Tolosakoak baino ausartagoak gara gu!
I.: Andoaindarrok ez bezala, Zizurkil eta amasarrek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izena eman dutenez, ondo etorriko zaie entrenamendu modura ere.
Oihana:
Bai, Harituz elkartetik bederatzi lagun animatu gara. Aiztondo bailaratik Unai, Beñat Iguaran, Haritz Mujika eta laurok. Andoaingo saioari begira, Harituz elkarteari esker, ondo ezagutzen dugu elkar bertsolariok.
I.: Andoaindik apirileko bertso saioan parte hartuko dugun Jonek eta biok ez dugu pretentsio handirik bertsolaritzan. Tarteka, herrian antolatzen diren saioetan hartzen dugu parte. Besterik gabe.

Gai nagusia, beraz, duela 400 urte 29 herrixka Tolosatik bereizi eta herri izaera lortu izana. Tartean Andoain, Amasa eta Zizurkil. Ezagutzen al duzue zuen herriaren historia zati hori?
O.:
Nik pertsonalki Udaleko artxiboen bidez jakin nuen gaiaren berri. Amasa Tolosatik orain 400 urte bereizi zela jakin orduko, Villabonarekin noiz elkartu zen begira aritu ginen eta, egia esan, segidan izan zen. Horrek pena pixka bat ematen dit saioari begira: Andoain eta Zizurkil herri baitzarete eta gu, Tolosagatik independentzia lortu eta Villabonarekin ezkondu baikinen. Egun ere bi gune bereizten dira izaera aldetik: Amasa eta Villabona. Oraindik ez dugu Amasan urteurrenarekin lotutako ekimenik antolatu, baina badugu asmoa.
U.: Zizurkilen kasuan herri antzerkia antolatzen ari gara, tartean izango naiz ni ere. Antzerkia eta musika uztartuko dituen ekitaldia izango da eta, besteak beste, herriko musikari eta abeslariak arituko dira, beste askoren artean, Iker Goenaga trikitilaria edota Nerea Barriola sopranoa. Herri antzerkiaz gain beste ekimen batzuk antolatzeko asmoa ere bada. Historiari lotuta, berriz, antzerkiaren harira argazki bitxi bat ikusi nuen: Tolosa eta Azpeitia mahai-buruan zeuden bitartean, beste herri txiki mordo bat inguruan ageri ziren. Era berean, independentzia lortzeko kuota ordaindu behar izan zuen Zizurkilek eta diru bilketa egin zuten horretarako baserritarrek.
I.: Andoainen saiakera berezia egin dute eta oihartzun handia lortu du urteurrenaren gaiak. Batetik, martxan da andoaindarrak400.eus webgunea. 19. Korrikarekin lotuta 400. kilometroa Andoainen zenez, kilometro horretan 400 andoaindar biltzeko erronka jarri zuen martxan udaletxeak. Herri antzerkia ere taularatu zen eta Jon Eskudero eta biok, Tolosa eta Andoaingo alkateen paperak bete genituen bertsotan. Polita izan zen. Bestalde, herritar ezberdinek bertsoak kantatuz parte hartu zuten bideoklipa ere grabatu zen.
Atzera begira jarrita, badakit armak hartuta, andoaindarrak Tolosara joaten zirela alardea egitera. Andoaindarrak behartuta zeuden desfile hartan parte hartzera. Bestela, inguruko herriek bezala, Andoainek ere zerga asko ordaindu behar zuen eta nazka-nazka eginda zeuden, kexu ziren. Horrez gain, badakit Tolosa eta Andoainen arteko borrokaren bat ere izan zela eta tolosarrak gehiago zirenez, andoaindarrek galdu egin zutela.

Nondik nora bideratuko da hiru herrien arteko bertso-saioa?
I.:
‘Adio, Tolosa!’ izena jarri zaio saioari eta elkarren kontra baino elkar hartuta arituko garela esango nuke. Amaia Agirrek jarriko ditu gaiak eta historiari aipamena egiteaz gain, egungo gaiak ere jarriko dituela uste dut. Ikusi egin beharko da.
U.: Umore aldetik joko du saioak, poesia egiten baino adituagoak baikara horretan.
O.: Amaiak elkar hartuta baino, gure artean kontra jartzea ere bilatuko duela iruditzen zait niri. Asmatuko du horretan, seguru.

Kasu hori iritsita, zein argudio erabiliko duzue zuen herriaren alde egiteko?
U.:
Zizurkildarrok, Herriarteko txapelketa andoaindarren kontra irabazi genuela.
O.: Zaila daukagu amasarrok, batzuekin banandu bezain laster elkartu baikinen besteekin…
I.: Herri xelebrea da Andoain. Ijitotzat hartzen gaituzte beti eta irudi hori aldatu beharra daukagu.
U.: Zizurkildarrok andoaindar eta amasa-billabonatarrek baino mugitzeko joera handiagoa daukagu. Batetik bestera ibiltzea gustatzen zaigu, beti herrian bertan geratu beharrean. Eta horrelaxe segiko dugu datozen 400 urteetan ere.

Oihana Iguaran, Osinaldeko finalean
Apirilaren 11n Gabiriako elkartean jokatuko den Osinalde txapelketako finalean arituko da Oihana Iguaran, joan zen martxoaren 21ean Argiberri saria irabazi eta gero.



Adio, Tolosa! BERTSO AFARIA
Apirilak 18, larunbata. 21:00
Andoaingo Bastero kulturgunean

Salgai:
  • Amasa-Villabonan: Amasa kafetegian.
  • Zizurkilen: Iriarte tabernan.
  • Andoainen: Udaletxeko Atarian, Ernaitzan eta Urkiolan.

Prestatzaileak: Xabier Tello eta laguntzaileak.
Salneurria: 20 €

MOTZEAN
Zein berezitasun du zuen herriak aurkarienaren aurrean?

  • Andoain:
    Anitza eta koloretsua. Herri berezia, indibidualistegia batzuetan; bakoitzak berera jotzen duelako.
  • Amasa:
    Egoskorrak gara. Paperetan hala jarri ez arren, Amasa herria da guretzat eta herri giroa mantentzen saiatzen gara.
  • Zizurkil:
    Herri naturala, eramaten errazak eta festazaleak.

Zer nabarmenduko zenukete zuen bertso lagunarengandik?

  • Andoain:
    JON ESKUDERO: Bizia, txiki handia.
    ION BELOKI: Herrikoia, gertukoa, xelebrea.
  • Amasa:
    BEÑAT IGUARAN: Zirikatzailea, kolpe onekoa, patxadosoa.
    OIHANA IGUARAN: Sakonera irits daitekeena, pentsalaria. Bertsoa esanahiz betetzen dakiena.
  • Zizurkil:
    JOSEBA OTAEGI: Naturala. Jendeak gehiago ezagutzen du aizkolari gisa eta harritu egiten da bertsotan halako mailan ikusita.
    UNAI MENDIZABAL: Deskriptiboa, oso bertsolari herrikoia. Umoretik kantatzen du askotan, baina bestela kantatzen ere badakiena.

 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!