Zein gune estali aukeratzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 17:21

Apirilaren 19an, herritarren artean erabakiko da Villabonako zein gune estali eta aterpe bilakatu.

Azken legealdian zehar, herriko guneren bat estaltzeko konpromisoa hartu zuen Villabonako Udalak. Baina hitz emandako proiektua izateaz gain, herritarrek behin eta berriz agertu izan dute jolaserako gune estali baten premia eta, eskaera horri erantzunez jarri zuten abian herriko gune bat estaltzeko ekimena, zazpi fasetan banatuta. Udaleko kideek oso gai garrantzitsutzat jotzen dute erabaki hori eta, parte hartzean sakontzeko asmotan, herritarrei eman diete azken hitza.
Herritarren proposamenak jaso eta kokalekuen hainbat azterketa egin ondoren, teknikoki estalgarritzat jotako hiru gune aukeratu zituzten herrian barrena: Arroako plaza (Fleming eskolako ataria), Malkar plazako jolas-parkea eta Larreako jolas-parkea. Bada, behin guneak zehaztutakoan, haietakoren bat estaltzeko priektuen lehiaketa jarri zen abian. Guztira hamabost arkitekto edo talde aurkeztu ziren lehiaketara eta horietatik, baldintza guztiak hamar talderen lanek bete zituztenez, hogeita hamar proiektu iritsi ziren epaimahairengana. Lan horietatik guztietatik, berriz, hamahiru proiektuk jaso zuten onespen teknikoa eta, ondorioz, kopuru horixe igaro da eztabaida eta erabaki fasera.

Hamahiruren artean bakarra
Hamahiru proiektu horiek jendaurrean aurkeztu eta bakoitzak bere aukera egin dezan, Gureako erakusgelan ikusgai egongo dira lanak apirilaren 19ra arte. Gustuko lanaren alde egiteko, 16 urtetik gorako erroldatu guztiek parte hartu ahal izango duten bozketa antolatu du Udalak, bozkatzeko aukera ezberdinak eskainiz. Bozka digitala batetik: Villabonako Udaleko webgunean, erroldako datuak sartuta, apirilaren 15, 16 eta 17an. Aurrez aurreko bozka bestetik: Apirilaren 18 eta 19an, Gureako erakusketa gelan bertan emango da aurrez aurreko bozka. Pertsona bakoitzak bozka bakarra izango du.
Apirilaren 19an, bozketaren azken egunean bertan jakinaraziko da zein proiektuk jaso duen bozka kopururik gehien. Haurren iritzia ez da bozketan loteslea izango, baina txikienen bozkak ere erakusketan erakutsi egingo dira, haien iritziak bistaratu nahi dituztelako.
Gune bakoitzeko hiru proiektu onenek saria jasoko dute eta haurren sari berezia ere banatuko da. Behin proiektu irabazlea hautatutakoan, arkitektoen lana garatu eta eraikitzeko bidean jarriko da gune estalia, proiektua osoki gauzatuz.

Proiektuak, banan bana
Eztabaida fasean bete-beterik, teknikarien oniritzia duten hamahiru proiektuak Gureako erakusgelan ez ezik, Villabonako Udalaren webgunean ere klik bakarrera ikusgai daude www.villabona.eu gunean. Hauexek proposamenak:
    1.-    Rayuela (Malkar).
    2.-    Kubik (Malkar).
    3.-    No más cajas (Malkar).
    4.-    Hiri egongelak (Malkar)
    5.-    Hiri egongelak (Arroako plaza).
    6.-    No más cajas (Arroako plaza).
    7.-     Kubik (Arroako plaza).
    8.-    Rayuela (Arroako plaza).
    9.-     Rayuela (Larreako parkea).
    10.-    Hiri egongelak (Larreako parkea).
    11.-    Toylestu (Larreako parkea).
    12.-    Kubik (Larreako parkea).
    13.-    Lau ganga (Larreako parkea).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!