Iragana egunera ekarri zuen Memoriaren asteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 17:10

Martxoaren 24tik 31ra luzatu zen Aritza kultur elkarteak Villabonako Udalaren babesean antolatutako Memoriaren astea, jende asko erakarri zuena.

Iragana egunera ekarri eta 1936ko gerrak eta gerraosteak Amasa-Villabonan nahiz garaiko herritarrengan sortutako minaren aitortza egiteko balio izan zuen. Ekintza ugari antolatu zen; tartean, Aritza elkarteko kide Esti Amenabarrok idatzitako ‘Frankismoaren aztarnak II: Minaren egiak’ liburua aurkeztu zuen egileak, Nora Urbizu zinegotziaren, Pako Etxeberria mediku forentse eta Aranzadiko lehendakariaren nahiz Xabier Urmeneta memoria historikoan aditu eta Foru Aldundiko teknikariarekin batera. Liburuaren aurkezpenean argi utzi zuten garaiko minaren aitorpena egitearekin batera erreparazioak duen garrantzia edota halako liburuek herriaren historia ezkutu eta isildua ezagutarazteko duten balioa. Hurrengo egunetan, 1936ko gerraren harira, hitzaldi interesgarriak eskaini ziren. Gaia sakontasunetik ezagutzen duten Josu Chueca edota Lourdes Herrasti historian adituak herrira gerturatu ziren eta gerraren ondorioz herritar askok hartutako erbesterako bidea edota emakumeek gerraren atzaparretan bizitutako krudelkeriaz mintzatu ziren, hurrenez hurren.

Dokumental hunkigarria
Martxoaren 27an, gerra nahiz gerraosteko bizipen krudelak ezagutu zituzten hainbat herritarren eta haien ondorengoen hitzak jasoz, Amasa-Villabonan bertan grabatutako `Negar franko egingo zuen aitak’ dokumental hunkigarria aurkeztu zuten Gurea antzokian, Bertha Gaztelumendi kazetariak eta Xabier Urmenetak elkarlanean zuzendutako lana. Dokumentalean, gerrak zigortu zituen herritarren ahotsa azaleratu dute. Berthak aurkezpenean adierazi zuenez, gerrak astindu zituen herritar guztien ahotsak jasotzea zuten helburu, baina gerra galdu zutenak eta haien ondorengoak soilik prestatu ziren euren bizipenak azaltzera, irabazi zutenen oinordekoen aitorpenik lortu gabe. Emaitza ikusi ondoren, malkoei eustea zaila den lana osatu dutela esan behar da, oso lan hunkigarri eta sakona. Kokatu ere herrian bertan kokatu dute dokumentala eta Amasa nahiz Villabonako txokoak are eta dotoreago ikusten dira, baita bertako hainbat ohiturari eginiko keinuak ere, txalaparta doinu goxoek maiz tartea hartzen duten lan zainduan. Doinua da seguruenik dokumentalean nabarmen daitekeen ezaugarri nagusia, erabilitako tonua eraikitzailea baita, lagunkoia, gertukoa; inor mindu baino, orbainak sendatzeko barne-hustuketa osasuntsua.
Herrian dokumentala ikusteko aukerarik izan ez zutenek, apirilaren 24an Donostian izango dute horretarako aukera. Izan ere, sariketaz kanpo bada ere, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkezteko aukeratu baitute lana, Victoria Eugenia antzokian.

amasavillabonaoroitzen.net
Aritza kultur elkarteak, liburuarekin batera, amasavillabonaoroitzen.net webgunea aurkeztu zuen martxoaren 27an, zeinetan gerrarekin lotuta elkarteak jaso duen dokumentazio guztia aurkeztu eta interesa duen ororen eskura jarri duten, orain artean memoria historikoaren inguruan eginiko gune landuenetariko bat osatuz.
Goyo Armañanzas traumaren transmisioan adituak eta Loren Navarro psikodramaturgo billabonatarrak gerraren ondorengo isiltasunak urtetan sortutako minaz eta hari nola aurre egin azalduz, bi eguneko ikastaroa eskaini zuten, asteari amaiera emanez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!