Ikusle ugari izan duen ‘go pro’ bideoaren egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 17:08

Unai Manzisidor Iraola gazteak grabatu zuen Amasa-Villabonatik Andoainera bitarteko 19. Korrikaren etorrera, ‘go pro’ bideo kamera buruan hartuta.

Ikusle asko izan du www.aiurri.com gunean oraindik ere ikusgai dagoen bideoak eta Amasa-Villabona, Zizurkil eta Adunako korrikaldiaren irudi eder eta hunkigarriak utzi dizkigu. Unaik, beti egin ohi duenez, Amasa-Villabonan zehar korrika egiteko asmoa zuen, baina Aiurritik ibilbidea grabatzeko deia jaso zuenean, baiezkoa erantzun eta Andoaineraino korrika joatera animatu zen. “Oso ekimen polita iruditzen zait Korrika, adin guztietako jende asko biltzen duena. Denen iritzia errebindikatzeko oso ekimen berezia da. Korrika iritsi aurretik, herriko kaleak dagoeneko jendez beteta zeuden”, azaldu du. Aurrez ez zuen sekula ‘go pro’ kamerarekin bideorik grabatu eta beretzat esperientzia berria izan zela azaldu du, “emaitza ezberdina da, ikustera ohituta gaudenetik beste ikuspegi bat jasotzen baita. Korrikak gure herrian bildu zuen jende kopurua ikusarazten saiatu nintzen ni. Izan ere, herritarrez gain, inguruko herrietako jende asko gerturatzen baita hona korrika egitera eta jende asko bildu baitzen”. Aurrera eta atzera, Korrikaren barruan korrika ibili zen Unai martxoaren 21ean, baina ondo eutsi zion erritmoari, “herri barruan, haurrek nahiz pertsona helduek ere lekukoa hartu zutenez, erritmoa arindu egin zen eta hantxe ibili nintzen batera eta bestera. Jende askok jarraitu zuen korrika Adunaraino eta aldapan gora, erritmoa zertxobait moteldu egin zuten antolatzaileek furgonetatik”.

Billabona FKE-ko futbolaria
Halako korrika saioa egiteko, esan beharrik ez, sasoiko dago Unai. Korrikalaria ez bada ere, futbol jokalaria eta entrenatzailea da eta, ondorioz, korrika ere ibiltzen da, futbolean jolasteko ezinbesteko baldintza baita hori. Arratzaingo zelaian, Billabona FKEn hasi zen futbolean infantiletan eta jubenil mailan bukatu bazuen ere, beti jarraitu izan du futbolari lotuta. “Billabona FKEko erregional mailan jokatzen dut egun. Fuerte hasi ginen, baina azken aldian behera egin dugu zertxobait. Denboraldia ondo bukatu eta hurrengo urtean hobeto hastea da gure helburua”, adierazi du. Bestalde, aurten osatu den kadete mailako taldearen entrenatzaileetako bat da, “zelai berriak entrenatzeko aukera berriak sortu ditu eta 35 haur biltzen dituen bi kadete talde ditugu aurten. Lehen Arratzaingo eskolako patioan moldatzen ginen entrenamenduak egiteko, baina orain, aldi berean jende gehiagok entrena dezakegu zelai berrian”. Gustura ageri da Unai Arratzain futbol zelaiaren berrikuntzarekin, “gustua ematen du orain bertan jolastu ahal izateak. Lan polita egin da zelaia berritzen eta aukera zabalagoak eskaintzen ditu orain”. Haur eta gaztetxoei begira ere aukera paregabea dela uste du, “etxean edo bideo-jokoetan jolasten geratu beharrean, kirola egitera bultzatzen dituelako”. Astean zehar ez ezik, euren taldeko edo gaztetxoen partidak direla eta, asteburuetan ere ez du atseden handirik izaten Unaik, “baina gustuko lekuan aldaparik ez”, dio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!