Elizmendiko plazan bertan dago Zumargain landa-etxea. 2014ko azaroan zabaldu zituzten ateak, eta oso gustura daude jasotako erantzunarekin. Hala azpimarratu du Ana Maiz arduradunak: “Jende asko dabilkigu, eta oso gustura gaude. Astegunetan, langile jendea etortzen da batik bat; inguruko enpresetara etortzen diren muntatzaileak edota Abiadura Handiko Trena egiteko lanetan ari direnak, esaterako. Asteburuetan, berriz, bikote eta familiak inguratzen zaizkigu gehienbat. Aste Santuan bete-betea izan dugu landa-etxea eta udararako ere eskaera asko ari zaigu iristen. Gustura gaude izandako erantzunarekin. Internet bidez zabaldu dugu etxearen berri eta orain konturatu gara, ahoz ahokoa ere martxan jarria dela. Langileen artean bereziki, batak besteari esan diolako jakin dute gure berri”.
Aurrez, uda garaian etxe osoa alokatu izan zuten, baina eskaintza ezberdina da oraingoa. “Sei gela bikoitz ditu etxeak, bakoitza bere bainugelarekin. Landa-etxea ireki ahal izateko, bestalde, mugikortasun arazoak dituztenentzako gela egokitua jartzea eskatzen ziguten. Premia horri erantzuna emateko, lau pertsonentzako apartamentua ere eskaintzen dugu, guztiz egokituta dagoena”, azaldu du Anak.
Lasaitasuna
Astebukaeran landa-etxera gerturatzen zaizkien bezero gehienak kataluniar, madrildar eta frantziarrak izaten dira. “Lasaitasun bila etortzen dira eta oso gustura joaten dira, horixe topatu dutela esanez. Autoa aparkatzeko nahikoa toki izatea, balkoira atera eta Elizmendiko ikuspegiaz gozatzea..., izugarri estimatzen dute hori guztia”, azaldu du Anak.
Bisitariek, orokorrean, oso garbi izaten dute zer ikusi nahi duten. Anaren esanetan, “Donostia eta Hondarribia aldera joaten dira egun batean; Zarautz eta Bilbo ingurua ikustea ere gustatzen zaie. Bi egun baino gehiagoko egonaldia egiteko asmoa badute, barrualdeko herrietan barrena ibiltzen hasten dira; Tolosa, Ordizia, etab. Horrez gain, harrituta nago ‘Ocho apellidos vascos’ filmak duen eraginarekin. Asko eta askok azaltzen dute filman ikusitako txokoak bisitatzeko gogoa”.
Mendizaleak
Frantziatik etortzen diren bisitariek, helburu bertsua ekartzen dutela azpimarratu du Anak. “Orain arte etorri zaizkigunak, mendirako plana egiten duten jubilatuak izaten dira. Txindoki, Ernio..., mendi ibilaldi luzeak egitera etortzen dira”.
Jende lasaia gerturatu zaio Anari: “Orain arte ez nintzen inoiz ostalaritzan aritu, baina bai jendaurrean lanean. Oso gustuko dut jendearekin tratu zuzena izatea, eta oso jende atsegina etorri denez, pozik ari naiz lanbide berrian”.
Inguruko landa-etxeekin harremana badu Anak: “Aste Santurako, adibidez, tokirik gabe geratu nintzen, eta Asteasuko Saskarate etxera deitu nuen, bezeroak hara bideratzeko modua ba ote zegoen galdetzeko. Asteasun bada beste etxe bat ere, Ugarte. Bi landa-etxeok ibilbide luzea dute dagoeneko, gu hasiberriak gara, eta ikasten ari gara”.
Egonaldi luzeagoak
Bizpahiru egunetarako hurbildu zaie jenderik gehiena orain arte, baina Aste Santuan, egonaldi luzeagoak egin dituzte. “Udako oporretako erretserbak ere egonaldi luzexeagoetarako dira. Urtean zehar bikote asko hurbildu zaigu eta udan, familia giroan etorriko dira gehiago”.
Sukaldea erabiltzeko aukera eskaintzen dute Zumargainen, “asko gustatzen zaie hori bezeroei, langile jendeari gehienbat. Otorduak bertan egin ahal izatea oso erosoa da haientzat. Baldintza bakarra, sukaldea garbi mantentzea da”.
Sei logela eta apartamentua
Logela bikoitzak dira Zumargain etxekoak, tamaina handikoak eta argitsuak. Lau pertsonentzako modukoak dira gela horietako hiru. Beste bi logelatan ohe gehigarri bat jar dezakete, eta azkena, bi pertsonentzako egokia.
Gosari zerbitzua eskaintzen dute Zumargainen eta sukaldearen erabilera librea eta doakoa da bezeroentzat; erabili ondoren, garbitu eta aurkitu duten bezala uztea da jartzen duten baldintza bakarra.
Web orria: www.zumargain.com
Kontakturako telefono zenbakia: 671 334 101