Oinezkoentzako gune zabala du plazak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 15:38

Pello Mari Otaño plazak itxura berria hartu du. Zuhaitzaren ingurua eta Zentro aurreko gunea autoz libratu dute, oinezkoentzako gunea bideratuz.

Zizurkildarren aspaldiko eskaerari erantzunez, Pello Mari Otaño plazan oinezkoentzako gunea sortu du Udalak. “Herriko plaza autoz beteta egoten zen beti eta horrek, egoera arriskutsuak sorrarazten zituen maiz. Konponbidea bilatu nahian, oinezkoentzako gunea sortu berri dugu”, jakinarazi du Joxe Mari Luengo alkateak.
Etorkizunari begira, Pello Mari Otaño plaza berritzeko asmoa agertu du Zizurkilgo Udalak: “Agintaldiaren hasieratik izan dugu plaza eraberritzeko asmoa, baina arrazoi ezberdinak medio, atzeratzen joan zaigu. Batetik, zuhaitzaren egoera kaskarrak erabaki bat hartzera behartu gintuen; adar guztiak kimatu genizkion lehendabizi eta aurrerago, sustraietatik atera beharko dugu. Eta bestetik, Plaza Etxeberriko inguruan egitekoak diren etxebizitza berriek ere baldintzatu dute plazaren eraberritzea. Oraindik epeak zehazteko badaude ere, dagoeneko ziurtatuta dago etxebizitza horiek egingo direla, eta horrekin batera, baita plazaren erabateko eraberritze lanak ere”.

Ohiturak aldatuz
Udaleko kideek ez zuten gehiago luzatu nahi plaza oinezkoentzako gune bihurtzeko prozesua. “Behin behinekoa izango den erabakia hartu genuen; jendea ohitzen joan dadin. Plazaren zati bat mugatu dugu, autoek bertara sartzerik izan ez dezaten. Ezinduek aparkatu ahal izateko gune bat sortu dugu, eta baita zamalanetarako gune bat ere”, azaldu du Joxe Marik.
Zimiterioko sarrera ingurua, gaur egun zuhaitza dagoen zonaldea, eta Zentro aurrea oinezkoentzako gune babestua izango dira aurrerantzean. “Ezinezkoa da plaza osoa oinezkoentzako gune gisa mugatzea, baina modu honetan, autoen eta oinezkoen arteko bizikidetza egokia lortzeko modua izango dugu”.
Plazan sortzen zen beste arazo bati ere konponbidea ematea lortu dute: “Herrira etortzen ziren autobusek zailtasun handiak izaten zituzten; autoak nonahi eta nolanahi aparkatzen zituen jendeak, eta autobusa pasa ezinik geratzen zen askotan. Egindako aldaketei esker, autobusak erraz pasatzen dira plazan barrena, eta buelta emateko tokia ere badute”.
Oinezkoentzako gunea mugatzeko, lorontzi handiak eta harriak jarri dituzte. Hala azaldu du Joxe Marik: “Plaza eraberritzeko behin betiko lanak egindakoan, beheko plazan jartzeko aprobetxatuko ditugu lorontzi horiek. Autoen sarrera oztopatzeko, bestalde, harri handiak ere jarri ditugu”.

Autoa non utzi
Elizaren atzealdeko aparkaleku berria da autoa uzteko tokirik erosoena. Zimiteriorako sarrera egokituta dago, eta pauso gutxira herriko plazara iristeko modua ematen du. Gainerantzean, udaletxe aldera joanda ere badago autoa aparkatzeko aukerarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!