Gaztezulo berria zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 15:36

Apirilaren 7an zabaldu zituen ateak Zizurkilgo Gaztezulo berrituak. Atxulondo Kultur Etxean du egoitza berria, eta Izaskun Sarasola da arduraduna.

Joan zen asteartean zabaldu zituen ateak Zizurkilgo Gaztezulo berriak. Herriko gazteak zain-zain zeuden, eta dagoeneko iritsi da aisialdiko aukera berriaz gozatzeko aukera. Elkartu eta lagun berriak egiteko txokoa da Gaztezulo eta baita ekimen ezberdinak antolatzeko gunea ere. Elkar ezagutu, premiak zehaztu eta erabileraren inguruko arauak adosteko erabiliko dituzte lehen asteak. Aurrerago, ekimen ezberdinak antolatzen hasiko dira.
Izaskun Sarasola zizurkildarra da Zizurkilgo Gaztezuloko arduraduna. Aurrez zabalik egon zen gazteen gunea barru-barrutik ezagutu zuen Izaskunek: “Esperientzia polita izan zen hura, baina helburu ezberdinekin jaio da Gaztezulo berria. Orduko hura, arazo ezberdinak zituzten gazteengana zegoen bideratuta batik bat, gizarte lana zen han egiten genuena, baina herriko gazteen gehiengoa ez zen gerturatzen. Oraingo Gaztezulo, berriz, gazte guztiei aisialdirako zerbitzua emateko asmoz jaio da”.

Taldeka
Bi adin taldetan banatuta bideratuko dute Gaztezuloren erabilera. “Bederatzi eta hamazazpi urte arteko gazteak hartuko ditu Gaztezulok, baina bi taldetan bereizita. Lehen Hezkuntzan dabiltzan gaztetxoek, bederatzi eta hamaika urte bitartekoek, astearte eta ostegun arratsaldetan etorri ahal izango dute, 16:30etatik 19:30etara. DBHko ikasleek, berriz, hamabi eta hamazazpi urte bitartekoek, ostiral eta larunbatean erabiliko dute Gaztezulo; 17:00etatik 20:00etara ostiralean, eta 16:30etatik 19:30etara larunbatean. Modu horretan, adin tarte bakoitzeko gazteek euren gustuko ekintzak egiteko aukera izango dute”.
Helburu nagusi batekin jaio da Gaztezulo berria. Izaskun Sarasolaren esanetan: “Zizurkilgo haur eta nerabe guztiak bertara daitezela nahi dugu, bertan gustura egoteko txoko bat dagoela senti dezatela eta elkar ezagut dezatela. Gazteen arteko adiskidetasun hori landu nahi dugu. Horrez gain, gazteen ekintzailetza lantzeko asmoa ere badugu; har dezatela parte ekimen ezberdinak antolatzen, izan dezatela herrian eta herritarrekin gauzak egiteko gogoa”.

Barne-lana
Martxoaren hasieran hasi zen lanean Izaskun Sarasola. “Barne lanetan murgilduta ibili naiz orain arte. Udaleko kideekin, herriko eragileekin, ikastetxeetako ordezkariekin, guraso elkartekoekin..., bilera ezberdinak egin ditut gazteen premiak zehazten joateko. Hemendik aurrera, Gaztezulo irekita, haiek ezagutu eta eguneroko martxa hartzen joatea izango da helburu nagusia”.
Gaztematika izeneko sarearen barnean dago Zizurkilgo Gaztezulo: “Foru Aldundiak bideratutako ekimena da Gaztematika eta herri txikietako gazte lokalak batzen gaitu. Azken finean, herri txikietako gazte lokaletako arduradunek antzeko oztopo eta arazoak aurkitzen ditugu bidean, eta ondo etortzen da sarean egotea. Aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen digu Gaztematikak. Martxoan, lanean hasi bezain pronto jarri nintzen harremantean Foru Aldundiaren zerbitzuarekin”.

Atxulondon
Egoitza berria izango du gazteentzako guneak. “Gaztezuloren aurreko aroan, Aurrera plazako egoitza erabiltzen genuen, baina oso txikia zen. Atxulondo Kultur Etxeko etxabean izango dugu orain gure egoitza. Garai batean jubilatuek erabiltzen zuten lokal hau. Egoitza berrira pasa ziren haiek, eta gazteei bideratuko zaie aurrerantzean Atxulondokoa. Oso lokal egokia da Gaztezulorako; alaia eta argitsua, herriaren erdigunean bertan”.
Aisialdirako aukera ezberdinak dituzte gaztetxoek euren txokoan. “Mahai-tenisean aritzeko mahaia jarrita dago, eta baita ordenagailuak ere. Telebista ere badugu, ordenagailuekin sarean dago gainera. Horrez gain, kontu kontari eta lasai egoteko eserleku erosoak ere badaude Gaztezulon. Gazteekin beraiekin adostu beharko dugu azpiegitura horien erabilera; ordenagailuak erabiltzeko txandak, mahai-tenisean aritzekoak, etab”, azaldu du zerbitzuaren arduradunak. Etorkizunari begira, gazteekin batera antolatzeko hainbat ekimen darabil buruan Izaskunek. “Villabonako Katea etxeako arduradunekin bildu naiz, eta ekintza ezberdinak elkarlanean antolatzeko asmoa dugu. Era berean, garai batean futbol txapelketa arrakastatsua antolatzen genuen. Gazteek oso gustura hartzen zuten eta ilusioz prestatzen zuten; kamisetak ere ateratzen zituzten. Ekimen hura berreskuratu nahi nuke baina, lehendabizi, Gaztezulo martxan jarriko dugu”.

Ordutegia
9 eta 11 urte arteko gazteak
Asteartea eta osteguna, 16:30-19:30
12 eta 17 urte arteko gazteak
Ostirala, 17:00-20:00
Larunbata, 16:30-19:30
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!