Bost minutuko txanda bakarrean, 155 kiloko harri errektangular zaharrari altxadi gehien ematen dizkion harri-jasotzailea izango da aurtengo garailea. Hamar harri-jasotzaile dago erronka honetarako izena emanda; Aimar Irigoien, Urtzi Telleria, Josetxo Urrutia, Jokin Eizmendi, Izeta III, Aimar Galarraga, Urpe, Jon Ander Maiza, Iban Ugartemendia eta Sebastian Martikorena. Iñaki Gorostidi da jaialdiaren antolatzaileetakoa eta berak garbi du zein den garaipena lortzeko faborito nagusia: “Aimar Irigoien besteen gainetik dabil, eta gauzak ondo, berak lortuko du garaipena. Hala ere, baliteke beste norbaitek ezustekoren bat ematea. Hasiberria den jendea ere izango dugu, eta ikusteko dago zenbateko lana egiteko gai diren. Esaterako, Iparraldeko Sebastian Martikorena harri-jasotzailea, Adunara etorriko den lehen aldia da. Ea guztien artean ikuskizun polita ematen duten”.
Ordu eta erdi inguruko jaialdia izango da apirilaren 19koa. “Arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta harri-jasotzaile bakoitzak bost minutuko txanda egingo duenez, ordubetetik gorako saioa izango da. Hori bukatuta, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez altxatzeko erronka botako diegu. Orain artean ez du inork jasotzerik izan, eta ez dakigu aurten norbaitek saiakera egingo duen edo ez”, azaldu du Iñakik.
Ekitaldi sendoa
185 kiloko zilindro zaharra da Adunako jaialdiari izena ematen diona. Hala azpimarratu du Iñaki Gorostidik: “1982an, bi altxaldi eman nizkion esku bakarrez. Marka hori berdintzeko erronkaren inguruan sortu zen Gorostidi Harria jaialdia, eta dagoeneko bederatzigarrena izango da aurtengoa. Urtetik urtera sendotzen joan den ekitaldia da, eta zaletu asko erakartzen du”.
Doakoa izaten da jaialdirako sarrera. “Adunako Muxkil elkarteak egiten ditu antolaketa lanak, eta borondatea eskatzen diegu bertaratzen direnei, gastuei aurre egiteko modua izateko”. Maiatza amaiera aldera egin izan dute harri-jasotze jaialdia azken urteotan. Aurten, Iñaki Gorostidik azaldu duenez, apirilean izango da: “Apirila bukaeran egiten genuen lehen edizioetan. Aurrerago, ordea, arrazoi ezberdinak medio, maiatzera atzeratu genuen. Aurten, berriz ere apirilean antolatzeko erabakia hartu dugu, eta datozen urteetan ere hala mantentzeko asmoa dugu”.
33 urteko marka
Marka ikusgarria jarri zuen Iñaki Gorostidi harri-jasotzaileak 1982an, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Berak ez zuen 77 kilo besterik pisatzen eta hala ere, 208 kiloko zilindro zaharrari bi eskuz bi altxaldi eman ondoren, 185 kiloko zilindro zaharra menderatu zuen esku bakarrez. Bi altxaldi eman zizkion hari ere. Orain arte, inork ez du berdintzerik izan Iñakik ezarritako marka hura.
Apirilak 19, igandea
18:00, Adunako pilotalekua
Sarrera: Borondatea.
Erronkak: 155 kiloko harri errektangular zaharrari ahalik eta altxaldi gehien ematea, bost minutuko txanda bakarrean.
185 kiloko zilindro zaharra altxatzea, esku bakarrez.