2014ko maiatzean egin zuten sistema berriaren lehen balorazioa. Josu Amilibia alkateak eman ditu datu nagusiak: “Sistema berria ezarri aurretik, hondakin guztien %25a baino ez genuen sailkatzen. 2014ko datuek erakutsi zutenez, %83ra igo da kopuru hori. Gainera, azpimarratu beharra dago hondakin organiko guztia herrian bertan kudeatzea oso garrantzitsua dela; garraio gastuak eta kudeaketakoak aurrezten ditugu”.
Errefusaren azterketa
Beste datu garrantzitsua bat aztertu dute orain. “Tolosaldeko Mankomunitateak errefusaren azterketa egin du, herri txikietan. Errefusa gisa bildutako guztia aztertu dute; ontzi horietan jendeak zer botatzen duen jakiteko. Adunan lortutako datuak oso onak dira. Adunarrek errefusaren ontzira botatako hondakinen %82, modu egokian sailkatuta zegoen. Gainerako %18aren artean denetarik zegoen; papera, beira, ontzi arinak... Tolosaldeako herrien artean, daturik onena izatea lortu dugu eta gustura gaude”.
Bilketa sisteman aurkitzen du Josuk emaitza on horren arrazoi nagusia: “Errefusaren ontziak kalean irekita utziz gero, jendeak denetarik botatzeko aukera gehiago dauka, eta datuak okertu egiten dira. Gure kasuan, atez ate biltzen dugu errefusa, astelehenero. Horrek, gauzak hobeto egiten lagun du”.
Gustura dago Josu jasotako emaitzekin: “Herritarrak ondo ari dira, eta sistema egonkortuta dago dagoeneko. Hondakinak uzteko jarri genituen etxoletako bi erre zizkiguten, baina dagoeneko martxan daude berriak, eta ondo ari gara. Etorkizunean, ahal dugun neurrian, sistema fintzen jarraitu behar dugu”.
2014ko azaroan egin zuten errefusaren azterketa. “Hamabostaldi batean bildutako errefusa aztertu dute. Poltsa guztiak ireki eta hondakin guztiak banatu zituzten, zer zegoen jakiteko. Pardelek eta konpresek hartu zuten errefusaren zatirik handiena, ia %52. Bestelako errefusaz osatua zegoen bildutakoaren %30a, eta aurrez esan bezala, %18a besterik ez zen gaizki sailkatutakoa”, azaldu du Josuk.
Datu bidez
2014ko maiatzeko azterketaren ondorioak:
- Hondakinen %83, birziklatzeko sailkatuta.
- Hondakinen %17, errefusa.
2014ko azaroko azterketaren ondorioak:
- Hondakin guztien %17a da errefusa. Horietatik, %82 egoki sailkatuta dago.
- Errefusaren %18 ez dago egoki ontzi horretan. Horietatik:
- %7 Konpostagarria.
- %1 Beira.
- %4,5 Papera eta kartoia.
- %5 Ontzi arinak.