Alergia: gehiegizko erreakzio multzoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 10:05

Udaberria iristearekin batera sarritan entzuten da alergia hitza. Idoia Goikoetxea Xixori belar-dendako kideak hainbat argibide eman du.

Alergiak udaberriarekin lotura zuzenik ba al du?
Alergia gehiegizko erreakzio multzo bat da. Gorputzean gai arrotzen bat sartzen denean, –hautsa, polena, akaroak…–, pertsona batzuei kalte egiten die eta sistema defentsiboak, haien aurrean hainbat erreakzio sintoma jartzen du martxan, erantzuna emanez.
Berez, gai edo elementu naturalei inork alergiarik eduki behar ez liekela pentsatu arren, gero eta gehiago entzuten dira antzeko kasuak, umetatik hasita gainera. Inmunologia sistemak aztoratu samar daude. Nik uste eragin handia duela egun produktu kimiko eta zikinkeria askoren inguruan bizitzeak. Ondorioz, gorputzak sarritan arrarotzat hartzen ditu hain arraro ez diren elementuak ere. Egungo gizartean geroz eta alergia kasu gehiago antzematen da eta udaberrian are eta gehiago indartzen dira, hautsa edo polenaren ondorioz nagusiki. Baina alergiak ez dira udaberrian soilik izaten, urte guztian zehar sor daitezke.

Zein alergia mota nabarmenduko zenuke?
Oso era ezberdinetako alergiak daude eta sintomak ere arinak edota oso arriskutsuak izan daitezke; kasu larrienetan, heriotza sortzerainokoak, shock egoeren ondorioz. Ohikoenak hautsari, polenari edo akaroei lotuta sortutakoak dira, baina azken urteotan izugarri indartzen ari dira janariekiko alergiak ere. Askotan, ordea, nahastu egiten dira alergia eta janariekiko intolerantzia kasuak. Bada, aldea oso nabaria da: alergiak sistema inmunologikoarekin du lotura eta intolerantziak ez, intolerantzia norberaren gorputzak jaki zehatz bat ez onartzea baita, izan glutena edo beste hainbat elikagai. Egun intolerantzia edo alergiak bereizteko probak egiten dira, gorputzak histaminak sortzen dituen edo ez ikusiz.

Zer diozu alergiek sortutako sintomen inguruan?
Guk ezagutzen ditugun alergien sintomak, oro har, mukositatea, inflamazioa, doministikua, azkurea edo gorritasuna izaten dira.
Gure sistema defentsiboak, alergeno edo gai arrotz horiek ahal den bezala gorputzetik atera egin behar ditu. Horretarako, birus edo bakteriaren bat hartzen dugunean horien aurka mukia sortzen den bezala, erreakzio ezberdinak ditu gorputzak.

Zein aholku ematen diezue alergiaz kexatuta belar-dendara gerturatzen zaizkizuen bezeroei?
Gure aldetik, pertsonen sistema inmunologikoak belar eta lore ezberdinen laguntzarekin indartzen saiatzen gara. Udaberriari begira alergia izaten duenarentzat, echinacea, propoleoa edota C bitamina hartzea gomendatzen dugu, sistema aktibatzen laguntzen dutelako. Gainerakoan alergiaren aurrean bi aukera leudeke: artifiziala edo naturala. Medikuarengana joanez gero antiestaminikoak igorriko dituzte sintomei aurre egiteko. Guk belarrekin eginikoak eskaintzen ditugu: quercitina bereziki.

Alergia kasuak, gora
Egun, gero eta alergia kasu gehiago sumatzen dela aitortu du Idoiak, dendara gero eta jende gehiago gerturatzen dela alergiari irtenbidea bilatu asmoz. Bere aldetik, argi du Idoiak, “nire ustez, kanpo informazio gehiegi ematen diogu gorputzari, nahasmena sortuz. Elikagaiak zaintzen saiatu arren ere, egun ez da erraza antzeko kasuak saihestea”. Alergiek erremediorik ba ote duten galdetuta, “alergia batzuk boladakoak izaten dira, umetan agertu eta denborarekin desagertu egiten direnak. Beste batzuk gehiago luzatzen dira. Kasu bakoitza ezberdina da, prozesu bat izaten baita”, erantzun du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!