Atzo zabaldu zuten Gaztezulo berritua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 8a, 13:22

Gaztetxo ugari hurbiildu zen atzoko irekiera ekitaldira. Egoitza berria ikusi, lagun berriak ezagutu, eta Izaskun Sarasola arduradunarekin hitz egiteko aprobetxatu zuten gazteek atzoko ekitaldia. Askari goxoa jan ondoren, kanpora irten ziren jolas ezberdinak eginez elkar ezagutzeko. Ia bi urte ziren aurreko Gaztezulok ateak itxi zituela. Indarberrituta iritsi da berria, gazteei elkarrekin egoteko txokoa eskaini asmoz. Jarraian, Izaskun Sarasola arduradunak ekimenaren inguruan egindako hitzak:

Argazkiak | Bideoa

Apirilaren 7an zabaldu zituen ateak Zizurkilgo Gaztezulo berriak. Herriko gazteak zain-zain zeuden, eta dagoeneko iritsi da aisialdiko aukera berriaz gozatzeko aukera. Elkartu eta lagun berriak egiteko txokoa da Gaztezuloa eta baita ekimen ezberdinak antolatzeko gunea ere. Elkar ezagutu, premiak zehaztu eta erabileraren inguruko arauak adosteko erabiliko dituzte lehen asteak. Aurrerago, ekimen ezberdinak antolatzen hasiko dira.

 

Izaskun Sarasola zizurkildarra da Zizurkilgo Gaztezuloko arduraduna. Aurrez zabalik egon zen Gaztezuloa barru-barrutik ezagutu zuen Izaskunek: “Esperientzia polita izan zen hura, baina helburu ezberdinekin jaio da Gaztezulo berria. Orduko hura, arazo ezberdinak zituzten gazteengana zegoen gehiago bideratuta, gizarte lana zen han egiten genuena, baina herriko gazteen gehiengoa ez zen gerturatzen. Oraingo Gaztezuloa berriz, gazte guztiei aisialdirako zerbitzua emateko asmoz jaio da”.

 

Taldeka

Bi adin taldetan banatuta bideratuko dute Gaztezuloaren erabilera. “Bederatzi eta hamazazpi urte arteko gazteak hartuko ditu Gaztezuloak, baina bi taldetan bereizita. Lehen Hezkuntzan dabiltzan gaztetxoek, bederatzi eta hamaika urte bitartekoek, astearte eta ostegun arratsaldetan etorri ahal izango dute, 16:30etatik 19:30etara. DBHko ikasleek berriz, hamabi eta hamazazpi urte bitartekoek, ostiral eta larunbatean erabiliko dute Gaztezuloa; 17:00etatik 20:00etara ostiralean, eta 16:30etatik 19:30etara larunbatean. Modu horretan, adin tarte bakoitzeko gazteek euren gustuko ekintzak egiteko aukera izango dute”.

 

Helburu nagusi batekin jaio da Gaztezulo berria. Izaskun Sarasolak eman du horren berri: “Zizurkilgo haur eta nerabe guztiak bertaratu daitezela nahi dugu, bertan gustura egoteko txoko bat dagoela senti dezatela eta elkar ezagutu dezatela. Gazteen arteko adiskidetasun hori landu nahi dugu. Horrez gain, gazteen ekintzailetza lantzeko asmoa ere badugu; har dezatela parte ekimen ezberdinak antolatzen, izan dezatela herrian eta herritarrekin gauzak egiteko gogoa”.

 

Barne-lana

Martxoa hasieran hasi zen lanean Izaskun Sarasola. “Barne lanetan murgilduta ibili naiz orain arte. Udaleko kideekin, herriko eragileekin, ikastetxeetako ordezkariekin, guraso elkartekoekin..., bilera ezberdinak egin ditut gazteen premiak zehazten joateko. Hemendik aurrera, Gaztezuloa irekita, haiek ezagutu eta eguneroko martxa hartzen joatea izango da helburu nagusia”.

Gaztematika izeneko sarearen barnean dago Zizurkilgo Gaztezuloa: “Foru Aldundiak bideratutako ekimena da Gaztematika eta herri txikietako gazte lokalak batzen gaitu. Azken finean, herri txikietako gazte lokaletako arduradunek antzeko oztopo eta arazoak aurkitzen ditugu bidean, eta ondo etortzen da sarean egotea. Aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen digu Gaztematikak. Martxoan, lanean hasi bezain pronto jarri nintzen harremantean Foru Aldundiaren zerbitzuarekin”.

 

Atxulondon

Egoitza berria izango du Gaztezulok. “Gaztezuloaren aurreko aroan, Aurrera plazako egoitza erabiltzen genuen, baina oso txikia zen. Atxulondo Kultur etxeko etxabean izango dugu orain gure egoitza. Garai batean jubilatuek erabiltzen zuten lokal hau. Egoitza berrira pasa ziren haiek, eta Gaztezuloak erabiliko du, aurrerantzean, Atxulondokoa. Oso lokal egokia da Gaztezulorako; alaia eta argitsua, herriaren erdigunean bertan”.

Aisialdirako aukera ezberdinak dituzte gaztetxoek euren txokoan. “Mahai-tenisean aritzeko mahaia jarrita dago, eta baita ordenagailuak ere. Telebista ere badugu, ordenagailuekin sarean dago gainera. Horrez gain, kontu kontari eta lasai egoteko eserleku erosoak ere badaude Gaztezulon. Gazteekin beraiekin adostu beharko dugu azpiegitura horien erabilera; ordenagailuak erabiltzeko txandak, mahai-tenisean aritzekoak, etab”, azaldu du Izaskunek.

 

Etorkizunari begira, gazteekin batera antolatzeko hainbat ekimen darabil buruan Izaskunek. “Villabonako Katea etxeako arduradunekin bildu naiz, eta ekintza ezberdinak elkarlanean antolatzeko asmoa dugu. Horrez gain, garai batean futbol txapelketa arrakastatsua antolatzen genuen. Gazteek oso gustura hartzen zuten eta ilusioz prestatzen zuten; kamisetak ere ateratzen zituzten. Ekimen hura berreskuratu nahi nuke baina, lehendabizi, Gaztezuloa martxan jarriko dugu”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!