Emaitza borobilak, hondakinak sailkatu eta birziklatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 8a, 13:17

Asteasuko Udal webgunean, herritarrei zuzendutako oharra kaleratu dute hondakinak sailkatu eta birziklatzen egiten ari diren lanagatik zorionak eman eta bide berean jarraitzeko gomendioa luzatuz eta oraindik birziklatzearen aldeko apustua egin ez dutenak bide hori hartzera gonbidatuz. Herritarrei informazioa eskaini eta behar dutenean laguntzeko teknikaria jarri dutela ere jakinarazi dute.

Lehenik eta behin zoriondu nahi zaituztegu hondakinen sailkatzean eta birziklatzean egiten ari zareten lanagatik, eta denon artean lortzen ari garen emaitzengatik. Azken hilabetetan egindako aldaketei esker, eta nola ez, modu egokian hondakinak sailkatzen eta birziklatzen ari zareten herritar guztiei esker, hondakinen bilketetan emaitzak hobetzen ari gara. Azkeneko urtetan gai organikoak herrian bertan kudeatzeko ahalegin handia egin da, organikoa gure hondakinen erdia inguru baita. Mankomunitatearen laguntzarekin zenbait konpostaje-kanpaina garatu dira, eta orain dela urtebete inguru jartzen hasi ginen egun martxan dauden auzokonpostak. Egun, asteasuar guztiek duzue sortzen duzuen organikoa etxetik hurbil kudeatzeko aukera.

Baina gainontzeko gaiekin ere lan egin nahi izan dugu. Hondakinak biltzeko ekarpen-guneak, edo kontenedore multzoak aztertu eta gero, osatu eta kopurua txikitu egin zen. Baita lurpean zeuden kontenedoreak gainazalera atera ere. Modu honetan, zabor-bilketako zerbitzua merketu da eta aukera integrala eskaini nahi izan zaio herritarrari, leku bakar batean gai guztiak birziklatzeko aukera emanez. Hau da, ekarpen guneetan kolore guztietako edukiontziak jarri dira, nahiz eta kasu batzuetan etxetik urrunxeago egon.

Ondoren, errefusean zentratu izan dira ahaleginak, eta horretarako, uztailean, landa eremuko errefusaren kontenedore handiak edukiontzi gris txikiengatik aldatu ziren. Azken hilabetean, edukiontzi txikiei giltza jarri zaie eta herriguneko edukiontzi handien tapa itxi da, aho txikiagoei lekua utziz. Azkeneko aldaketa hauei buruz informatzeko, eta hondakinen inguruko sentsibilizazioan eta hezkuntzan laguntzeko, teknikari bat jarri da herritarren eskura. Ondorioz, asko hobetu da Asteasun hondakinen inguruko egoera. Duela urtebete errefusa ontziak astean hiru aldez biltzetik gaur egun astean behin biltzera pasatu gara, eta aldiz, gai birziklagarrien bilketa handitu egin da. Konpostagailuak eta auzokonposten erabilera handitu egin da, eta berehala izango duzue zuen esku, Asteasun auzokonpostean egindako lehenengo konposta.

Hala ere, txanponak beste aldea ere badu. Oraindik ere batere birziklatzen ez duen jendea badago Asteasun, eta haien zabor poltsak errefusaren kontenedoretan dauden ahoentzako handiegiak direnez, egunero-egunero, kontenedore alboetan uzten dituzte. Herriko langileek egunero ekarpen-guneak txukuntzen badituzte ere, irudi penagarria ematen du horrek. Egoera hau ekiditeko soluzio egokiena aztertzen ari da udala teknikari eta mankomunitatearekin batera.

Azkenik, gogoratu, hondakinei buruzko edozein informazio nahi baduzue, udaletxean teknikari bat duzuela zuen dudak eta zalantzak argitzeko, eta kexak eta iradokizunak jasotzeko. Oraindik ez bazarete organikoa bereizten hasi ere, berak lagunduko dizue!

Berriz ere, zorionak guztiei eta mesedez, segi birziklatzen. Hondakinak birziklatzea ez da aukera bat, ezinbestekoa da gure ongizaterako!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!