Etxeko uraren, kalitatearen aldeko apustua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 7a, 16:18

Joan zen martxoaren 31n, Etxeko Ura kanpaina aurkeztu zuten Tolosan. Dagoeneko hainbat lurralde eta hirietan ostalaritzan iturriko ura eskaintzea oso ohitura normalizatua da. Euskal Herrian berriz, ez dago horren zabaldua:

Horregatik, Kutxa Ekoguneak eta Tolosaldeko Mankomunitateak Etxeko  Ura kanpaina abian jarri dute Tolosaldeko iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz. Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.

Etxeko Ura ekimenaren asmoa Gipuzkoako iturriko uraren kontsumo kultura berri bat zabaltzea da eta horretarako, datozen asteetan beirazko ur pitxar berrerabilgarriak banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean.

Honela, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitatea eskainiko dute baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpaina irauten duen denbora tartetik harago.

Abaltzizketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Amasa, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Bedaio, Belauntza, Berastegi, Bidegoian, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkileko udalek eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzen ari duten eskualdeko establezimenduei, eta herritarrak eta bertako familiak animatu nahi dituzte taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera, bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko, norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoak baitira.

Ekotrivialekin jolasean

Modu atseginez sentsibilizatzeko helburuz, Gipuzkoako jatetxeetan banatutako ur pitxarren erabilerari esker gainera, jolastu eta kontsumo jasangarriaren inguruan ikasteko aukera emango duen elementua izango da.

Ekotrivial pitxarraren atzeko aldean kokatutako telefono mugikorrentzako QR kode baten bidez deskargatu daitekeen galdera-erantzun jolasa da. Iturriko uraren kontsumoaren inguruko informazio erabilgarria eskaintzeaz gain, lehenengo plateraren zain egotea atseginagoa izatea lortuko du.

Etxeko Ura kanpaina zenbakitan

Etxeko Ura ekimenaren lehenengo fasea duela bi urte abian jarri zen eta, oro har, kanpainak oso harrera ona izan du ostalarien artean. Guztira, 360 jatetxek eta tabernek bat egin dute Etxeko Ura kanpainarekin. Nahiz eta kanpaina aste honetan martxan jarriko dugun, Tolosaldean dagoeneko 40 establezimenduetan Etxeko Ura eskeintzen da eta espero da datozen hilabeetan atxikimenduak areagotzea.

Etxeko Ura kanpainari esker, plastikozko 62.000 botila aurrezten ari dira hilean.

Behin kanpaina abian jarrita, bezeroek jatetxeetako mahai gainean beirazko ur pitxarra topatuko dute, Gipuzkoako uraren kalitatea bikaina dela gogoraraziz eta iturriko litro bat ur eskatzera animatuz. Ura kontsumitzeko ohitura aldaketa honen ondorioz, bezeroek etxetik kanpo ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoa barneratuko dute.

Zure establezimenduan etxeko ura eskaini nahi?

Ostalaria bazara eta zure establezimenduak Etxeko Ura ekimenarekin bat egitea nahi baduzu, zure atxikimendua adierazi dezakezu www.ekogunea.net webgunean.

Zure establezimenduak Etxeko Ura kanpainarekin bat egiten duela adieraziko duten beharrezko eus­karriak eskainiko zaizkizu, eta modu honetan, ingurumenarekiko ardura azaltzeaz gain, zure eskualdeko uren kalitatea balioan jartzen lagunduko duzu.

Informazio gehiago: www.ekogunea.net

Kutxa Ekoguneak eskualdean dituen beste hainbat proiektu

Baratze parke sarea

Kutxa Ekogunean elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuaz, Baratze Parkea Sarea egitasmoa abian jarri dugu Gipuzkoako hainbat eskualde eta udalerritan. Baratze Parkeak lursail bat eskuratzeko aukera eskaintzen dio herritarrari, norberaren barazkiak autokontsumorako era ekologikoan ekoizteko helburuarekin. 2012an proiektua hasi zenetik, 9 Baratze Parke ditugu jada, Alegia eta Tolosa barne. Eta sarea zabaltzen doa, Anoeta eta Zumaia izango baitira Baratze Parkeak izango dituzte hurrengo bi herriak.

Ontziratu zaitez!

Ontziratu Zaitez! ekimenak arraina, haragia eta hestebeteak erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu du azken urteotan Gipuzkoa osoan. Izan ere, produktu hauek erosten ditugunean paperean biltzeaz gain plastikozko poltsa bat edo bitan sartzen ditugu ondoren. Alternatiba gisara,  Gipuzkoako 40 udalerritan 70.000 ontzi edo tuper banatu ditugu “Ontziratu zaitez!” lemapean eta kanpaina hau abian den herri eta eskualdeetan, jendearen ohiturak aldatzen ari dira:

ü  27.000 erosketa hilero ontzi bitartez

ü  150 kg paper gutxiago hilean

ü  16.000 plastikozko poltsen aurrezpena hilean

Dagoeneko 200 arrandegi eta harategi baino gehiagok egin dute bat Ontziratu zaitez! kanpainarekin. Tartean, Aduna, Hernialde, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen egin da, bertako udal eta herritarrekin elkarlanean.

Azaroan jarri zen martxan kanpaina eta ia 4500 tupper eraman ziren Tolosaldeara. Ordutik otsailaren 31ra bitartean, 21.300 aldiz erabili dira tupperrak Kanpainan parte hartzen duten arrandegietan. Arraidegiak alderatuz, hainbat dendarik baloratzen du erabiltzaileak batez ere bezero fijoak izaten direla, beti berdinak, kontzientzia handikoak eta konstanteak.

Dendari batek esaten du sistema ondo dagoela, “nahi duenak erabili egiten du”. Agian hori da orain arte kanpaina honen lorpen nagusia: erosketa tupperrarekin egin nahi duenarentzat bidea ireki, aukera hori zabaldu eta normalizatu.

Horregitik, batetik eskerrak eman nahi dizkiegu erabiltzaileei eta bestetik Tolosaldeako herritarrei berriz ere deialdia luzatu eta tuperra erabiltzeko animatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!