Nora Urbizu zinegotziak webgune berria herriarentzat nahiz Gipuzkoarentzat izugarrizko ekarpena dela nabarmendu du, "oso tresna baliagarria da eta herritarrak gunea saltseatzera gonbidatu nahiko nituzke", esanaz.
Aritza kultur elkarteko Esti Amenabarrok, bere aldetik, lau urte luze hauetan jaso duten informazio guztia herritarren eskura jarri nahi izan dutela azaldu du. Paperezko edizioaz gain, teknologia berrietan ere pausoa emanez. "Orain arten memoria historikoarekin lotutako gaiek teknologia berrietan euskarri handirik izan ez badute ere, apustua egin nahi izan dugu herritarrei nola gaiarekiko interesa daukan edozeini aukera emanez". Aritza kultur elkarteko kideek ez dute webgunearekin lana amaitutzat eman. "Aurrera begira ere lanean jarraituko dugu, gaur egunera bitarteko historia garaikidearen informazio ez ofizial guztia jasotzea baita gure helburua".
Zitu informatika enpresako Ainhoa Esnaolak, herritarrei informazio guztia modu errazean bilatzeko ahalegina egin dutela jakinarazi du eta baita Aritza kultur elkarteko kideei dokumentazioa kudeatzeko bidea eman ere.