Aldaketak Santa Krutz jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 26a, 14:45

Berrikuntza nabarmenekin datoz aurtengo Santa Kruz jaiak. Koadrilen eguna apirileko azken larunbatean ospatuko da; jaiak maiatzeko lehenengo asteburuan. Aurtengo asmoen berri emateko Jai Batzordeak festazaleak eta bereziki herriko koadrilak ostegun honetan egingo den bilerara deitu dituzte. Urigain kultur etxean ipini dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Hiru eguneko jaiak iragarri dituzte, maiatzaren 1etik 3ra bitarte. Eta deigarriena koadrilen eguna aurreko asteburuan ospatuko dela izango da, apirilaren 25ean hain zuzen. Jai Batzordeko kideak dagoeneko lanez gainezka daude, eta xehetasun gehiago eskaini dizkiote Aiurri astekariari. Besteak beste, aurten pregoia Kale Nagusiko dendarien eskutik etorriko dela. Kaleari bizitza emateko orduan ezinbesteko direla iritzi dute.

Koadrilen eguna aste bat aurreratzea erabaki du Jai Batzordeak. Bi arrazoi nagusi dituzte. Olatz Esnalen esanetan: "Batetik, ikusi dugu bazkari aurreko herri kiroletan eta poteoan, urtez urte, parte hartzea jaisten ari zela. Iruditzen zaigu egun hori jaien barruan txertatuta egonik, bezperako parrandak eta abarrek eragiten dutela beherakada horretan. Astebete aurreratuz, koadrilak goizetik indarrez etorriko direla pentsatzen dugu. Bestalde, aurtengo jaiak hiru egunera murriztu direnez, eta egitaraua estutu behar izan denez, ez zegoen tarterik kuadrilen eguna osorik sartzeko".
Bazkariaren aurreko giroa berotzeko herri kirolak antolatuko dituzte berriz ere. Aldaketekin, hori bai: finalak bazkariaren ondoren egingo dira. Bazkaria, berriz, Zumea plazan egitea espero dute, Eneko San Josek irribarrea ezpainetan duela adierazi duenez: "Ea eguraldiak laguntzen digun, ze azken urteetan Ondarretako jolastoki estalian egin behar izan dugu". Egun handi horri begira, Zubiaurreko parean eszenategi txiki bat eta txosna jarriko dituzte.

Pregoia, dendarien eskutik
Kale Nagusian dendari izan diren edota izaten jarraitzen duten pertsonen eskutik helduko da aurtengo pregoia. "Kale Nagusiko inguruari bizitasuna eman diote betidanik, eta horiek ere bere aitormena eta jaietan tokia merezi dute". Pregoiaren ekitaldia girotzeko asmoz, hiru zutabe irtengo dira beste hainbeste lekuetatik: Basterotik txaranga, Zumeatarra elkartetik danborrada eta Zumea Plazatik konpartsa. Denek ere, Zubiaurreko etxean egingo dute topo, pregoiari hasiera emateko. 

Jaialdi handia Basteron
Hamaika urte dira, etengabe, Kamioi Baby Band taldea Santakrutzetako jaietan parte hartzen hasi zenetik. Kideek modu berezian ospatu nahi dute 2015a. Horretarako, Basteroko auditorioan musika eta dantza jaialdia eskaintzeko asmoa dute. Hilabeteak daramatzate entseguetan murgilduta, ikuskizuna prestatzen.   
Aurten, bestalde, herri lasterketarekin batera, estraineko aldiz, patinaia lasterketa antolatuko dute. Geroz eta gehiago dira kirol horretan dabiltzanak; proba modukoa izango da aurtengoa.

Elegante eguna, igandean
Haur eta gazteen eguna larunbatekoa izango da. Pailazoak, antzerkia, puzgarriak, bizikleta jaia..., ekitaldiak ez dira faltako. Jaien azken egunean Elegante eguna ospatuko dute. Kepa Sarasolak adierazi duenez: "Indartzen joan da orain bi urte sortu zenetik, eta erronkatzat hartu dugu aurtengoa; izan ere, bat egingo du sagardo egunarekin. Arriskua hartzea izan liteke, baina jendeak harrera ona egin izan dio orain arte, eta beraz arrakastatsu izaten jarraituko duela iruditzen zaigu".

Belaunaldi berria jai batzordean
Albiste pozgarria eman du Santa Krutz jaien Batzordeak azken bizpahiru urteetan: gazte jendea prest agertu da antolaketan aritzeko, poliki-poliki urte mordoan lanean jardun dutenei atseden emanez.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!