Eskola Kirola kudeatzeko hitzarmena sinatu dute Urnietako Udalak eta ikastetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 25a, 13:37

2014-2015 ikasturteko Eskola Kirolaren programa kudeatzeko egituren garapenerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Urnietako Udalak eta ikastetxeetako ordezkariek. Bertan izan dira Presentacion de Maria ikastetxeko Martin Iztueta, Egape ikastolako Itxaso Gomez eta Edurne Arcelus, Aballarri Guraso Elkarteko Olatz Iturzaeta eta Mikel Pagola alkatea eta David Rosco zinegotzia.

Kirol ezberdinak praktikatzeko eta kirol ohiturak bultzatzeko aukera eskaintzen die programa honek herriko ikasleei. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila bitarteko haurrek hartzen dute parte; guztira, 180 ikaslek.

Herri mailako heziketa proiektu bat garatzea da Eskola Kirolaren helburua. Hala, talde jolasa, adiskidetasuna, joko garbia eta areriorekiko errespetua transmtitu nahi ditu. Gainera, kirolaren bidez adingabeen garapena ere bideratu nahi du. Hitzarmenak dioenez, estereotipo eta roletatik at, berdintasun baldintzetan, bizimodu osasungarria eramateko kirol praktikak sustatzen dira.

2014-2015 ikasturtean, urritik aurrera izango dute Eskola Kirolean aritzeko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!